Emari, ekintzaileen erreferentziazko sormen zentro berria

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko mai. 22a, 14:02
Iker Alkorta, Olatz Peon eta Iñaki Gereñu Emari espazio berriaren aurkezpen prentsaurrekoan. JOSU ARTUTXA

Tolosako Oriaburu eraikineko lehen solairuan ireki dute coworking espazioa, enpresa ideia-emaria garatzeko gune bat zabaldu asmoz. Eskaerak egiteko epea jada zabalik dago.

Tolosaldea Garatzen-Lehiberri espazioaren antza, eta bertako filosofia berdina izaten saiatuko da aurrerantzean, Oriaburu eraikineko Emari coworking gunea. “Ez dira gauza bera, baina biek ekintzailetza dute oinarri”, aipatu du Olatz Peon Tolosako alkateak, gaur goizean egin duten aurkezpen prentsaurrekoan.

 

Lehenik eta behin, espazio berri honen zergatia azaldu du. “Legealdi hasieratik bultzatu nahi izan dugu herriaren garapen ekonomikoa. Izan ere, 2018ko apirilean, langabezia-tasa %8-an kokatuta zegoen, eta azken hilabeteetan, beheranzko joera izan du. Beraz, datuak onak dira, baina horrek ez du esan nahi egoera ona denik”.

 

Bide horretan, Tolosaren eta eskualdearen lehiakortasuna bermatzeko, hainbat plan dituzte aurreratuta: Enplegu plana, Usabalgo industria gunea modernizatzeko azterketa, hiri ekonomikoaren plan estrategikoa, Euskal Herria plazako alojamendu eta ostalaritza gune berria edota lanbide heziketaren sustapenerako azoka. “Modu horretan, Oriaburu eraikina, garapen ekonomikorako bideratu genuen. 2016an, Tolosa&Co merkataritza elkartea kokatu zen lehen solairuan, eta bertan ere ospatu zen lehen aldiz antolatutako Tolosako enpresa eguna”, gaineratu du Peonek.

 

Orain, lehenengo solairuan, berrikuntza eta sormenerako coworking gune berria zabalduko dute, Emari izena eman diotena. “Izen honen oinarria, lehengo emakume langileak harrasketan aritzen zireneko garaian kokatuta dago. Norbanako lanak, komunitateko lan bihurtzen zituzten, eta hori da, zentzu batean, gune honetara ekarri nahi izan den filosofia, uraren emaritik hartutako kontzeptua izan delarik”, azaldu du alkateak. Izenarena, hala ere, “Chroma Branding enpresaren ekarpena” izan dela azpimarratu nahi izan du Peonek, eta “oso ondo ekarritako kontzeptua” dela ere gehitu nahi izan du.

 

Beraz, autoenplegurako proiektuak garatzeko gunea izango da Emari, gizarte ekintzailetzara, lankidetzara eta sarean lan egitera bultzatuko duena, eta 7 egunez eta 24 orduz egongo da erabilgarri. Bertako erabiltzaile posibleen artean, hauek aipatu dituzte aurkezpenean: enpresa edo proiektu berri batekin hasi nahi dutenak, dagoeneko enpresa sortuta dutenak eta euren proiektuekin jarraitu nahi dutenak, unibertsitateko ikasketak burutu bitartean proiektu berri batekin hasi nahi dutenak edota lanbide heziketako ikasleak direnak eta proiektu bat garatu nahi dutenak.

 

Baldintzak eta eskaerak

 

Guztira, 10 ekintzaile eta enpresentzako lekua dago bertan, eta zerbitzu ezberdinak izango dituzte eskura. Baldintzei dagokienez, hilero ordaindu beharreko kuota “oso baxua” dela ere aipatu du, horrela mundu guztiak aukera bera izatea ahalbidetu nahi da. 50 euroko ekarpena egin beharko dute hilean, eta gutxienez 6 hilabetez eta gehienez 3 urtez egon ahalko dira bertan, euren proiektuak garatzen. Sartzeko eta irteteko, identifikazio-txartel bat izango dute, eta beraz, beraiek nahi dutenean etorri ahal izango dute.

 

“Deialdia ekainaren 26ra bitarte egongo da zabalik, eta eskaera www.emari.eus webgunean egin daiteke, edota horretarako orriak, www.tolosa.eus webgunean eskura daitezke” gogorarazi du Peonek. Emari espazioaren kudeaketa batzordeak uztailean zehar aztertuko ditu eskaerak, eta Udal gobernu batzordean onartuak izaten direnek, lanean hasteko aukera izango dute, Udalarekin hitzarmen bat sinatu ondoren. Peonek, “proiekturen bat buruan duten pertsonak” animatzen ditu eskaerak egitera, “proiektu hori txikia bada ere, handi bihurtu daitekeelako”.

 

Esperientziatik abiatuta

 

Iker Alkortak eta Iñaki Gereñuk, Chroma Branding eta Igora Drone enpresetako kideek, euren esperientziak adierazi nahi izan dituzte gaurko ekitaldian. Alkortaren ustez, “ez da beharrezkoa ekintzailetasun sena garatuta izatea edo sekulako ideia izatea; horrelako gune batek, lanerako espazioaz gain, atzetik laguntza jasotzea ekartzen duelako”. Gereñuren kasuan, Lehiberri gunean dago kokatuta bere enpresa. “Giro on batean murgiltzeko aukera ematen dizu; inguruan proiektu gehiago sortzen ari diren langileak dituzu, eta hasieran nahiko galduta egotea normala denez, hezitegi horiekin ideia ezberdinak elkarbanatzea oso baliagarria da, nahiz eta proiektuek euren artean zerikusirik ez izan”.

 

Amaitzeko, esperientzia horiek baliatuz, Peonek, Tolosaldeko enpresen berezitasunetako bat “tamaina” dela azpimarratu nahi izan du. “Enpresa txiki edota ertainak dira ia denak, eta kasu askotan, hornitzaileak, beste eskualde batentzat lanean aritzen direnak. Horregatik, ekintzailetasunak beste eskualdeetan baino garrantzi handiagoa du hemen, eta ziur nago gune hau filosofia horren islada izango dela”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!