TAKEko neskak esperantzaz; mutilek zail dute, baina posible da

Ataria 2018ko mai. 8a, 18:10

Partida ona jokatu arren, TAKEko neskek gutxigatik galdu dute lauko finalean sartzeko kanporaketako joaneko neurketa, eta emaitzari buelta emateko esperantzaz dira; mutilek ere galdu egin dute eta oso zail dute igoera fasea jokatzea.

Neskek gogoz prestatu zuten Atletico San Sebastianen aurkako norgehiagoka, lauko finalean egotea luketelako sari kanporaketa irabaziz gero, eta lehen minututik bistan geratu zen gogotsu zirela.

Lehen laurdenean defentsan sendo aritu ziren bi taldeak, hortik emaitza: 5-6. Tolosarrei, ordea, maldan gora jarri zitzaien neurketa, 0-10ko partziala lortu baitzuten donostiarrek bigarren laurdenaren hasieran. Baina ez zuten amore eman, eta azken hiru minutuetan indar erakustaldia eman zuten TAKEko neskek: atsedenaldira iritsi aurretik ia guztiz jan zieten aldea. Mezua ere garbia: garesti salduko dugu gure porrota.

Aldageletatik bueltan hasiera bikaina izan zuen Alain Rekondoren taldeak, Irati eta Marta buru zituela. Biak izan ziren taldeko saskiratzaile nagusienak, 10 puntu sartuta. 21-23 jartzera iritsi ziren, baina asko estutu zen lehia. Jokaldi ederrak ikusi ziren. 

Ainhoa, Marta eta Loreren hirukoek bizirik mantendu zuten TAKE azken laurdenean, eta bost minuturen faltan berdinduta ziren markagailuan. Guztia erabakitzeke zegoen. Donostiarrek beste kolpe bat eman zuten, baina tolosarrek erantzuna eman zioten. Ez zen, ordea, berdintzeko nahikoa izan. Eta izan zuten aukera, azken jokaldian, baina behartuta egindako jaurtiketa ez zen sareratu. 43-45.

Bi puntu ez dira ezer, eta asteburuan Donostian jokatuko dute itzulerako neurketan sorpresa emateko esperantzaz dira tolosarrak. Asteburuan erakutsitako bidetik badoaz, ongi doaz.

Mutilek garaipena behar

Ligako azken neurketa jokatuko dute mutilek datorren asteburuan. Duela bi aste liderraren aurka erdietsitako garaipenak esperantza eman zion Yon Gonzalezen taldeari, baita indarrez bete ere. Baina asteburuan berriro ere galdu egin du, eta oso zail jarri zaio igoera faserako sailkapena.

Tabirako Baqueren kantxan jokatu zuten tolosarrek, ia 1.000 zaleren aurrean. Turutak eta guzti banatu zizkieten zaleei presioa egiteko. Eta nabaritu zuten tolosarrek. "Kikilduta atera ginen", dio Gonzalezek. Lehen laurdenaren amaieran 23-4koa zen emaitza, eta horri buelta ematea ezinezkoa izan zitzaien: "Bigarren laurdenetik aurrera gauzak ongi irten zitzaizkigun, baina esfortzu askoren ondoren zazpi bat puntura hurbiltzen ginenerako, beste kolpe bat ematen zuten, eta akabo gure aukerak". Hain zuzen, alde hori izan zen amaieran markagailuan: 62-55. Averagea, behintzat, mantendu dute tolosarrek.

Ezin aipatu gabe utzi azken asteotan taldea egiten ari den lana, bajak medio: "Jokalari asko falta zaizkigu. Azken neurketa honetan, esaterako, lehen taldeko bost jokalari soilik zeuden jokatzeko moduan", aitortu du Gonzalezek. 

Asteburuan Unamunoren aurka neurtuko ditu indarrak TAKEk Usabalen. Neurketa horretarako ere lehen taldeko lau jokalariren presentzia izango du soilik. Baina dena ematera aterako dira, igoera fasea jokatzeko txartela baitute helburu, eta hori lortzeko garaipena ezinbestekoa dute. 

Estatistikak ere atera ditu Gonzalezek: "64 emaitza posbile gerta daitezke hurrengo jardunaldian, eta horietatik 14tan jokatuko genuke igoera fasea. Guk, beraz, irabazi egin beharko dugu, eta ondoren, itxaron. Joan den urtean aurkakoak ziren aukera guztiak, eta saskibaloia zorretan da gurekin. Ea zorte hori aldeko dugun oraingoan".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!