Kimeraren atzetik Kimera taldekoak

Tolosaldeko Ataria 2018ko mai. 20a, 10:05
Jone Belza eta Aitor YaƱez tolosarrak Kimera Antiespezita taldeko kideak dira.

Espezismoa matxismoa, klasismoa edo arrazismoaren pareko zapalkuntza bat da. Espezistak gizakia gainontzeko animalien gainetik dagoela pentsatzen du. Espezismoak norbanako bat beste espezie batekoa izate hutsagatik diskriminatzen du. Definizio horrekin hasten du Tolosako Haragi Topaketari buruzko idatzia, eskualdeko Kimera Talde Antiespezistak. Animalien askatasuna eskatzen dute.

Lehoiaren burua, sugearen isatsa eta akerraren gorputza. Greziar mitologiako pertsonaia da Kimera. Jone Belzak azaltzen du Kimera hitzaren esanahia: «Ezinezkoa eman arren lortzea dagoena». Belzak 18 urte ditu, Aitor Yañezek 19. Biak Tolosan bizi dira eta apirilaren 15ean Donostian egon ziren. Eskualdeko talde antiespezistako kideak dira bi gazteak, eta ehiza debekatu egin beharko litzatekeela uste dute. Beroaldian botatakoa baino logika bati erantzuten dion ondorioa da. Euren logika ezagutzeko, hasteko, euren ibilbidea kokatu behar da.

Tolosaldean talde antiespezista duela urtebete eskas sortu zuten; Euskal Herriko eta nazioarteko beste hainbat talde antiespezista eredu hartuta. Harreman zuzenena Askekintzarekin dute, apirilaren 15eko kontramanifestazioaren deitzaileekin. Askekintza 2010ean sortu zen, eta animalean askapena helburu duen Donostiako taldea da. «Gipuzkoa mailan esperientzia eta indar gehien duen taldea da», diote Belzak eta Yañezek. Santo Tomas egunean, adibidez, Kimerakoek Askekintzakoekin batera txerriaren kaiola «okupatu» zuten. Azken inauterietan, berriz, Tolosako zezen plazara irten ziren pankarta eskuan, Espezismoa suntsitu, animaliak askatu! aldarrikatzera. Pasa berri den Tolosako Haragi Topaketa ere salatu zuten, «haragi industriaren trikimailutzat» joaz. Horren aurrean, ohiturak zalantzan jartzea eta alternatibak bilatzea eskatu zuten, «inor zapaldua izan ez dadin».


Kontramanifestazioa

Tolosarrentzat antiespezismoa handitzen doan mugimendua da. «Duela ez urte asko, Donostiako kontramanifestazioan 20 lagun ere ez ginen izango. Apirilaren 15ean 200 bat elkartu ginen; gazteak eta mugimendu politikoetan ibiltzen garenak. Balantzea positiboa da, eta gure mezua garbi geratu zela uste dut», dio Aitor Yañezek.

Ehiza hilketa da! Bizitzeko eskubidea, ez inor hiltzekoa izan zen kontramanifestazioaren leloa. Kimerakoen logikarekin bat egiten duen aldarria: «Animaliak gauza bihurtzea, objektu bezala ikustea, pentsaera espezista da. Beste errealitate bat daukate beraiek. Ez zaie iruditzen mina eragiten dutenik. Animaliak eurentzat daude; eurek jateko, eurek erabiltzeko… Beraien logikan ez da sartzen animaliek bizi egin nahi dutela, eta gure eskubide berdinak dituztela». Ondorioz, tolosarrek ehizaren aurka daudela diote, eta kontramanifestazioa justifikatzen dute: «Apirilaren 15ean ehiztariek manifestazioa antolatu zuten. Propaganda piloa egin zuten, eta horri aurre egitea pentsatu genuen; gure burua erakusteko. Ehizaren aurka gaude, animalien interesak eta beharrak ez direlako kontuan hartzen. Ehiztariak defentsiban jarri ziren, hiltzaile deitzen geniela eta abar esanaz. Gure aldarria husteko eta gu iraintzeko asmoz ekologistak, belar jaleak… deitzen entzun ditugu. Hemen benetako biktimak ez gara gu ez eta beraiek ere; benetako biktimak animaliak dira».

Ehiztarien errespetu eskaerari, errespetua animaliei zor zaiela esanaz erantzuten dute. «Ehiztariak pertsona onak izan daitezke, baina beraien ekintzak ez dira onak», gaineratuz. Apirilaren 15ean, kalean, ehiztariak gehiago zirela ikusi zen. Alderantzizko indar metaketa izango balitz, «ehiza debekatzea izango litzateke logikoena», Kimerako kideen esanetan.

Izenak dioen bezala ezinezkoa ematen du horrek, egun. Euren helburua lortzeko, gizartean kontzientzia aldaketa baten beharra ikusten dute: «Animaliak kontsumitu beharrean beste produktu batzuk kontsumituko lirateke. Eskaria aldatzean produkzioa ere aldatu egingo litzateke. Beste industria bat sortzean baserrietan animalia horiek ez lirateke egongo, beharrezko izateari utziko diotelako. Beste alternatiba batzuk egongo lirateke». Kontzientzia falta hori euren inguruan ere nabaritzen dute bi tolosarrek: «Mugimenduan badugu arazo bat. Batzuk beganismoa soluzio bakartzat jotzen dute. Beganoa naizenez salbatu ditut animalia guztiak. Eta hori ez da horrela. Masakre batean parte hartzeaz uzten duzu, baina animaliak salbatzea aktibismoarekin lotzen da». Aitor Yañezen eta Jone Belzaren esanetan, ez da bakarrik jaten duzuna, zein ekintza egiten dituzun ere kontuan hartu behar da: «Adibidez, beganoa izan zaitezke kutsaduraren aurka zaudelako edo osasunagatik. Antiespezismoak animalien etikarekin dauka lotura. Horrek esan nahi du, animaliak ez ditugula jango, larrua ez dugula jantziko, animalietan probatutako produktuak ez ditugula erabiliko edo ez garela zoo batera joango animaliak kaiola batean ikustera».

Ehiza izan arren apirilaren 15eko ardatza, arrantza ere ez dute ahazten Belzak eta Yañezek. Bataren aurkako logikak bestearentzat ere balio du Kimerako kideentzat. Izan ere, «arrantza eta ehiza berdinak dira».


HARREMANETARAKO

Sare sozialez gain ondorengo helbide elektronikoan: antiespezistatolosa@gmail.com

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!