«Pirinioek unibertso oso bat osatzen dute kilometro gutxitan»

Mikel Iraola 2018ko mai. 22a, 11:42

Ander Izagirre kazetariak (Donostia, 1976) bere azken liburua, Pirenaica, aurkeztu zuen atzo Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan. Pirinioetako 14 kronika bildu ditu, bizikletaz bi asteko ibilbidea egin eta gero.

Gehiago idatzi izan duzu nazioarteko bidaien inguruan. Orain, etxetik bertatik hasi zara eta ez zara urrutira joan. Zer dela eta?

Etxetik gertu lan egitea ere asko gustatzen zait. Egin izan ditut hemen inguruko lanak, Cuidadores del Mundo, esaterako. Baina egia da honako hau berezia dela, etxeko atetik bertatik hasten naizelako. Gogoa nuen hori egiteko, etxetik bertatik irten eta etxetik gertuen zeuden mendietan, Jaizkibelen edo Aritxulegin adibidez, historia berriak aurkitzeko. Etxean bertan ere topatu daitezke historia handiak, eta hori erronka bat izan da niretzat.

14 historia bildu dituzu guztira. Zer topatu nahi izan duzu historia horietako bakoitzarekin?

Nik ez nuen gida zikloturista bat idatzi nahi, ezta nire bidaiaren xehetasunak kontatu ere. Nik nahi nuena zen Pirinioetako gaiak aukeratu eta historia horiek kontatzea, txirrindulari baten gogoetak eta ideiak tartekatuz. Lehenengo atalak, esaterako, hitz egiten du frankismoaren esklaboek egindako errepideei buruz. Hori etxe ondoko historia bat da, nik ezagutzen ez nuena, eta uste dut jendeak ere ez dakiela oso ondo inguru horietan zer gertatu zen. Saiatu naiz nahiko gai anitzak jorratzen: hartza, Frantziako Tourra, pintore kubistak... Azken finean, Pirinioek unibertso txiki bat osatzen dute eta historia asko daude kontatzeko.

Nolakoa izan da liburua idaztearen prozesua?

Nik argi nuen bizikletaz egindako bidaia batek aurretik produkzio lan bat eskatzen duela, liburu bat idazteko asmoarekin bazoaz behintzat. Aurretik gai batzuk aukeratu nituen, interesekoak zirelako niretzat. Orduan, aldez aurretik kontaktua egin nuen Arango bailarako biologo batekin, Marc Alonsorekin. Hitzordu batzuk banituen abiatu aurretik, ibilbide batzuk ere nahiko zehaztuta. Gai batzuk landu nituelako etxean. Egia da, baita ere, bidaia oso irekia dela, eguraldi txarragatik edo ezagutu duzun norbaitek beste pista bat eman dizulako ibili naiz aldaketak egiten, inprobisatzen eta gai berriak topatzen. Erdibideko zerbait izan da, aurretiko lana eta inprobisazioa.

Bidaia, berriz, erabat jarraian izan da?

Lehenengo etapa batzuk egin nituen, hemengo gaiak egiteko. Irteeratxo batzuk egin nituen, elkarrizketa batzuk egiteko eta leku batzuk bisitatzeko herri horietako jendearekin... Egun batzuk pasa nituen hemen inguruan esplorazio horiek egiten, eta gero, puntu batetik aurrera, produkzio lana egin nuen bidaia guztia modu jarraituan egiteko. Liburuan 14 kontatu ditut, baina uste dut guztira 17-18 egun pasa egin nituela bizikletarekin.

Gomendatzeko moduko bidaia izan da?

Bai, erabat. Esango nuke nahiko bidaia ezaguna dela bizikletan ibiltzen den jendearentzat. Hemen inguruan zikloturista asko ibiltzen dira errepidetik edo menditik. Topikoaz harago joan nahi nuen. Nik ere egin nuen antzeko bidaia bat duela ia 20 urte, baina erakutsi nahi nuen historia ezezagun asko daudela Pirinioetan, hemendik oso gertu.

Zer dute berezitik Pirinioek?

Esango nuke unibertso oso bat dela kilometro gutxitan sartuta. Antzinako historiak daude, Basajaun bezalako pertsonaia mitologikoa... Orreagako gudua dago. Garai bateko artzainak daude, immigrazioa... Baina gaur egungo gizartearen kezkak ere hor daude, hango herrietako jendea nola bizi den, turismoarekin zer nolako harremana duen, hartzarekin ere nolako harremana duten... Historiak aurkitzeko oso leku erakargarria da.

Zerk harritu zaitu gehien esperientzia honetatik?

Sorpresa baino gehiago, gozamen handia izan da. Bidaiaren bigarren zatia, adibidez, berria izan da niretzat. Andorratik Mediterraneora ezezaguna zen, eta topatu ditudan herri eta historiak oso erakargarriak izan dira. Bertako adituekin zoazenean harrietan ere topatzen dituzu historiak. Duela 1.000 urteko historiak niretzat oso biziak izan ziren bertakoek kontatu zizkidatelako. Zu bakarrik bazoaz, inorekin hitz egin gabe, edo aditu baten eskutik joan gabe, harri batzuk ikusten dituzu. Baina norbaitekin bazoaz, mundua bizirik ikusten duzu. Pentsatzen nuen atal batzuetan ez nuela oso gai interesgarririk, baina azkenean, bertako norbaitekin zoazenean mundua berpizten hasten da. Hori esango nuke izan dela espero ez nuena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!