Altsasuko gazteei ezarritako zigorrak salatu dituzte

Tolosaldeko Ataria 2018ko eka. 1a, 19:39

Tolosako Gazte Asanbladak deituta elkarretaratzea egin dute dozenaka pertsonek Trianguloa plazan. Altsasuko gazteei ezarri dizkieten zigorrak "astakeria" dela azaldu dute Tolosako Gazte Asanbladatik.

Altsasuko gazteen auziarekin gertatu dena ez dela kasu isolatu bat azaldu du Tolosako Gazte Asanbladak. "Estatu burges batek bere aparatu poliziala eta judiziala erabiltzen du gazteei zapaltzeko", adierazi dute. "Ez gara iritsi garai batera non gizartea demokratizatu den eta oraindik klaseen arteko banaketa dago, burgesen eta langilegoaren artekoa. Burgesiak boterea du, ikusi den bezala auzi honetan, nahi duena egiteko, eta hori lotsagarria da".

"Horrelako egoeren aurrean", Tolosako Gazte Asanbladatik azaldu dute "beharrezkoa dela egunerokoan antolatzea, honi aurre egiteko ahalmena sortzeko". Eta horretarako "zapalduon interes propioei erantzungo dien erakundeak eraikitzen hastea" dela bidea gaineratu dute.

Bestalde, elkartasuna adierazi diete ere Iruñeko gertakarien ondoren zigortuak izan diren lau gazteri, hiru Oreretakoak eta bat Beasaingoa. "Zigorraren aldetik ez da Altsasukoen bezain larria, baina azkenean txapel berdinaren barruan epaitu dituzte", esan dute.

Horrez gain, Tolosako Gazte Asanbladatik salatu dute gaur arratsaldean Tolosako Alde Zaharrean duten Kaleko Eskolan ertzainak sartu direla. "Gure bilerak eta gure lan soziala egiten ari ginen, eta sei ertzain sartu dira barrura, oso modu oldarkorrean, eta identifikatu egin gaituzte. Horrelako gauzak gertatuko dira klaseen arteko banaketa bere horretan mantentzen den bitartean".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!