«Pertsona eta pailazo bezala ez dut galdu fedea gizartean»

Imanol Garcia Landa 2018ko mai. 17a, 08:00

Probokazioa erabiltzen du Leo Bassik bere ikuskizunetan, eta «modu dibertigarrian» erabili behar dela azpimarratu du. Bufoiak «botere guztien aurka aritzeko» beldurrik ez duela dio.

Leo Bassik (New York, 1952) Utopia ikuskizuna eskainiko du Tolosako Leidor aretoan, bihar, 20:30ean. Amarozko Antzerki Asteak aurten 20. urteurrena beteko du ekainaren bukaeran egingo da, eta egitarau berezia prestatzeko behar den dirua lortzeko antolatu dute, besteak beste, Bassiren ikuskizuna. Bufoia izateari buruzko ikastaroa ere emango du Bassik asteburuan Amarotzen, baina dagoeneko izen ematea itxita dago.

Zeri buruz da 'Utopia'?

Gaur egun utopiaren ideiak fama txarra du, zinikoak garelako, eta uste dut akats bat dela. Utopiak existitu daitezke, eta uste dut ezin daitekeela bizi barruan utopiarik izan gabe. Beraz, horri buruz hitz egingo dut, baina pailazoaren ikuspuntutik, hori bainaiz.

Utopia esperantza bat da, ez da proiektu politiko bat. Arimaren egoera bat da. Proiektu politikoak etorri eta joan egiten dira; gogo bero askorekin iristen dira eta gero usteldu egiten dira. Proiektu politiko handiak nola erori diren ikusi ditut. Azkenean, arazoa ez da proiektu politikoa, arimaren egoera baizik. Eta utopiara iristeko egiten den bidea da pailazoek beti mantendu duguna. Pailazoak ez du proiektu politiko bat, baina esperantzaz bizi da, alaitasunarekin, biziarekiko maitasunarekin, eta hori aztertzen dut emanaldian.

Eta beti umorearen bitartez.

Noski, bestela ez nintzen pailazoa izango. Barrea eragitea da agian gizakiaren gauza konplikatuena. Alde batetik, badut ikuspegi filosofiko serioa, baina ez naiz seriotasunean erortzen. Esperantza eta ikuspegi hori modu dibertigarri batean adierazten saiatzen naiz. Eta hori da pailazoen desafio eternoa. Ni horretan saiatzen naiz eta ez diot beldurrik desafioari.

Finantza eta politika ustelkeriaz ere aritzen zara ikuskizunean.

Azken hamar urteotan eta egun bizitzen ari garena, esaterako Israeleko soldaduek palestinarrei tirokatzea eta dozenaka hildako eta ehunka zauritu eragitea, izugarrizko basakeria da, inpunitate osoz egiten ari direna. Eta beste horrenbesteko inpunitatez egin da azken urteotan diru publikoa ematea bankuei. Eta nire ikuskizunaren lehen partean hori egiten dut, azken urteotako balantzea egin, eta ikusten denez, edozein gauza egin daiteke eta inpunitate osoz gainera. Halere, hori gertatuta ere, pertsona eta pailazo bezala ez dut fedea galdu gizartean, eta ezta ere utopiak bizitzeko aukeran.

Ikuskizunetan probokazioa erabiltzeagatik zara ezaguna.

Bi modu daude probokatzeko. Modu serio, tragiko eta tristea dago. Baina niretzat probokazioak dibertigarria izan behar du. Hori bai, denek ez dute barre egiten. Adibidez, faxistek ez dute umorearen sena, eta modu askotara mintzen dira. Iglesia Patolica sortu nuen, eta Paticano izena duen kapera bat dut Madrilen, eta orain bi urte erre egin zidaten. Aurretik, bonba bat jarri zidaten Alfil teatroan 2006an. Zorionez artifizieroak baino faxistagoak ziren! Ez dakit zer ikerketa egin zuen hauen inguruan poliziak... Gero, abesti batengatik hiru urteko zigorra ezarri diote rap kantari bati.

Zer iritzi duzu zentsurari buruz?

Dimentsio asko daude horren inguruan. Abesti politikoak egiten badituzu, arrisku bat hartzen duzu. Inor haserretuko ez litzatekeen abestiak eginez gero, ez zen abesti politikoaren beharrik izango. Horrek esan nahi du, rap abeslariek egin dutena erabilgarria dela, pertsona batzuei molestatzen dienaz hitz egiten duela. Zerbait egiten baduzu eta inor ez baduzu molestatzen, agian ez du merezi egiteak. Horrek ez du esan nahi, noski, zentsura egiten duen jendea salatu behar ez denik. Gero eta oposizio gogorragoa, abestiak gero eta zentzu gehiago du. Askatasun osoa aldarrikatzeak esan nahi du gizartea erradikalki aldatzea.

Ikastaroa emango duzu bufoia izateari buruz asteburuan Amarotzen. Nola bideratuko duzu?

Belaunaldi askotako zirku tradizio batetik nator. Eta nik beste belaunaldiei ere tradizio hori pasatzeko beharra ikusten dut. Ikastaroak egitea eskatzen didatenean, gustura egiteaz gain, misio zentzu batekin ere egiten dut. Nik uste dut bufoiaren bizitzan une bat iristen dela, bufoia izatearena mantendu nahi duela, ez dadila galdu. Eta gaur egun premia gehiagorekin; badirudi komikoek bakarrizketalari izena hartu dutela eta denak telebistan daudela. Eta horietako asko sistemari salduta daudela ikusten ditut. Bufoiak proletarioaren duintasuna du, eta ez du beldurrik botere guztien kontra aritzeko eta bere ustez egia dena esateko.

Beraz, ikastaroaren lehen partea kontzientzia politiko bat esnarazteari buruz da. Bigarren partean, ikasleak bultzatzen ditut inprobisaziorako ahalmena izatera. Nik uste dut guztiok dugula barruan sumintasunerako ahalmena, eta sumintasun hori transformatu dezakegula, eta energia hori erabili elementu komiko bezala.

Uste duzu denok dugula bufoi bat barruan?

Nik uste dut baietz. Haurrak ikustea besterik ez dago, bufoi naturalak dira. Umeak energia, bizitasun, dibertitzeko gogo amaiezina du. Eta tristea da helduak kontaktua galtzen duenean bere barruko haurrarekin: bere bizitasuna galtzen du, eta zahartzen hasten da. Bufoiaren ezaugarri nagusiena da bere askatasunaz harro izatea, eta beldurrik ez izatea adierazterakoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!