50 urte beteko ditu Pala Txapelketak

Asier Imaz 2018ko mai. 30a, 09:37

41. edizioan oraindik berritzeko zegoen Berazubiko pilotaleku txikia. ATARIA

Berazubiko frontoian jokatzen den txapelketan izena emateko epea igandean amaituko da; antolatzaileek emakumeei deialdi berezia egin diete, parte hartzeko eskatuz.

Berazubiko Pala Txapelketak 50 urte beteko ditu aurten. Ekainaren 11 eta uztailaren 20 artean jokatuko da txapelketa, eta gizonezkoentzat eta emakumeentzat antolatu dute. Izena emateko epea ekainaren 3an amaituko da, igandea bera barne. Oraingoz gizonezkoetan 14 bikotek eman dute izena; emakumeetan bakarrak. Antolatzaileek emakumeei deialdi berezia egin diote, izena eman dezaten eskatuz.  

Berazubiko Pala Txapelketa 1968an hasi ziren antolatzen, «frontoia inauguratu eta urte batera», dio Jabi Iraola egungo antolatzaile taldeko kideak. «Hasiera hartan Tolosa CF-ko bazkideentzat bakarrik zen. Ondoren, 1992an, eskualdera zabaldu zen». Txapelketa 2016an ireki zuten guztiz Jabi Iraola eta bere kideek: «Duela hiru urte Tolosa CF-ko pilota arlotik pala sekzio bat sortzeko eskatu ziguten. Horrela hasi ginen txapelketa antolatzen, eta erabakia irekia izatea erabaki genuen».

Iaz pilotalekuak 50 urte bete zituen. Lanketa berezia egin zuten urteurrena ospatzeko. «Txapelketa hau ez da inoiz izan gizonentzat bakarrik. Emakumeek ere parte hartu izan dute bikote mistoetan. Iaz, hala eta guztiz ere, emakumeen txapelketa antolatzea erabaki genuen. Sei bikotek eman zuten izena». Aurten bide beretik jarraitu nahi dute, baina arazoekin topatu dira: «Bakarrak eman du izena, eta jendea animatu nahi dugu, penagarria izango zelako iaz hasitako bideari jarraipenik ez ematea. Ea iganderako gutxienez beste bost bikotek izena ematen duten».

Gizonezkoetan lehen eta bigarren mailak jarri dituzte, inguruko beste hainbat pala txapelketan egiten den bezala. 

40 EURO ETA KAMISETA

Izena emateko bi aukera daude. Bata, tolosacfpala@gmail.com helbidera idatzita. Bestea, 635 74 15 74 zenbakira Whatsapp mezua bidalita. Pilotari bakoitzak 20 euro jarri beharko ditu. Ordainetan txapelketan erabiliko duten kamiseta gorria edo urdina jasoko dute. Partidak 30 tantora izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!