Hegaztien jantoki eta begiratokia ezagutzeko hitzordua izango da, igandean, Elosegi parkean

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko mai. 30a, 13:09

Udalak azaldu du, 2018 amaieran herritarrei zabaltzeko moduan izango dela Elosegi parkea; ingurumen hezkuntzarako eta, batez ere, hegaztien behaketarako, "erreferentziazko gune" izan daitekeela azaldu du Aranzadik.

Duela urtebete eraztuntze zientifikoaren saioa egin bezala, datorren igandean hegaztien behatze eta identifikazio tailerra hartuko du, Tolosako Elosegi parkeak. Udalak jomugan du parkea ingurumen hezkuntzarako gune bilakatzea, eta bidelagun izango dute Aranzadi zientzia elkarteko ornitologia saila ere: "Gipuzkoan hegaztiak behatu eta ugaltzeko erreferentziazko gune izan daiteke Elosegi parkea", azaldu du Juan Arizaga Aranzadiko kideak.

Arrakastatsua izan zen iazko eraztuntze saioa, eta hainbat espezie identifikatzeko aukera izan zuten. Horrez gain, habiak ere ezarri zituzten, Elosegi parkeko espezieen ugaltzea errazteko. Orain, berriz, hegaztientzako jantoki eta begiratokia ezarri dituzte, eta horrek elikagaiak eskuratzen lagunduko die parkeko espezieei: "Baldintza klimatiko gogorretan, halako jantokiak oso mesedegarri suertatzen dira hegaztientzat, eta haien biziraupena bermatzen dute", azaldu du Patxi Amantegi ingurumen zinegotziak.

Horrela, beraz, igandean bertan izango da, estreinakoz, jantoki eta begiratokia ezagutzeko aukera. Bi bisita gidatu antolatu dituzte, 10:30ean eta 12:00etan, eta aurrez ez da izena eman beharrik izango. Antolatzaileek prismatikoak eramatea gomendatu diete herritarrei, izan ere, bi modutara behatu ahal izango dira hegaztiak: ikusmenaz batzuk, eta entzumenaz besteak. Adituek azalpenak eskainiko dizkiete parte-hartzaileei eta, bisita horiez gain, egun osoan zabalik izango da Elosegi parkea.

Urte amaierarako, parkea zabalik

Tolosako Udalak 2018ko udal aurrekontuetan txertatu zuen parkearen eraberritzeetako bat, eta datozen hilabeteetan gauzatuko dituzte, Elosegi ireki ahal izateko obrak, 100.000 euroko aurrekontua baliatuz. Batetik, dorrea eraberritzen hasiko dira udan, eta begiratoki izaera indartuko diote. Era berean, basoko itxitura berritzeko lanak ere amaituko dituzte. Urte amaierarako, Elosegi parkea herritarrei zabaltzea da udalaren nahia.

Eremuaren erabilera zehaztu nahiko lukete horretarako, baina agerraldian argi azaldu dute, lehenetsi egingo dituztela ibilaldiak nahiz naturaren eta ondarearen behatzeak; herriaren barruko basoa izatea nahi dute. Horren harira, Juan Arizaga Aranzadiko kideak nabarmendu egin nahi izan du Elosegi parkeko ondare naturala: "Ikerketarako aukera berriak zabalduko ditu, bai florari, bai faunari begira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!