«Txapel bat ez da txapel bat, txortenik gabe»

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko mai. 10a, 10:28

Bizitza erdia eman du Boinas Elosegui enpresan lanean, eta 160. urteurrenak hala jarraitzeko hauspoa eman diola dio Ander Astigarraga zuzendari komertzialak (Donostia, 1968). Halako ibilbidea duen enpresa bakarretakoa da eta, hastapenetan bezala, gaur egun ere mundu osora esportatzen dituzte Tolosan egindako txapelak.

160 urtean zerbait aldatuko zen.

Proba egin izan da beste zenbait produkturekin, baina txapeletan espezializatuz bukatu izan dugu beti. Txapel ezaguna eta kalitatezkoa da, eta horixe egiten jarraitzen dugu.

Zein produkturekin egin izan da proba?

Bururako osagarri berriak sortzen saiatu izan gara, hasieratik josteko moduak aldatuz. Merkatu hori, ordea, ez da oparoegia guretzat. Gure txapelak egitea oso zaila da eta, gainera, urte askotako jakintza baten ispilu ere bada.

Zein da txapel bat egiteko prozesua?

Jende askok pentsatzen du oihal bat hartu, patroia egin, moztu eta josi egiten dugula, baina, ez, txapela ez da horrela egiten. Txapela egiteko, artilearekin txapelaren formako pieza bat trikotatzen dugu lehenik, eta buruan sartzeko zuloa ere egiten diogu; pieza hori, benetako txapela baino askoz ere handiagoa izaten da. Ondoren, batanatu egiten dugu: artilezko edozein jertse garbigailuan sartzen dugunean, beroarekin eta mugimenduarekin, txikitu eta konprimitu egiten da, eta filtro bilakatzen. Txikitze horrekin gure txapelaren benetako neurria lortzen dugu, pieza bakarrean. Prozesu osoan horrek ematen du lan gehien. Gero kolorea ematen zaio, eta molde borobil bat jartzen zaio txapel bakoitzari: 24 orduz 100 gradutan edukitzen ditugu labean, txapelek forma har dezaten. Eta, amaizeko, barruko forrua eta izenak jartzen dizkiegu.

Sorreratik hona aldatu al da ekoizpen prozesua?

Oinarria bera da, baina teknika batzuk aldatu egin dira, noski. Josteko edo trikotatzeko makinak aldatu ditugu eta txapeletan ura ez sartzeko produktu bereziak erabiltzen ditugu gaur egun.

Eta, txortena ere, betidanik izan dute.

Txapel bat ez da txapel bat txortenik gabe; erdi kasualitate batetik sortu zen, gainera. Txapela trikotatu aurretik, hariak lotu egin behar izaten dira, joskurak desegin ez daitezen. Artilea filtro egiterakoan, korapilo hori txorten bilakatzen da eta, hasieratik, Eloseguik txorten hori utzi egin izan die txapelei. Gaur egun, akaso, txapelaren elementu garrantzitsuena izango da.

Gaur egun, zenbat txapel ekoizten dituzue?

Eloseguik bi motatako txapelak ekoizten ditu. Batetik, ohiko bezeroak daude, txapela kalerako erabiltzen duten gizon-emakumeak. Eta, bestetik, txapel militarrak ere egiten ditugu, aspaldidanik; nazioartean, esparru militarrean, Eloseguiko txapelak entzutetsuak dira. Txapel zibilak eta txapel militarrak gehituta, urtean 200.000 txapel inguru egiten ditugu.

Eta, zenbat langile ari zarete?

Orain 22 langile gara enpresan; ni hasi nintzenean, 55 langile inguru ginen. Argi dago belaunaldi arteko aldaketa bat izan zela, eta txapelaren erabilera izugarri murriztu zela. Horrek, noski, Eloseguiri zuzenean eragin zion; momentu zailak bizi izan genituen, baina orain nahiko egonkortuta gaude. Gure erronka da belaunaldi berriek txapela janztea, osagarri praktikoa, polita eta bertakoa delako.

Betiko txapel beltzak, hala koloretakoak: zein saltzen dituzue gehiago?

Txapel beltzak, oraindik ere, asko saltzen ditugu; jende askok janzten du. Hala ere, garai berrietara egokitzen saiatzen gara, modaren joeretara egokitzen, gazteengana hurbiltzeko. Gure betiko txapela jantzi baitaiteke desberdin, koloreekin eta txapela janzteko moduekin jolastuz. Betiko txapelari bisera moduko bat ere josi diogu modelo berri batean, eta itxura berriagoa ematen du.

Garai eta teknologia berrietara ere egokitu zarete.

Jende gazteak erakusten digu produktu batek arrakasta duen edo ez, beraz, gazte jendea dabilen lekuetan egon behar dugu guk. Horregatik, Boinas Elosegui sare sozialetan dago, eta moda munduko jendearekin ere elkarlanean ari da. Horiek izan daitezke arrakastarako bide, eta lanean ari gara, bide horiek urratzen jarraitzeko.

Baduzue lehiakiderik?

Euskal Herrian ez dugu lehiakide zuzenik. Frantzian, adibidez, bada gure antzeko lantegi bat; oso zaharra hura ere, eta erreferentziazkoa. Noski, Frantzian ere txapela oso ikonikoa da. Asian ere ekoizten dituzte txapelak, baina askoz ere kantitate handiagoetan; kalitateak ez dauka zerikusirik.

Zein da zuen gainbalioa?

160 urteko enpresa izatea nahikoa gainbalio da. Boinas Elosegui oso ezaguna da txapel munduan, eta posizio ona ematen digu horrek. Horrez gain, gure lankideak esperientzia handikoak dira, urteak baitaramatzate hemen lanean; mimo handiz egiten dute dena.

Etorkizuna ikusten diozu, beraz, Boinas Eloseguiri.

Zalantzarik gabe, bai. Hemen gauden langileok gure egitekoa amaitu egingo dugu noizbait, baina jende berria iritsiko da, eta Boinas Eloseguiren ibilbidea luzatuko dute. Txapela betiko produktua da, eta badakigu zein den bere erabilera, baina moda oso aldakorra da; ezin da jakin zer etorriko den, eta garai berriak tradiziozko produktuekin oso ondo uztartu daitezke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!