Berazubi auzo elkarteak IV. Kultur astea egingo du ostegunetik aurrera

Tolosaldeko Ataria 2018ko mai. 11a, 14:20

Egitarauaren barruan, larunbatean, Munduko Txapel Jaurtiketa lehiaketa egingo dute estadioan, 160 urte bete dituen Boinas Eloseguiren babesarekin antolatu dutena.

Ekitaldiz beteta dator, aurtengoan ere, Berazubi auzo elkarteak antolatu duen kultur astea. Jose Antonio Telleria eta Agustin Artola auzotarrek aurkeztu dituzte ekitaldiak eta larunbatean 12:30ean hasita Berazubiko estadioan egingo duten ekimena nabarmendu dute: Munduko Txapel Jaurtiketa txapelketa izango da. «Gipuzkoan ohitura gutxi dago horrelakoak antolatzeko, tradizio handiagoa dute Errioxan edo Aragoin». Berazubin festen barruan ere antolatu izan zuten lehenago, baina erreferentzia garbirik gabe, iaz berreskuratu zuten kultur astearen barruan. Boinas Elosegui enpresak babestuko du ekimena, 160. urteurrena ospatzeko antolatu dituen ekitaldien barruan. «Urrutien nork txapela bota lehiatuko gara eta egunean bertan izena emateko aukera izango da», esan du Artolak.

Tolosa CFk eta Tolosako Udalak lagundu dute auzo elkarteak antolatu duen egitaraua eta beste hainbat babesle ere izango ditu. Ostegunean Martin Beramendi eta Jesus Vallejo auzotarrek egindako artelanak jarriko dira ikusgai auzo elkarteko lokalean. 17:00etan izango da inaugurazio ekitaldia eta hortik aurrera festa giroa nagusituko da Tolosako Berazubi auzoan.

Maiatzak 17, osteguna
17:00. Zizelkatutako egurraren inguruko erakusketaren inaugurazioa lokalean. Martin Beramendi eta Jesus Vallejoren lanak.
19:30. Luis Erasok motozerrarekin egurra zizelkatuko du.
20:30. Viña Roel albariño ardoen dastaketa auzo lokalean.

Maiatzak 18, ostirala
17:30. Haurrentzako pelikula auzo lokalean.
19:00. Joxe Mendizabalek girotutako pintxo potea.

Maiatzak 19, larunbata
12:30. Munduko Txapel Jaurtiketa Berazubiko estadioan.
13:00. Triki poteoa auzoko kaleetan zehar.
14:30. Herri bazkaria, norberak berea eramana.
16:00. Djotas DJa.
22:30. Berazubiko auzo lokalean antzerki emanaldia Alazne Etxeberriaren eskutik: Mujer vasca soltera busca.

Maiatzak 20, igandea
12:30. 3x3 futol txapelketa auzoko kaleetan.
13:00. Pintxo potea eta ardo nafarren dastaketa.
14:30. Acordes Navarros jota nafarrak.
16:00. Nafar bazkaria.
22:30. Kontzertua: Peru.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!