«Hedabide publikoek beren audientziak neurtzeari utzi beharko liokete»

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkola Agirrezabala 2018ko mai. 31a, 20:46

Gorka Otaegi Uriya (Tolosa, 1988) tolosarrak txiki-txikitatik darama uhinen bidez bere ahotsa transmititzen. Sei urte zituenerako, bere ikaskideen partiden zuzeneko kontakizunak egiten zituen Laskorain ikastolako patioan. Hainbat irratitan ibili da eta gaur egun Euskadi Irratiko Faktoria saioan egiten du lan. Pasioz eta bokazioz bizi du bere lana eta horrela mintzatu da hizketaldi honetan ere.

Txiki-txikitatik datorkizu irratirako pasioa ezta?

Bai, horrela da. 6 urterekin edo, errotuladore bat hartzen nuen jolas-orduetan mikrofono moduan, eta lagunen futbol partiden zuzeneko kontakizunak egiten nituen. Mikrofono bat hartu nahi nuen beti eta horrekin hitz egin; txikitatik izan dut bokazioa. Ez zitzaidan futbolean jolastea gustatzen, eta nik partiden kontaketa egiten nuen.

Erretransmisio horietatik irrati saio batera egin zenuen salto.

Bai, Laskorain ikastolan irrati saio bat egiten genuen megafonia bidez. DBHko 1.go mailan nengoela hasi ginen. 4-5 pertsonako taldea osatu genuen, eta irrati saio bat egiten genuen astero. Irratiak oso izen bitxiak zituen: adibidez, Klasea moztu zen saioaren izena, eta Klasea moztu, klasea poztu zen saioaren slogana. Hasi ginenean, ostiraletan egiten genuen, eta Ostiraltxox izena ere izan zuen. Eneko Etxeberria nire ikaskideak motorrari buruzko tarte bat egiten zuen Gurpil hotsa izenekoa. Buzoi bat jartzen genuen eta ikaskideek bertan uzten zituzten mezuak irakurtzen genituen, kanta eskaerak, zozketak, lehiaketak... Jolas modura egiten genuen garai horretan, baina ohartu naiz horrek balio izan zidala mikrofonoaren aurrean askatzeko; hor ikasi nuen gaur egun egiten dudana.

Autodidakta zinen? Erreferenteak bazenituen?

Erreferenteak banituen. Dani Arizala, Joseina Etxeberria, Klaudio Landa... Klaudio Landa Gaztea irratian aritu zenean deitu egiten nion egunero-egunero. Dani Arizalak, Marijo Oriak eta Ainhoa Urkiak Hi bizi haiz hi izeneko programa bat egiten zuten Gaztea irratian. Askotan deitu eta parte hartzen nuen.

Laskorain ikastolako ikasgeletatik Txolarre irratira, ezta?

16-17 urterekin hasi nintzen Txolarre irratian. Virginia Etxarrirekin 38 gradu izeneko erreportaje saio bat aurkezten hasi nintzen. Intereseko gaiak jorratzen genituen; niri beti interesatu izan zaizkit gertuko albisteak. Albistegietan politikaz edota nazioarteko gatazkez hitz egiteko joera daukagu askotan, eta hori jorratu behar da. Baina, askotan, gertuko albiste batek eragiten dituen pasioak irrazionalak bezain interesgarriak izaten dira. Hitzak hegan magazina aurkeztu nuen urtebetez eta gauza asko ikasi nituen bertan. Kolaboratzaile asko genituen: Amaia Goikoetxea, Jone Otxoa edota Igotz Alkorta. Gerora, kolaboratzaile horiek lankide izan ditut; bitxia da. Anbizio handiegirik gabe egiten genuen, plazeragatik, baina gero balio izan zigun gauza asko ikasteko, eta irratiaren aurrean askatzeko. Ohartu nintzen lanbide bezala ere gustatzen zitzaidala. Orduan, Gaztea irratiaren casting batera aurkeztu nintzen eta hautatu egin ninduten. Orduan hasi nintzen Gaztea irratian.

Argi zenuen irratia gustuko zenuela, baina Lehen Hizkuntza ikasi zenuen lehenengo, ezta?

Ni garai hartan oso etxezuloa nintzen, eta Ikus Entzunezko Komunikazioa ez zitzaidan gehiegi gustatzen; kazetaritza nahiago nuen. Donostian gelditu eta Lehen Hizkuntza ikasi nuen, baina beti izan nuen arantza. Horregatik ikasi nuen kazetaritza.

Irrati frikitzat daukazu zure burua?

Bai, bai, banuen eta badaukat. Irratian lan egiteaz gain, beste irratiak entzutea gustatzen zait, zer egiten duten entzutea. Gustuz egiten dut, plazera da niretzat.

Zer bilatzen duzu irratian lan egiten ari zarenean eta zuk zer bilatzen duzu irratia entzuten duzunean?

Ez dakit lortzen dudan, baina nik bilatzen dudana da gero nik nahi izaten dudana. Entzulearekiko gertutasuna bilatzen duen irratigintza estiloa gustatzen zait. Gertutasuna zentzu guztietan: edukiaren aldetik, hizkera aldetik, etab. Edukia izan dadila entzulearen interesekoa, ez dadila izan hizkera zabarra, eta ezta jasoegia ere. Irratiak sekulako gaitasuna dauka emozioak transmititzeko eta nire helburua da entzulea emozionatzea. Zuzenean hitz egiten diogu entzuleari, belarrira; ohean entzuten gaituzte, sukaldean, konpainia izateko entzuten gaituzte. Ahalmen hori magikoa iruditzen zait; magikoa da irratiarekiko eta esatariarekiko sortzen dena.

Gertutasun hori lantzeko, umorea da zuk erabiltzen duzun baliabideetako bat ezta?

Saiatzen naiz umorea erabiltzen, uste dut oso sanoa dela. Bizi garen gizartean, testuinguru politikoan, umoreak oso leku txikiegia du, eta askotan umore pixka bat erabiltzea ez litzaiguke batere gaizki etorriko. Aldi berean, entzulearekin konektatzeko modua da; niri gustatzen zait jakitea entzulea nik esandako zerbaitekin emozionatu dela edo barre egin duela.

Horrek ez du esan nahi gauza serioez hitz egiten dugunean, seriotasuna erabili behar ez dugunik. Oso osagarriak direla uste dut; agian norbaiti irudituko zaio esatariak sinesgarritasuna galtzen duela umorea erabiltzeagatik, baina hori gezurra da. Esatari batek ez du sinesgarritasuna galtzen umorea erabiltzen duenean, baizik eta ematen duen informazioak berak ematen dio sinesgarritasuna. Gaur egun, informazioa eta entretenimendua asko nahasten dira, eta nik uste dut esatariek gai izan behar dutela bi formatuak lantzeko.

Irratia bakarrik ez; prentsa idatzian ere ibili zinen ezta?

Bilbao Udal Aldizkarian aritu nintzen bi urtez, Gaztea irratian hiru urtez aritu ostean. Ordura arte ezagutzen ez nituen alde batzuk ezagutu nituen; prentsa idatzian aritzea, gazteleraz aritzea, etab. Garai hartan, Galtzaundi aldizkarian eta Tolosaldeko Hitzan ere aritu nintzen kolaborazioak egiten.

'Gaztea' irratira bueltatu zinen ondoren, eta gaur egun 'Euskadi Irratia'-n ari zara.

Bai, Gaztea irratian Irrati formula saioa egiten nuen, kantak aurkeztu eta musika jartzen nuen. Gaur egun, Faktoria saioan eduki serioagoak lantzen ditugu. Egia esan, denetik egin dut: programetan aritu naiz, albistegietan... Programetatik gehien gustatzen zaidana da sormenerako aukera ematen duela, entzulea harritzeko aukera: errealizazio ezberdina erabilita edota bat-batean entzuleak espero ez dituen bi hitz esanda. Albistegiek transzendentzia dute, eta batez ere gustatzen zaidana da azken ordukoak ematen duen tentsio narratibo edo adrenalina hori. Niretzat formaturik egokiena da gaurkotasuna eta entretenimendua uztartzen dituena, modu arinean entzulea harrapatzen duena eta entzun erraza dena. Niri gustatzen zait modu entretenigarri batean entzuleari gauzak erakustea,

Hor kokatuko zenuke irratiaren funtzioa?

Irratiaren funtzioa da entretenitzea, entzuleei gauzak erakustea eta konpainia egitea; hiru gauzak uztar daitezke. Gauzak erakusteko ez daukagu zertan formatu zurruna eta serioa egin. Nik uste dut hor dagoela irratiaren etorkizuneko erronka. Orain arte, formatuak oso zurrunak izan dira, eta uste dut etorkizuneko irratiak entretenitu, informatu eta konpainia egin behar duela. Gaur egun, mugak lausoagoak dira, eta etorkizuneko irratigintzak nahastu egingo ditu hiru formatuak. Horrek dauzkan gauza on eta arriskuekin: arinkerian erortzea. Adibidez, azkenaldian hainbat indarkeria kasu edo sexu abusu gertatu dira, eta iruditzen zait hedabide batzuek etikaren eta errespetuaren mugak gainditu dituztela gai horiek lantzerako orduan. Nik umorea edo entretenimendua erabiltzen dut, baina betiere duintasuna, errespetua eta etika mantenduz. Nik uste dut muga horiek argi ez dauzkan komunikabide batek ez lukeela existitu behar. Gaur egun muga horiek gainditu egin ditugu kazetariok, eta autokritika egin behar genukeela iruditzen zait. Audientziagatik ezin da edozer gauza egin. Horrek kalte egiten digu kazetarioi, gure lanbideari balioa kentzen diolako, eta hori gertatuz gero, asko kostako zaigu duintasuna berreskuratzea.

Zer esango zenuke EITBri buruz?

Nik ez nuke esango puntu horretara ailegatu garenik, baina hedabide publikoek beren audientziak neurtzeari utzi beharko liokete. Nire ustez, hedabide publikoen izateko arrazoia zerbitzu publikoa, kalitatea eta gizartea heztea izan beharko lirateke. Agian ez dira eduki masiboak izango, baina kalitatezkoak izango dira. Hedabide publikoek eskaini beharko lituzkete pribatuek audientzia dela eta eskaintzen ez dituzten edukiak; gizartearen kontzientzia, kultura eta sentsibilizazioa bultzatuko lituzketenak. Audientziak neurtzeari utzi, eta beste irizpide batzuk erabili beharko lituzkete edukiak finkatzeko eta hobesteko orduan. Hori oso garrantzitsua da, zeren eta bestela zerk ezberdintzen ditu hedabide publikoak eta pribatuak? Komunikabideen funtzioa inoiz baino beharrezkoagoa da gizarte honetan, eta nik uste dut gaur egun umezurtz gaudela zentzu horretan.

Luze hitz egin dugu irratiaz, baina ez da zure pasio bakarra ezta?

Obra publikoa eta hirigintza ere izugarri gustatzen zaizkit. Kaleak diseinatzea, herriko trafikoa bideratzea, herritarrek egunero-egunero ikusi eta sentituko dituzten inguruak diseinatzeak erakarri egiten nau. Artea ere bada: elementu batzuk konbinatzea, estetika, funtzionalitatea...magikoa iruditzen zait.

Makinen bilduma ere egin duzu.

40-50 miniatura ditut: eskabadorak, hondeamakinak, garabiak, hormigoi-makinak, elebadorak, denetik. Txikitan gurasoek erosten zizkidaten, eta nik osatu dut bilduma hori. Pieza guztiak Alacant-eko (Herrialde Katalanak) enpresa batekoak dira. Benetan existitzen ziren makinen erreplikak egiten zituzten nahiko prezio merkean eta oso material onak erabiliz. Oso jostailu iraunkorrak ziren; gaur egun bildumazaleen pieza bihurtu dira eta balioa handitu zaie. Gaur egun, ez dira saltzen eta enpresa itxi egin zen. Nik txikitan makina horiekin jolasten nuen, baina gaur egun etxean dauzkat gordeta. Asko gustatzen zaizkit.

Zein makina eskuratzea gustatuko litzaizuke?

Zulagailu bat erostea gustatuko litzaidake. Oso makina bitxiak dira, eta obretan askotan ikusten ditut.

Obra publikoak ikustea ere gogoko duzu ezta?

Bai, gustatzen zait obrak ikustea eta sufritzen dut gaizki egiten dituztenean. Erretiratuen alderdi hori ere badaukat. Adibidez, gure etxea plano gainean erosi genuen. Oraindik eraiki gabe zegoen, eta eraikuntza prozesu osoari argazkiak atera nizkion. Karreteak hartu, eta obrako fase ezberdinetako argazki ugari atera nituen. Zenbat karrete gastatuko ote nituen!

Zer jarriko zenuke Tolosan?

Rondilla Kalea konponduko nuke. Tolosako zentro neuralgiko bat izan beharko lukeela iruditzen zait, eta gaur egun oso itsusi dago. Oinezkoentzako bihurtuko nuke, eta oinezkoentzat irabaziko luke. Tolosa kotxeentzat diseinatu da urte askoan, eta horrek kalte handiak eragin ditu urbanismoari edo kale egiturari dagokionez. Kaleak oinezkoentzat diseinatu behar dira, eta, horrela, bizilagunek, oinezkoek...izugarri irabaziko lukete.

Eta zer kendu?

Kenduko nuke, adibidez, Gorriti Plaza aldatuko nuke. Oiarbide Ostatuaren ondoko orube hori kendu eta berrituko nuke; oso garrantzitsua iruditzen zait.

Hirigintzari buruzko irrati saio bat egitea izango litzateke, akaso, zure ametsa?

Ideia ona eman didazu: bi plazer eta zaletasun uztartzea ederra izango litzateke. Hartu egingo dizut ideia! [Barreak].

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!