Herrikide, Hezkuntzako Berrikuntza sarietako finalisten artean

Mikel Iraola 2018ko mai. 15a, 20:13

500 ikastetxe baino gehiagoko 750 proiektu aztertu ditu hezkuntza arloko adituez osatutako epaimahaiak; Tolosako Herrikide ikastetxearen KIDE programa, Bullying-ari aurre egiteko proiektuen mailan zazpi onenen artean dago.

Herrikideko KIDE proiektuak berak joan den urteko urrian jaso zuen lehen saria, Alcala-ko (Madril, Espainia) Unibertsitateko IMECA ikerkuntza taldearen eskutik. Bada, bigarren sari bat jasotzeko hautagaien artean da orain. Innovación Educativa sarien lehen edizioa ospatuko da, eta gaur jakinarazi dutenez, Tolosako ikastetxea zazpi finalisten artean dago.

Maiatzaren 25ean emango dituzte jakitera saridunak. Momentuz, bozketa epea abiatu dute webgunean, eta momentuz botoen %5a eskuratu du Tolosako ikastetxeak.

Emaitzetatik harago, Peio Agirrezabal zentroko zuzendaria pozik mintzatu da: «Honelako sari edo izendapenek erakusten dute proiektua sendoa dela. Esperientzia eta ibilbide luzea dugu proiektu honen barruan, eta interes handia pizten ari da, baita Euskal Herritik kanpo ere».

Duela 13 urte sortu zuten KIDE, Kidetasunerako Dinamikak Eskolan programa, Herrikiden, eskola jazarpena saihestu eta bizikidetza positiboa sustatzeko helburuarekin. Adimen emozionalean oinarritzen da proiektua, eta gatazkak hauteman ondoren, horiek kudeatzeko dauden tresnak ikasleen eskura jartzen ditu.

«Gatazka batetik irteteko eta aurrera egiteko aukerak aztertzen ditugu proiektuan. Azken finean, helburua da gatazken aurrean guztiok prest izatea, guztiok izango baititugu gatazkak bizitzan zehar», dio Agirrezabalek.

Bost adarreko proiektua

Horretarako bost esparrutan eragiten dute. Gaztetxoenentzat, 5-7 urte bitarteko haurrentzat, Adostokiak delakoak sortu dituzte. Bertan, ikasleak, euren kabuz, arazoei konponbidea ematen saiatzen dira.

Hirugarren mailatik gorako ikasleentzat, berriz, bitartekaritza zerbitzua dute. LH5 eta LH6ko ikasleek egiten dituzte bitartekari lanak; DBH1 eta DBH2ko ikasleak, berriz, bitartekari-laguntzaile gisa aritzen dira.

Sare sozialetan sor daitezkeen gatazkei begira, aldiz, ziberkide delakoak sortu dituzte, DBH4ko ikasleekin. Formazio bereziak jaso ondoren, tutoretza saioak izaten dituzte. Ikasleek ziberkide horiekin harremanetan jartzeko aukera dute e-mail bidez. Agirrezabalen ustez, «ikasleek gertutasun gehiago dute elkarren artean, irakasle edo gurasoekin baino, eta arazoak ekiditen laguntzen du horrek».

Amaitzeko, bizikidetza behatokia dute. Orientazio departamentuko kideek, irakasleek, irakasle ez diren eskolako langileek, gizarte zerbitzuetako pare bat kidek eta hainbat gurasok osatzen dute taldea, eta hilabetean behin arratsalde batez biltzen dira, gaiaz hausnartzeko.

Herrideko ordezkariak –erdian, Peio Agirrezabal– Alcala-ko Unibertsitateko sari banaketan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!