Mugikortasun alorreko proposamenak luzatu dituzte Tolosako Ikasleek Agenda 21eko Udal Foroan

Tolosaldeko Ataria 2018ko mai. 23a, 17:10

Haur hezkuntzatik hasita batxilergora arteko sei ikastetxetako 4.500 ikaslek hartu dute parte programan aurten: Samaniegok, Orixek, Lanbide Eskolak, Laskorainek, Herrikidek eta Inmakulada ikastetxeak.

Duela 16 urte, 2003. urtean, jarri zen martxan Eskola Agenda 21 programa Tolosan, eta denbora horretan garapen jasangarriarekiko konpromisoak ikastetxeetara hurbiltzea lortu da.

Urtero, ingurumenarekin erlazionaturiko gai bat aukeratzen da. Mugikortasuna, ura energia, ekitate gabezia, hondakinak, elikadura, ura edota biodibertsitatea izan dira, besteak beste, orain arte landutako gaiak. Aurten klima aldaketa izan dute hizpide.

Irakasleen, ikastetxeetako gainerako langileen, udal teknikarien, gurasoen eta herritarren inplikazioa eta laguntza jaso dute ikasleek urteko lanketan. Ikastetxeetako egoera aztertu ostean, ekintza-planak definitu dituzte, eta kale-ikerketak egin dituzte.

Lana laburbiltzeko ikastetxeen arteko batzarra egin zuten Musika Eskolan, ikastetxeek klima aldaketari dagokionez hartutako konpromisoak eta Udalari zuzendutako proposamenak adosteko.

Proposamen hauek aurkezteko, Eskolako Agenda 21aren Udal Foroa osatu da: ikastetxeetako ikasleen ordezkariak Udal ordezkariekin batu eta Tolosa jasangarriago bat lortzeko eman daitezken pausuak eta har daitezken neurriak adostu zituzten. Gaur plazaratu dituzte ondorioak, pleno aretoan.

Mugikortasun alorrekoak izan dira proposamen gehienak: bidegorrien lurzoruaren egoera hobetzea, bidegorri zatien arteko lotura falta, bizikletentzako aparkaleku gehiago jartzea, baita bizikleta elektrikoentzat egokitutakoak ere... Hurrengo ikasturteko gaia ere aurreratu dute: lurzorua.

Mugikortasun Plan berria jarriko du martxan aurten udalak, eta gai horiek kontutan izango dituztela azaldu du Patxi Amantegi zinegotziak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!