Armairua aldatzea, ohiturak aldatzeko

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko maiatzaren 4a

Maitane Ormazabal Larzabalek Armairu aldaketa ikastaroa eskainiko du, bihar, Tolosako Zuzeu dendan; antolakuntza, ohiturak eta ingurumena izango dituzte ezinbesteko zutabe.

Ordura arte egiten ari zen guztia utzi, eta egitasmo berri bati ekitea erabaki zuen, duela urtebete inguru, Maitane Ormazabal Larzabalek (Lasarte, 1979), antolatzaile profesionala izateko. Beti gustuko izan duela ogibide bilakatu du orain, Txukuntzen enpresan, eta etxebizitzak, bulegoak, mudantzak nahiz herentzian jasotakoak antolatzen eta txukuntzen laguntzen dio jendeari. Horrela, bihar bertan Armairu aldaketa tailerra eskainiko du Tolosan, Kale Nagusiko Zuzeu dendan.

17:00etatik 19:00etara bitarte, Zuzen dendaren atarian norbere armairua kudeatzeko gakoak eskainiko dizkie adituak, izena eman dutenek. Lidia Hernandez Zuzeuko arduradunak azaldu du, ekainaren 2an berriro antolatuko dutela tailerra, arrakasta ikusita: "Helburua tailer dibertigarri bat egitea da eta, Kale Nagusiko merkatarioi horrelako gauzak antolatzea asko gustatzen zaigunez, mahaia kalera aterako dugu, pasatzen den jendea ere entzutera hurbildu dadin".

Izan ere, maitasun istorio txiki baten parekoa izan da Zuzeuren eta Maitane Ormazabal Larzabalen artekoa: "Zuzeu sare sozialetan ezagutu nuen, eta segituan harrapatu ninduen, ingurumenarekiko duen ikuspegiarekin oso bat natorrelako", dio Txukuntzeneko arduradunak. Izan ere, lau zutabe nagusiren gainean eraiki du proiektua: ordena, oreka, lasaitasuna eta ingurumenaren zaintza. Azken horrek bereziki harrapatuta, Lidia Hernandezek eta Maitane Ormazabal Larzabalek moda azkar eta etengabe ekoitzitakoaz kanpoko mundu bat sustatu nahi dute, beren proiektuetatik: "Zuzeun, erabilitako arropa jaso eta saltzen dut eta, nolabait, Txukuntzen proiektua nire zikloan falta zitzaidan katebegia zen: antolakuntzarena. Antolakuntza on batek behar ez duguna berrerabiltzea dakar, eta Zuzeuk aterabidea ematen dio horri", dio Lidia Hernandezek.

Bere aldetik, Maitane Ormazabal Larzabalek "Zuzeu gehiago" behar direla uste du: "Europan zertxobait bidaiatu duen edonork daki, bigarren eskua izan daitekeela duina, eta Zuzeu da horren erakusle. Erosteko beste filosofia bat da, eta gehiago gauzatu beharko litzatekeena. Ez dugu ahaztu behar, ehun-industria dela, petrolioaren ondoren, gehien kutsatzen duena".

Horrela, muturreko diziplinetatik oso urrun, norbere ohiturak norbere irizpide eta mugen barruan ordenatzeko ariketak iradokitzen dizkie, Txukuntzenek, bezeroei: "Gure espazio eta etxebizitzetako antolaketak asko esaten du gure psikologiaz eta, askotan, nire lana gatazkak konpontzea izaten da".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!