TAO guneetan aldaketak egin ditu udalak, obrak amaituta

Tolosaldeko Ataria 2018ko mai. 30a, 16:40

Nafarroa etorbidean eta Martin Jose Iraola kalearen luzapenean izango dira aldaketa nabarmenenak; TAO zerbitzua 1996az geroztik martxan da Tolosan.

Tolosako azken hirigintza esku-hartzeak direla-eta, Trafiko eta Aparkamenduaren Ordenamenduan (TAOn) zenbait aldaketa iragarri ditu udalak. 2017an Nafarroa etorbidean egindako eraberritzea, batetik, eta Berazubi auzotik suhiltzaile etxeko biribilgunera bitarte aurten egindako konponketa, bestetik, TAO guneak birmoldatzeko arrazoi izan dira: «Udalaren helburua da, gune horietako beharrei erantzuea, eta espazioak behar bezala egokitzea», azaldu dute.

Horrela, Nafarroa etorbidean aldaketa nabarmenak eragin ditu iazko urbanizatzeak, alde bateko aparkalekuak desagertu egin baitira. Ezkaratz bakoitien aldean gune marroia kendu egin dute, eta beste aldeko 20 minutuko gunea, berriz, lekuz aldatu dute, zezen plazatik gertuen dauden aparkalekuetara. Aipatzekoa da, gainera, Nafarroa etorbideko aldaketek Samaniego kaleari ere eragin diotela: aurrerantzean, gune marroi izango da –gehienez ere 2 orduz aparkatu ahal izango da, eta denek ordaindu beharko dute–.

Bide beretik, Berazubiko Martin Jose Iraola kalearen luzapen eraberritua gune urdina izango da orain –gehienez 4 ordu, eta bertako txartelarekin doan–.

TAO sistemaren funtsei helduz, Tolosako Udaltzaingoak azaldu du, banaketa berriarekin ere «ibilgailuen mugimendua eta errotazioa sustatu» nahi dutela, batez ere, eremurik komertzialenetan.

Tolosan 1996az geroztik martxan da aparkalekuak kudeatzeko TAO sistema eta, gaur egun 8 langilek dihardute lanean. Bertakoentzako txartelei dagokienez, berriz, 2.000 inguru banatu ditu, aurten, udalak. Azken horiek eskuratzeko, ezinbestekoa da TAOko guneren batean erroldatuta egotea, eta helbide berean erregistratutako ibilgailua jabetzan izatea.

5 kolore, 5 eremu

Tolosako TAO sistema bost eremutan banatuta dago, eta bost kolorek bereizten dute aparkatzeko modu bakoitza: gorria, bertakoentzat; berdea, egun erdiz edo osoz aparkatzeko, eta bertakoek doan; urdina, gehienez ere 4 orduz, eta bertakoek doan; marroia, gehienez ere 2 ordu eta denek ordaindu behar dute; azkenik, txurian 20 minutuz bakarrik aparka daiteke ibilgailua, eta denek ordaindu behar dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!