T2Tk ikusmin handia piztu du, eskualdean batik bat. 310 dortsal prestatu zituen antolakuntzak, eta atzo arratsaldean agortu ziren guztiak. Dortsalik gabe geratu diren horientzat itxaron zerrenda zabaldu dute. Uzturre eta Erroizpiera igoko dira lasterkariak, 24,5 kilometroko bidea osatuz. Lasterketa honetako irabazleak 150 euroko saria jasoko du; 100 euro emango dizkiote txapeldunordeari, eta 50 hirugarrenari.
T3Trako, berriz, oraindik badira dortsalak. 340 parte-hartzailerentzat dago lekua, eta gutxi batzuk baino ez dira geratzen. 43,5 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek, Hernio, Uzturre eta Erroizpetik igaroz eta 2.800 metroko malda metatuari aurre eginez. Kasu honetan, maratoia irabazten duenak 500 euroko saria jasoko du, 250 euro bigarrenak eta 125 hirugarrenak.
Bolondres beharrean
Proba hau antolatzen laguntzeko ezinbestekoa da ia 200 bolondresen laguntza. Ibilbidean zehar laguntzeaz gain, probaren aurretik eta ondoren ere eginbeharrak izaten dira, eta horietarako jendea behar dute antolatzaileek, batik bat Tolosa eta Ibarra arteko bidegurutzeetan laguntzeko. Beste edonon laguntzeko prestutasuna duena ere ongietorria izango dela azaldu dute antolatzaileek.
Izena emateko edo edozein zalantza argitzeko hiru bide daude: t3tmaratoia@gmai.com helbidea, t3tmaratoia.saresozialak@gmail.com helbidea, edota 688 68 21 07 telefono zenbakia.