Tolosako lau gunetan obrei ekingo diete, datorren uztailean

Tolosaldeko Ataria 2018ko mai. 31a, 16:18

Besteak beste, zoladurak eta kanalizazioak eraberrituko dituzte; Olatz Peon alkateak azaldu duenez, epe laburrean hasiko dira Gudari kalea berrurbanizatzeko lanak.

Udako oporraldiaren hasiera baliatuko du, Tolosako Udalak, herriko lau gunetan esku-hartzeak egiteko: Batxiller Zaldibia kalea, Pedro Tolosa kalea, eta Alde Zaharreko kaleen arteko bi igarobide eraberrituko dituzte.

Guztira, udalak 175.508 euroko inbertsioa egingo du aipaturiko guneetako obretan, eta bizilagunekin batera zehaztu nahi dituzte hainbat erabaki; datozen egunetarako deitu dituzte gune horietako bizilagun bilerak.

Batxiller Zaldibia kalean, aurrez kalearen lehen erdian egindako obrak errepikatuko dituzte, beste erdian, eraberritzea osatuz. Horrela, euri-uren sarea bukatuko dute lehenengo, eta gaur egungo asfaltoa eta espaloiak eraitsiko dituzte, ondoren espaloiaren kota aldatu ahal izateko; etxeetako sarreretara egokitu nahi dituzte. Hori guztia 5 astean egitea aurreikusi du Tolosako Udalak, eta esku-hartze honek 63.622 euroko kostua izango du.

Bide beretik, Pedro Tolosa kaleko 5-7 zenbakien artean ere, espaloiaren malda txikitzea da obren helburuetako bat, gaur egun etxeetako sarrerekin duen altuera desberdintasuna desagerrarazteko; horretarako, kota altuagoan eraikiko dute gaur egungo zorua, Batxiller Zaldibia kalean bezala. Era berean, euri-uren kanalizazioa ere osatuko dute, obrek hartutako zati horretan. 41.829 euro baliatuko dituzte eremu hori eraberritzeko, eta 3 astean biribilduko dituzte lanak.

Alde Zaharreko bi pasabideei dagokienez, berriz, antzeko lanak aurreikusi dituzte bietarako. Korreo kalea eta Kale Nagusia elkartzen dituen pasabidea txukuntzeko, batetik, zoladura eraitsiko dute, eta saneamendu sarea guztiz eraberrituko dute –ur zikinen eta euri-uren kanalizazioa–. Gainera, hormetan azulejo berriak ezarriko dituzte, eta LED argiak ezarriko dituzte. Lan teknikoenekin batera, pasabidearen itxura ere txukunduko dute eta, beraz, sabaiko zura garbituko dute eta, obrak amaitzean, pasabidean berriro ezarriko dute Kale Nagusiko sarreran dagoen murala. Hori guztia bi astean egitea da udalaren asmoa, eta 41.610 euro bideratuko dituzte obrara.

Orobat, Kale Nagusiaren eta Agintari kalearen arteko pasabidean ere zoladura, hormak eta horniduren kanalizazioak berrituko dituzte, eta zura tratatuko dute. Beste igarobidean bezala, igarobide horretan ere bi astez ariko dira lanean, eta 28.446 euroko inbertsioa egingo du udalak.

Gudari kalean, epe laburrean

Lau obra horik iragartzearekin batera, Tolosako Udalak azaldu du, epe laburrean ekingo diotela Gudari kaleko eraberritzeari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!