1,2 milioi euroko kreditu-mugimendua, 18 egitasmo sustatzeko. Joan den astearteko osoko bilkuran, hori izan zen gai nagusienetako bat, Tolosako Udalean. kreditu-aldaketa, kreditu-txertaketa eta kreditu-gehigarrien bitartez, zazpi esparrutara bideratuko dituzte aipaturiko baliabide ekonomikoak eta, Jokin Azkue zinegotziak azpimarratu zuenez, «herriaren garapen integralarekin lotura zuzena duten proiektuak lehenetsi» egin dituzte. Horrela, RC2 edo Laborde-Labaien eremuaren eraberritzera bideratu dute inbertsiorik nabarmenena: 420.000 euro.
Oria ibaiak eta haren kudeaketak zerikusi zuzena izan dute eraberritzean, eta orain eraikin bat eskuratzea falta zaio Tolosako Udalari, RC2 esparruan etxebizitzak eraikitzen hasi ahal izateko: «Oiarbide ostatuari erantsita dagoen hegoaldeko eraikina eskuratuko du udalak; hiru solairu ditu. Erosketa hori eginez gero, Oiarbide pareko erriberan horma eraiki, eta gunea prest izango da aurreikusitako etxebizitzak egiten hasteko», azaldu zuen Jokin Azkuek.
Kreditu mugimendu iragarri berrietan, udalak 5.000 euro bideratuko ditu parekidetasuna eta kirola sustatzeko aniztasun jardueretara. Bide horretan, Tolosaldeko traineruaren proiektua sustatzeko ere inbertsioa egingo du udalak: «Tolosaldeko udal bakoitzak herritarreko 0,50 euro bideratu ditu trainerura: Tolosako Udalak 10.000 euro».
Beste 10.000 euro Tolosako Erraldoi eta Buruhandien konpartsari bideratu dizkio udalak, diru laguntza moduan. Datorren udan Japoniara bidaia egin ahal izateko laguntza eman nahi izan diete, «han aukera izango baitute Tolosako kultura nahiz beren jarduna zabaltzeko».
Garapen ekonomikoari begira, bi proiektutara bideratu dituzte inbertsioak. Herriko enpresetako transmisioa bermatzeko Berriz programarako 11.350 euro baliatuko ditu udalak; gaur egun 7 enpresa ari dira egitasmoan, eta laster 9 izango dira.
Halaber, Oriaburu eraikinean aurkeztu berri duten Emari co-working espazioak ere inbertsio nabarmenak ekarri ditu aurten. Oraindik zenbait esku-hartze egitekoak dira, espazioa txukuntzeko, eta komunikazio plangintza ere ezinbestekoa izan da proiektuan; guztira, 29.000 euro jaso ditu Emarik.
Hirigintzan zenbait hobekuntza egingo dituzte, besteak beste, Alde Zaharreko eta Berazubiko argiztapenean, LED sistema jarriz; 85.000 euro inbertituko ditu udalak. Gainera, zuhaitz aldamenetako zuloak estali nahi dituzte, mugikortasuna hobetze aldera, eta lan horiek 48.000 euroko kostua izango dute. Elosegi parkeko azken moldaketetara, berriz, 46.000 euro bideratuko dituzte; begiratokia eta parkeko itxitura berrituko dituzte, eta urtea amaitzerako herritarrei irekiko diete parkea.
1,2 milioi euroko inbertsio horretatik, 384.815 euro Amarozko Auzo Etxe eta mediku kontsulta berritzeko izango dira, eta Bedaion ere hirigintza lanak egingo dituzte, 153.000 euro baliatuz.
Bizilagunei begira, etxebizitza politiketan eragiteko diru poltsa bat ere bada azken kreditu-mugimenduetan. Alokairua sustatzen hasi aurretik, Tolosako Udalak herriko etxebizitza hutsen diagnosia egingo du, eta 60.000 euroko kostua izango du: «Proposamena EH Bilduko udal taldeak egin zuen, eta guk begi onez ikusi dugu», azaldu zuen Azkuek.
Azkenik, gizarte zerbitzuen sailean, larrialdiei erantzuteko diru laguntzak ere izango dira: 28.850 euro, guztira.
Proiektuak:
Tolosaldeko emakumeen
trainerua. 10.000
Babarrun kofradia. 5.700
‘Berriz’ programa. 11.350
Aniztasun eta berdintasun
jarduerak. 5.000
Udaltzaingorako irratiak. 18.197
RC2 eremuko erosketak. 420.000
Etxe hutsen azterketa. 60.000
Argiztapen publikoa. 85.000
Amarozko auzo etxea
eta mediku kontsulta. 385.000
Elosegi parkeko itxitura. 46.000
Zuhaitzen ondoko zuloak estaltzeko obrak. 48.000
Landa auzoak. 153.000
Erraldoi eta Buruhandien
konpartsa. 10.000
Aitzol Udal Euskaltegia. 2.600
Publizitatea, euskaltegia. 850
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateari ekarpena. 564
‘Emari’ co-working gunea. 29.000
GUZTIRA. 1.199.561,78 euro