Osasun publikoaren afera

Asuncion klinikako langileek bertan behera utzi dute greba

Ataria 2018ko maiatzaren 14a

Ahozko akordio batera iritsi dira Asuncion klinikako langileak eta zuzendaritza, eta ondorioz, "momentuz bertan behera" utzi dute duela bost hilabete hasitako greba. "Ez dugu aurreakordiorik sinatuta, ahozko akordioa izan da, baina gerturatze bat egon da, eta ondorioz greba uztea erabaki dugu", esan dute langileek.

Pasa den astean izandako bilera batean KPIaren igoeraren eta lanorduen inguruko gerturatze bat egon zen eta ondorioz, duela bost hilabete hasitako borrokaldia bertan behera utzi dute. Abenduaren 13an hasi zituzten mobilizazioak eta hilabete hauetan hainbat greba egun izan dituzte langileek, Legebiltzarrean agerraldiak izan dituzte, elkarretaratzeak, manifestazioak... "Bost hilabeteko borrokaldiak eta mobilizazioek presioa egiteko balio izan dutela erakusten du honek", azaldu dute.

Langileak pozik daude lehen pauso honekin, baina hurrengo bilerara begira daude orain. "Ez dugu hitzordurik zehaztu, baina aurreakordio bat edo dena delakoa sinatu beharko dugu, eta horren zain gaude", gaineratu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!