«Osasun publikoa guztion artean defendatu behar dugun eskubidea da»

Imanol Garcia Landa 2018ko mai. 30a, 08:00

Osasun publikoa defendatzeko deia egiten dute Medicus Munditik. Zerbitzu publikoak pribatizatzeko joeraren mehatxuez hitz egiten du elkartearen argitalpen berriak. Elkarteko Gipuzkoako presidentea den Inmaculada Villa Mendiburuk hitzaldia emango du bihar.

Hitzaldia, 19:00etan, Tolosako kultur etxean izango da. Orain gutxi atera duten Osasunerako eskubidearen aurkako mehatxuak Euskadin argitalpenaren inguruan izango da solasaldia.

Zer azalduko duzu hitzaldian?

Egin dugun azterketa aurkeztuko dugu. Medicus Mundiko EAEko hiru elkarteok sustatu dugu. Medicus Mundin 50 urte daramatzagu lanean osasun eskubidearen alde, beti garapen bidean dauden herrialdeei begira. Baina ikusten genuen hemen zerbitzu publikoen pribatizazioei buruz asko hitz egiten zela, eta jakin nahi genuen osasungintza nola dagoen gure erkidegoan, eta ikusi zer nolako mehatxu dauden, uste dugulako osasun zerbitzu publikoaren defentsa ez dugula beste leku batzuetan egin behar bakarrik, hemen ere egin beharra dagoela. Hortik sortu zen azterketa hau egitearen ideia. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak proiektu bat onartu zigun eta kontaktuan jarri ginen EHUrekin. Bertan ikerketa talde bat dago osasunaren gizarte-baldintzatzaile eta aldaketa demografikoari buruzkoa, OPIK izenekoa, eta beraiek egin dute azterketa. Guk dokumentu bat atera dugu, laburtuta, eta hori ari gara zabaltzen hitzaldien bitartez.

Zer ondorio atera dira azterketatik?

Adibidez, gizarte-baldintzatzaileek osasunean eragiten dutela, eta ondorioztatzen da osasun txarragoa dutela gizarte klase baxuagokoek. Azkenean, gizarte-baldintzatzaileek osasunean eragiten dute, eta baita osasunaren zuzentasunean ere; osasun arretarako aukera ez baita berdina, klase sozialaren arabera edo ikasketa mailaren arabera aldatu egiten da. Eta hori hemen gertatzen da. Adibidez, bizi esperantza Bilbo Zaharra auzoan Gasteizen baino hamar urte baxuagoa da. Osasun sistema denona da, baina izan dezakegun osasun estalduraz aparte, hainbat desoreka sozial ematen dira osasunean eta hauek osasunaren zuzentasunean eragina dute.

Beste zer ondorio atera dira azterketan?

Osasungintzaren finantzazioari buruzko azterketa ere egin da. Estaldura unibertsala duen sistema dugu, baina krisia hasi zenetik, eta murrizketak egin direnetik osasungintzan, ikusi dugu klase ertainetan seguru pribatuen kopurua hazi egin dela, eta handitzen doala. Eta hori mehatxu bat da osasun sistema publikoentzat.

Tolosaldean dagoen egoera aztertu da?

Azterketak EAE hartzen du bere gain, eta egiten dio erreferentzia hitzartutako zerbitzuei. Hau da, osasun estaldura publikoa izanik, hornidura esku pribatuetan dagoen kasuei. Gardentasunaren gaia ere aipatu beharra dago. Hitzartuta dauden erakundeek diru publikoa kudeatzen dute, baina diru publiko horren kudeaketaren inguruko gardentasuna ilun samarra da. Bi zentro zehazten dira azterketan, Onkologikoa eta Asuncion Klinika, urtero 20 milioi euro baino gehiago jasotzen dituzten zentro hauek.

Azterketak gomendiorik ematen al du?

Azterketak erradiografia bat egiten du EAEn nola gauden erakusteko. Neoliberalismoak pixkana bultzatzen du zerbitzu publikoen kudeaketa pribatizatzera. Gure aldetik proposatzen duguna da ikuskaritza bat sortzea, hain justu adi egoteko horren inguruan, ez dadila pribatizaziorik hasi. Eta hori gertatuz gero, salatzea. Hau da, kontrol mekanismoak indartzea osasun publikoa pribatizatu ez dadin, eta osasun publikoa bera defendatzeko. Bestalde, jendearen parte hartzea funtsezkoa da, azken finean guztion artean defendatu behar dugun eskubide bat delako. Eta bide horretan lanean ari diren herritarren plataformak babesten ditu Medicus Mundik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!