Tabako kerik gabeko egunean, sentsibilizazioa gazteenengan bideratuta

Ataria 2018ko maiatzaren 31

Nerabeen prebentzio mahaiak sustatuta eta erakunde publiko ezberdinen lankidetzarekin gazteenei zuzendurik hainbat ekintza izan dira Tolosan, Tabako Kerik Gabeko Nazioarteko Egunean. Tartean izan dira Marse magoaren ikuskizuna, Tabakoa eta Kanabisa erakusketa, @zergatikezerreargazki lehiaketako argazkiak eta erretzaieeu zuzenduriko osasun mahaia.

Gaurkoa, hala ere, hilabete osoko lanketaren emaitza izan da. Ikastetxeetan bertan kontsumoari buruzko lanketa jorratu dute, Kerik gabeko gazteak eta Tabakoa eta kanabisa korapiloa programen bitartez. Erniobea, Herrikide, Laskorain, Orixe eta Zubimusu ikastetxeetako 700 gaztek hartu dute parte.

Sariak

Laskorain Ikastolako bigarren hezkuntzako 2. mailako ikasleek Kerik gabeko gazteak lehiaketa irabazi dute, Saria Elena Albisu, Gipuzkoako Osasun zuzendariaren eskutik jaso dute.

Bestalde, Zergatik ez erre lehiaketa Daniel Bartus eta Iratxe Martin tolosarrek irabazi dute eta sariak Asuncion klinikako ordezkariek eman dizkiete.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!