‘Bizikidetza elkarrekin eraikitzen’ hitzaldi-zikloa antolatu du Tolosako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2018ko mai. 14a, 09:26

Tolosako Udalean ordezkaritza politikoa duten alderdiek, bizikidetza elkarrekin eraikitzeko erronken inguruko hitzaldi zikloa antolatu dute, elkarlanean.

Ziklo honek bi helburu nagusi ditu: bizikidetza eraikitze aldera ditugun zenbait erronken inguruko ezagutzan sakontzea eta hausnarketa zabala sustatzea.

Hori lortze aldera alde batetik bi mahai inguru antolatu dituzte, maiatzaren 16an eta 23an. Lehen hitzaldian bizikidetza eraikitzeko bidean biktimen erreparazioaren eremuan ematen diren eta eman daitezkeen urratsak izango dituzte hizpide. Bigarrenean, berriz, presoen egungo egoeraren ezagutzatik abiatuz eremu honetan diren aukerak eta erronkak aztertuko dira.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak aurkeztu berria duen IVAek egindako “Tortura eta tratu txarren ikerketa” txostenaren edukiak hobeto ezagutzeko hitzaldia izango da ekainaren 6an.

‘Bizikidetza elkarrekin eraikitzen’. Egitaraua

Biktimen erreparazioaren eta bizikidetzaren bidean

Hizlariak: Gema Varona Martínez eta Laura Pego Otero
Moderatzailea: Aitziber Blanco
Data eta tokia: maiatzak 16, asteazkena, 19.00etan Pleno Aretoan
Azalpena: Gema Varonak eta Laura Pegok, zuzenbidean doktore eta Kriminologiaren Euskal Institutuko (KREI) ikerlari iraunkorrek, ikuspegi juridiko eta humano batetik abiatuta, giza eskubideen bortxaketen biktimen errealitatea landuko dute. Biktima-kontzeptuaren bilakaera juridikoa, haien tratamenduan eta defentsan egindako aurrerapenak, eta horrek denak zer suposatu duen. Halaber, sakondu egingo dute egia zein biktimen erreparazioa bermatzera bideratutako justiziaren mekanismo desberdinetan. Eta biktimengandik gertu egotetik ateratako ikaskuntzak eta konpongaitzaren erreparazioaren zein bizikidetzaren bidean hala erakundetatik nola gizartetik eman litezkeen urratsak.

Presoak, egungo legedia eta bizikidetza

Hizlariak: Amaia Izko abokatua eta Rafa Sainz de Rozas, Zuzenbide Penaleko irakasle EHUn eta Arartekoko Justizia Arloko koordinatzailea.
Moderatzailea: Maite Artola
Data eta tokia: maiatzak 23, asteazkena, 19.00etan Pleno Aretoan

Tortura eta tratu txarren ikerketa txostenaren aurkezpena

Hizlaria: Paco Etxeberria Gabilondo. Medikuntza doktore eta auzitegiko antropologian zein biologian aditu. Kriminologiaren Euskal Institutuko lege-medikuntzako irakasle eta Arantzadi Zientzia Elkarteko presidente.
Aurkezlea: zehazteke.
Data eta tokia: ekainak 6, asteazkena 19.00etan Pleno Aretoan

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!