Musikak hartuko du Tolosa, astebetez

Mikel Iraola 2018ko mai. 16a, 19:46

Musikariaren 24. edizioa ospatuko da larunbatetik aurrera, eta zazpi ikuskizunez gozatzeko aukera izango da. Musikherria egunarekin borobilduko dute astea, hilaren 26an.

Tolosako musikariek eta musikazaleek bat egingo dute datorren aste osoan. Eduardo Mocoroa Musika Eskolak Musikaria astea antolatu du 24. aldiz. Berezia izango da aurten, Mocoroa beraren jaiotzaren 150. urteurrena ospatzen ari baitira, eta efemeride horri lotutako ekitaldi bereziak izango baitira.

Larunbatean Tolosako Musika Bandak eskainiko duen kontzertuarekin hasiko dira ekitaldiak. Astelehenean, musika eskolako ikasleek osaturiko taldeek Eduardo Mocoroaren zenbait obra interpretatuko dituzte musika eskolan bertan, 19:00etatik aurrera.

Beste ekitaldi nabarmenetako bat asteazkeneko perkusio emanaldia izango da. Tolosako, Beasaingo, Errenteriako eta Amorebietako musika eskoletako ikasleek kontzertu bateratua eskainiko dute 19:30etik aurrera. Hain zuzen, kontzertu horretan bertan Musika Eskolako logotipo lehiaketako irabazlearen izena emango dute ezagutzera, eta saria emango zaio irabazleari. Etzi amaituko da lehiaketan parte hartzeko epea.

Ostegunean, berriro ere Eduardo Mocoroaren obrak izango dira entzungai, Santa Maria Elizan, Myriam Ulanga organo jotzailearen eskutik. Arimaz orkestrak ere izango du bere tartea Musikarian. Mozarten Bastien eta Bastienne operaren laburpen bat eskainiko dute, ostiralean, 20:30etik aurrera Leidor Antzokian. Opera, hain zuzen, euskaraz izango da, Antonio Maria Labaienek euskaratua.

Arimazek, hain zuzen, diru bilketa kanpaina bat abiatu du, ekoizpen gastuei aurre egiteko: bakarlariak, atrezzoa, libretoaren moldaketa, jantziak, balleta… Zazpi egun barru amaituko da laguntzeko epea.

300 musikari eta abeslaritik gora

Larunbatean, Musikherria festarekin amaituko da musikaz beteriko aste hau. Hain zuzen, urtez urte handitzen doa parte hartzea, eta aurten 300 musikari eta abeslari inguru bilduko ditu festak, goizetik hasita, gauera arte.

"Askotan gure entsaio geletan sartuta izaten gara musikariok, eta festa hau bada modu bat kalera irten, gure lana ezagutarazi eta gure arteko harremanak sendotzeko", azaldu du Joxe Manuel Agirre, antolakuntzako kide eta dultzaineroak.

Herriko talde eta elkarte ugarik hartuko dute parte aurtengo edizioan, eta hain zuzen, hori nabarmendu nahi izan du Nuria Carbonell kultur zinegotziak. Uztaritzeko Herriko Soinua elkarteko musikariak ere izango dira, bi herrien arteko senidetzea indartu asmoz.

Bazkaria, ohiko moduan, Zerkausian egingo da, eta aurten bildutako dirua Gautenari, Gipuzkoako Autismo Elkarteari, emango zaio. Sarrerak salgai daude dagoeneko, Xirimiri, Orbela eta Ikatza tabernetan, 12 euroren truke. 14 urtez azpikoek 6 euro ordaindu beharko dituzte.

Bazkalostean, Dax inguruko musikariek osatzen duten Los Incógnitos txaranga arrakastatsua izango da kalez kale. Eta jaiari amaiera emateko, Izaro eta Laket taldearen kontzertuak izango dira.

Egitaraua

MUSIKARIA

Larunbata 19, 19:00. Tolosako Musika Banda. ZERKAUSIA

Astelehena 21, 19:00. Musika Eskolako Ikasleak Eduardo Mocoroaren Omenez. MUSIKA ESKOLA

Asteartea 22, 19:00. “Lut” Taldea. MUSIKA ESKOLA

Asteazkena 23, 19:30. Perkusio Kontzertu bateratua. MUSIKA ESKOLA

Osteguna 24, 20:00. Myriam Ulanga. Organoa. SANTA MARIA ELIZA

Ostirala 25, 20:30. Arimaz orkestra, Bastien eta Bastienne opera. LEIDOR

Larunbata 26. Musikherria. Musika eskolako logo lehiaketa.

MUSIKHERRIA

09:30. Aurrera Dultzaina taldeen dianak herriko auzo eta kaleetan.

10:00. Incansables txaranga, Berazubitik Plaza Zaharrera.

11:00. Isidro Larrañaga akordeoi orkestra Plaza Zaharrean, Klarinete jotzaileak Aroztegieta/Errementari arteko txokoan, Hodeiertz abesbatza Lopez Mendizabal plazan.

11:00. Musika eskoletako ikasle taldeak kalez kale: Txistu taldea, ikasleen banda, akordeoi joleak, klarinete joleak, Uztaritzeko Herri Soinua Elkartea.

11:30. Laskorain Ikastolako Abesbatza Plaza Zaharrean.

12:00. Hodeiertz abesbatza Plaza Zaharrean.

12:00. Tolosa Kantari, Maria Luisa Agirre doktorearen plazatik, Esnaola-Urruzola eskolako ikasleekin eta “Uztaritzen Kantuz” taldearekin.

12:00. Udaberri dantza taldeko fanfarrea.

12:15. Laskorain Abesbatza Lopez Mendizabal plazan.

12:45. Isidro Larrañaga akordeoi orkestra Lopez Mendizabal plazan.

Bazkal aurretik Konponezinak txaranga, Incansables txaranga.

14:30. Herri bazkaria Zerkausian, Gautena elkartearen alde, Laskorain ikastolak prestatua. Tiketak: Xirimiri, Orbela eta Ikatza tabernetan Prezioa: 12 (helduak), 6 (14 urtez behekoak)
Bazkal ondoren musika zuzenean eta Larrain Dantza.

18:00. Los Incógnitos txaranga.

21:00. Plaza Berrian: Izaro.

23:00. Dantzaldia Plaza Berrian: Laket taldea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!