Aldundiaren saioa Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2018ko mai. 18a, 12:03

Aldundiak "kultura politiko demokratikoan" sakontzeko saioa egin du Tolosan; ordezkari politikoekin, adituekin eta eskualdeko hautetsiekin.

Kultura politiko demokratikoan sakontzeko helburuarekin, eskualde ezberdinetan hausnarketa saioak egiten dabil Gipuzkoako Foru Aldundia. Tolosan egin da saio sortaren bigarren bilera eta eskualdeko eragile sozial eta ekonomikoek, hautetsiek eta adituek hartu dute parte udaletxean egin den lanketa dinamikan. Guztira 40 lagun elkartu dira. 

Maribel Vaquero, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendariak gidatu du Tolosako udaletxeko pleno aretoan egin den saioa eta ekintza honek Aldundiaren helburu nagusietako bat betetzen duela azaldu du: "Herritarren bizikidetza sendotzea, kultura politikoaren bitartez eta demokrazian sakonduz".

Bestalde, Tolosako alkate Olatz Peonek balioan jarri du ikerketa, hain zuzen: “Hausnarketarako erreminta aproposa da eta erakusten du gizarte aktibo bat dagoela atzean". Peonentzat, "egun, administrazioak gobernantza eredu berriei heldu eta gardentasuna eta partaidetza sustatzen dituen unean, gizartearen sustengua eta inplikazioa garrantzitsua da”. Tolosako alkatearen iritziz, jarrera hori “konfiantzan, errespetuan eta elkarrizketaren bidez gauzatu behar da, era anitzean, geroz eta gizarte pluralago bati erantzutea tokatzen baitzaigu”.

Gipuzkoarren kultura politikoari buruzko ikerketa

Iaz, ekainean eta uztailean, 1.496 gipuzkoarrei egin zitzaien galdeketan oinarritzen da txostena. Gipuzkoarren balioak, politikari buruzko imajinarioa eta, besteak beste, egungo sistema politiko eta demokratikoaren inguruko balorazioak jaso ziren inkestetan. Ikerketaren emaitzek aurretik susma zitekeen herritarren politikarekiko urruntasuna konfirmatu zuten baina, baita ere, irakurketa zabalagoa eskatzen zuten ondorioak azaleratu ziren. Esate baterako, ikerketak agerian utzi du gipuzkoarren gehiengoak gizartearengan duen konfiantza handia ala EAEko funtzionamendu demokratikoaren "asebetetze maila altua", aldiz, Espainiako Estatuarekiko mesfidantza gehiago agertu dute. Erabakitzeko eskubideak duen "onarpen zabalak" ere agerian utzi du aipatu txostenak. Bestalde, ikerketan jaso dira herritarren multzo handi batek politikarekiko duen "interes eta atxikimendu falta", nahiz eta partaidetza handiagoa eta gai sozial eta politikoekiko ardura handia adierazi zuten galdetutakoek.

Txostena osorik irakurtzeko aukera dago hemen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!