«Taldeko familia giroarekin geratzen naiz»

Asier Imaz 2018ko mai. 9a, 12:36

Eskubaloian 9-10 urterekin hasi zen Aitor Iturralde (Errenteria, 1983). Egun, 35 bete dituenean eta Tolosako koloreak soinean, agur esatea tokatu zaio. Ligako azken partidan esan zion agur 'Aitortxo'-k eskubaloiari, azken bost denboraldiak urdinez jokatu ondoren.

Ligako azken partida agurreko partida izan zen zuretzat.

Banekien ezin nuela jokatu gaixotasun bat medio. Fisikoki kantxan ezin nuen egon, baina hor egon nahi nuen taldea animatzen.

Sentimendu askoko agurra izan zen.

Ez nuen horrenbestekorik espero. Nik ez nekien ezer, baina denak elkar hartuta zeuden. Eskerrik asko Aitortxo jartzen zuen kamiseta ikusi nuenean... «Zer egin duzu?», esan nion nire buruari.

Landutakoaren ordaina.

Denei eman nizkien eskerrak. Gero, bi, hiru, hamar eta azkenean denak negarrez. Zerbait ondo egingo nuela pentsatu nahi dut, uzterakoan jendea horrela gelditu baldin bada.

Kirola baino zerbait gehiago uztearen sentimendua.

Nik uste azkenean lortu duguna hori dela: familia bat izatea. Garrantzia horri ematen diot nik.

Agurreko une horretan zer pasa zitzaizun burutik?

Dena momentu onak. Eta begira badirela entrenamenduetara gogo handirik gabe joaten zarenekoak, edo beste hainbat gauza. Baina une horietan ez zara horietaz gogoratzen. Igoera lortu genuenekoa; autobusean egindako bidaietan bota ditugun barreak; afariak; taldeko konfidentziak...

Izan ere, ordu asko daude hor.

Azken bost urte hauetan familiako zenbaitekin baino ordu gehiago eman ditut beraiekin. Bidaia laburretan 10-12 ordu pasa ditugu gutxienez elkarrekin. Azkenean, familia bat da.

Baina kirolari guztiei iristen zaiena iritsi zaizu, azkenean.

Pena bat izan da. Erabakia ia hartuta neukan, baina kantxan, jokatzen esan nahi nion agur. Gainera ondo ari ginen jokatzen, goiko postuengatik borrokan. Denboraldi hasieran ez genuen horrelakorik espero.

Hirugarren amaituta, igoera fasea postu bakarrera geratu zaizue azkenean.

Anaitasunarekin berdinduta amaitu dugu, baina han ez genuen partida egokia egin. Aulkian zaudenean galdutako puntu tonto horietaz gogoratzen zara. Lau izan ziren, eta lau horiekin lehen postuan amaituko genuen. Baina gizakiak gara eta hutsegiteak dauzkagu.

Bizi osoa Tolosan pasa duzula ematen du, ez bost urte bakarrik.

Beste talde batean 18 urte pasa ditut. Hona iritsi berritan, jubenilek lehen taldera jauzi egiten dutenean izaten duten beldur eta urduritasun hori neukan. Baina denek beso zabalik jaso ninduten, eta hori da eskertzen dudana.

Eta zer eman diezu zuk jokalari bezala?

Kantxan ahal dudan guztia ematen saiatu naiz beti. Kantxatik kanpo beteranoen papera hartu izan dut, gazteei zubi lanetan lagunduz.

Zerekin geratzen zara?

Taldeko familia giroarekin.

Eta begira igoera, Zilarrezko Maila eta abar egon direla.

Azkenean eskubaloia iritsi eta joan egiten da. Aurten taldera etorri den batek esaten zidan, eskubaloiari esker ezagutu garela. Egia da. Eskubaloiari esker ezagutu ditut orain taldean daudenak eta lehen ere egon direnak. Kidetasun hori ez da inoiz galduko. Horrekin geratu beharra daukat. Partida garrantzitsuak irabazi ditugu, igoera lortu genuen, baina azkenean afarietara joaten naizenean norbaitekin joaten naiz, eta horrekin geratzen naiz.

Tolosa CF Eskubaloia non geratzen da zu gabe?

Hor goian eta jende askorekin gainera. Azpi-azpitik oso ondo ari dira lanean. Gu iritsi ginenean, duela 5 urte, oso haur gutxi zebilen harrobian. Azken partidan haur batek argazkia eskatu zidan. Arraroa egin zitzaidan, baina horrek gauzak aldatu direla erakusten du. Tolosa Eskubaloia esatea etorkizuna esatea da. Hor atzean umeekin lanean jende asko dago. Gero eta emaitza hobeak lortzen ari dira gainera. Euskal Ligan daude, selekzioekin joaten dira... Oso ondo ari dira lanean txiki-txikitatik lehen taldera iritsiko diren jokalariak formatzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!