Erakutsiz ikasi

Gizarteratzeko moduez

Ataria 2018ko mai. 30a, 12:01

'Ataria' irratiko estudioan zuzeneko solasaldia sortu zen Jon, Maialen eta Igoneren eskutik. N.R.A.

Inmakulada ikastetxeko Gizarteratzea zikloko ikasleak izan dira azken bisitariak 'Ataria'-ko erredakzioan. Komunikabideez, komunikatzeaz, gizarteratzeaz hausnartzeko baliatu da bisita.

ATARIA ohituta dago ikastetxeen bisitak jasotzera, gutxiago ordea helduen bisitak artatzera. Oraingoan, Inmakulada ikastetxeko Gizarteratzea zikloko ikasleen txanda izan da. Lehenik ATARIA-ren jatorria, egitekoa, eguneroko martxa, albisteen trataera mahai gainean jarri zaizkie. Horrek atea ireki eta hausnarketarako aukera ere eman du. Hitzaldia, gutxinaka elkarrizketa bihurtu da eta segidan baita komunikazioaren inguruko solasaldia ere.  

Ikasleek, besteak beste, euskarazko tokiko komunibide txiki batean aritzeak sortzen dituen zailtasunak ezagutu nahi izan dituzte, edota albisteen aukeraketa nola burutzen den, edota objektibotasuna zein puntutan ematen den, edota albisteak interneten kontsumitzaileak ekarpen ekonomikorik sor dezakeen...

BI NORABIDEKO ELKARRIZKETA

ATARIA-ren errealitatea ezagutarazteaz gain, bisitariena ere ezagutzeko baliatu da bisita. Horrela, 30 ikasleren ordezkari gisa hiru ikaslek ATARIA irratiko mikrofono aurrean euren bizipenen berri eman dute. Gizarteratze zikloa bera zertan datzan azalduz lehenik: «Kolektibo ezberdinak berriz gizarteratzen laguntzeko ikasketak dira».

Horien adibide dira Jon, Maialen eta Igone. Errezil, Beasain eta Hernanikoak izanik ere, Gizarteratzea zikloa Inmakulada ikastetxean ari dira ikasten. Ikasketa fase oso ezberdinean dago bakoitza eta irratian eman dute horren berri. Esaterako, Jon bere ikaskideekin alderatuta «zaharragoa» dela dio, «formakuntza jarraia, gaur egungo moda berriari» jarraiki, ikasketetan sakontzea erabaki du: «Sexualitate tailerrak eskaintzen ditut eta kolektibo ezberdinetara lan eremua zabaltzeko asmoz ikasketa hauek oso ondo etorriko dira».  

Maialenek bestalde, «pertsonekin lan egitea gustatzen zaiolako» aukeratu du honako zikloa. Eta Igonerentzat arrazoi hori bera indartu egin zen boluntariotza lana egin zuenean, Gautenan, autismoa duten pertsonekin.

Ziklo horretako ikasle guztien profila «oso soziala» dela argi dute hirurek. Horrela izanik, lan munduan trebatzeko aukera faltarik ez dezatela izan opa die ATARIA-k.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!