Biktimei begira jarri dira

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko mai. 17a, 12:37

Tolosako Udalean ordezkaritza politikoa duten alderdiek bizikidetza ardatz duen hitzaldi zikloa antolatu dute eta atzo izan zen lehen saioa.

Bizikidetza eraikitze aldera gizarte bezala dauden zenbait erronken inguruko ezagutzan sakontzea eta hausnarketa zabala sustatzea dira Bizikidetza Elkarrekin Eraikitzen hitzaldi zikloaren helburuak.

Tolosako Udalean ordezkaritza politikoa duten alderdi guztiek adostu dituzte hitzaldiak eta lehenean, Biktimen erreparazioaren eta bizikidetzaren bidean izenekoan, legediak biktimen inguruan jasotzen duena izan zuten hizpide. Euskal Herrian azken urteetan eman den gatazkaren ondorioz sortutako biktima kontzeptuaren bilakaera juridikoa eta haien tratamenduan eta defentsan egindako aurrerapenen berri eman zuten, zehazki, Gema Varona eta Laura Pego zuzenbidean doktore eta Kriminologiaren Euskal Institutuko ikerlari iraunkorrek. Era berean, egia zein biktimen erreparazioa bermatzera bideratutako justiziaren mekanismo desberdinak ere jorratu zituzten.

Solasaldi teknikoa eskaini zuten hizlariek, justizian dauden mekanismoen inguruko azalpenak emanaz eta euren esperientzia propioez hitz eginda, izan ere, biek izan dituzte elkarrizketak «alde bietako» biktimekin azken urteetan. «Polarizazio bat eman da biktimekin, nola gainditu daiteke ikuspegi polarizatu hori?», galdegin zien Aitziber Blanco moderatzaileak, hasteko. Hortik abiatuta, legediak, bai nazioartean eta baita Espainia zein EAE mailan, ematen dituen aukerak jarri zituzten mahai gainean. Hasteko gogoratu zuten Nazio Batuen batzar nagusiak 1985ean onartutako 40/34 erabakia. Horren arabera, biktima da kaltea jasan duen pertsona oro, bai kalte hori banaka edo taldean jasan badu ere, eta kalte hori fisikoa, mentala, emozionala, ekonomikoa edo beste eskubide batzuen urraketaren bidez emango da, beti ere nazioarteko giza eskubideen arauak urratu badira. Garrantzia berezia eman zioten biktimaren irakurketa horretan ez delako kontuan hartzen kaltea eragin duen hori identifikatua, atzitua, epaitua edota zigortua izan den ala ez.

Bide horretan, bi ildo izan zituzten hizpide; justizia trantsizionala eta konpontzailea. Lehenari buruz esan zuten «pragmatikoagoa» dela, «hasi eta bukatu egiten da», eta bigarrena zabalagoa da, ez du epe mugarik, eta «elementu kritikoa» ere badu, bestearekin konparatuz, «inozoagoa da, nolabait esateko». «Justizia penal ‘klasikoa’ zigorraren inguruan aritzen da, eta konpontzailean biktimak jaso beharreko ordain horren inguruan kokatzen da», esan zuten.

Bizikidetza elkarrekin  eraikitzen hitzaldi zikloa

Maiatzak 31, osteguna
Presoak, egungo legedia eta bizikidetza. Hizlariak Amaia Izko eta Rafa Sainz de Rozas izango dira eta moderatzailea Garbiñe Ubeda. Bizikidetza eraikitzeko bidean biktimen erreparazioaren eremuan ematen diren eta eman daitezkeen urratsak izango dituzte hizpide.

Ekainak 6, asteazkena
Tortura eta tratu txarren ikerketa txostenaren aurkezpena. Paco Etxeberria Gabilondo izango da hizlaria eta presoen egungo egoeraren ezagutzatik abiatuz eremu horretan eman diren aukerak eta erronkak aztertuko ditu, Tortura eta tratu txarren ikerketa txostena azalduz.

Oharra: Hitzaldiak 19:00etan izango dira, udaletxeko pleno aretoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!