Fronton eraikina eraberritu, eta 30 urterako esleituko du udalak

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko mai. 16a, 10:01

500.000 euroko inbertsioa egingo dute eraikina berritzeko obran; maiatza amaieran negozioa ustiatzeko lehiaketaren pleguak argitaratuko dituzte.

25 urteren ondoren, udalarekin hitzartutako kontzesioa amaituta, Tolosako Fronton jatexeak eta Fronton kafetegiak ziklo bat itxi dute azken hilabeteotan. Eraikina berriro martxan jarri nahi du udalak, eta horretarako ezinbesteko izango dute eraberritze zenbait egitea; eraikinak, gaur egun, ez ditu oinarrizko irisgarritasun baldintzak betetzen. Bide horretan, Tolosako Udalak bi esleipen egingo ditu, frontoiko eraikinari begira: eraberritze obra egingo duen enpresarena, bata, eta datozen urteetan jatetxea edo kafetegia ustiatuko dutenena, bestea.

Obrari dagokionez, Tolosako Udalak balizko kostuen azterketa bat egin zuen iaz, «lanen tamaina ikusita»; eraberritze lanen kostu osoaren kalkulua egin nahi izan zuten, horren arabera esleipen pleguak prestatu ahal izateko. Horrela, beraz, udalak «ezinbestekotzat» jo du Fronton eraikinaren eraberritzean inbertsio bat egitea: «Gainerakoan, esleipena bideraezina litzateke». Horrenbestez, Tolosako Udalak 500.000 euro bideratuko ditu Fronton eraikineko obretara.

Segurtasun eta irisgarritasun baldintzak betetzeko, batetik, eraikinaren teilatua eta fatxada berrituko dituzte eta, era berean, malda eta igogailua ere eraikiko dituzte eraikinean. Lan horiez guztiez gain, kafetegi eta jatetxearen ardura hartzen dutenek bestelako obrarik egin nahiko balute, beren gain hartu beharko lukete obra eta berrikuntza horien kostua. Hori dela eta, Tolosako Udalak Fronton eraikineko ustiatzea 30 urterako hitzartea erabaki du, inbertsioa amortizatu ahal izateko.

ZIKLO BERRI BATEN HASIERA

Aste honetan bertan esleituko du, Tolosako Udalak, Fronton eraikineko obra, izan ere, eraberritzea nork egingo duen zehaztea nahitaezkoa da, gerora eraikinaren ustiapena lehiaketara ateratzeko.

Tolosako Udalak azaldu du, «anbizio handiko proiektua» sustatu nahi izan dutela Fronton eraikinerako: «Aurreko esleipendunek ospe eta izen ona eman diote jatetxeari, eta balio erantsia eman nahi izan diogu». Bide horretan, jatetxearen eta pilotalekuaren arteko horma leiho bilakatu, eta bezeroek kantxa ikusi ahal izatea zen hasierako asmoa. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak, ordea, atzera bota du ideia: eraikin babestua da eta ezinezkoa da halako obrak garatzea.

Prozesu horrek lehiaketako pleguen atzeratzea ekarri du, baina hilabete honetan bertan jarriko dituzte, azkenik, jendaurrean. Kafetegia eta jatetxea ustiatzeko interesa dutenek hilabete eta erdi izango dute beren proposamenak aurkezteko eta, aurreikuspenen arabera, udan bertan esleipena egingo du Tolosako Udalak.

Kudeaketa horrek guztiak ahalbidetuko du, besteak beste, Fronton eraikinak ziklo berri bati ekitea. Maiatza amaieran eraberritze lanak hasiko dira, eta bost hilabeteren bueltan amaituko dituzte. Ondoren, negozioaren ardura hartzen dutenek helduko diote beren lanari, eraikina berriro martxan jarri ahal izateko.


30

HIRU HAMARKADATAKO ESLEIPENA

Eraikina zahar-berritu eta gero, jatetxe eta kafetegi barruan berrikuntzak egitea esleipendunek hartu beharko dute beren gain. Horregatik, balizko inbertsio hori amortizatu ahal izateko, udalak Fronton eraikinaren kontzetsio epea 30 urtera luzatzea erabaki du.


500.000

MILIOI ERDI EURO, ERABERRITZERA

Fronton eraikina gaur egungo segurtasun eta irisgarritasun baldintzetara egokitzeko, nahitaezko zenbait obra egin behar dira. Kostua handia dela ikusita, Tolosako Udalak 500.000 euroko inbertsioa egingo du teilatua, fatxada, malda eta igogailuaren obrak finantzatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!