«Desberdina izatearen emozioei heldu nahi izan diegu antzezlanean»

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko mai. 4a, 07:52

Mami Lebrunekin laudorioak eta arrakasta pilatzen aritu eta gero, Kepa Errasti eta Xabier Ormazabalen Xake Produkzioak oso bestelako proposamen batekin taularatuko da, gaur, Tolosako Topic zentroan. 20:30ean hasiko da Lur ikuskizuna. Haur transexual baten istorioa abiapuntu izango du.

'Lur' ikuskizuna estreinatuko duzue, gaur, Topic-en. Zer ikusi ahal izango dute bertaratuek?

Kepa Errasti: Ikuskizun familiar bat da; ez dugu gustuko, esatera, etxeko txikienei bakarrik zuzendurikoa dela. Egia da, haur ikuskizunei lotuago egon daitekeen hari eta estetika dituela ikuskizunak, baina uste dut mezua, ia haurrentzako baino gehiago, helduentzako dela; haurrek, askotan, mezu hori helduok baino askoz ere barneratuago daukate.

Xabier Ormazabal: Igandean pase bat egin genuen lagun batzuentzat, eta gurasoak zirenak ere hunkituta atera ziren. Eta, hain zuzen, hori lortu nahi genuen guk: helduentzako mezu bat ere sortzea. Izan ere, askotan, gurasoak haurrekin etortzen dira, eta azken ilaretan esertzen dira, ikuskizuna haurrentzako bakarrik dela pentsatuz. Kasu honetan ez da horrela, eta denentzako izatea nahi dugu.

Eta, zein da mezu hori?

K.E.: Ez zait gustatzen gaia hori denik esatea, baina protagonista mutil transexual bat da. Bere inguruko batzuk ulertzen dute errealitate hori, baina beste batzuk ez; onartzen ez duten horietako bat aita da, hainbat arrazoirengatik. Obrak onarpen falta horrek haurrari sortzen dion sufrimendua du hizpide.

X. O.: Bai. Azken finean, esan nahi duguna da gertukoengandik maitatuak eta onartuak sentitu nahi dugula; hori da antzezlanaren mezua. Kasu honetan haur transexual bat da, baina sentimendu berberez hitz egin genezake, haurra beltza balitz edo adoptatua balitz, adibidez.

30 bat egun eman dituzue, Topic-en, entseguak egiten, baina noiz hasi zen 'Lur' bidea egiten?

K. E.: 2016an edo. Gure lehenengo lana estreinatu genuen, Mami Lebrun. Garai hartan ondo funtzionatzen ari zela kontuan hartuta, erabaki genuen bigarren obra bat sortzen hastea. Xabik hemen, Topic-en, lan egiten duenez-eta, askotan aipatzen genuen bazuela magia puntu bat txotxongiloak hezur-haragizko aktoreekin nahasteak. Horri bueltaka ari ginela, zein istorio konta genezakeen pentsatzen hasi nintzen, eta bururatu zitzaidan txotxongilo bat izan daitekeela, generoa oso finkatuta edo markatuta ez duen zerbait. Eta hori izan zen Lur ikuskizunaren abiapuntua. Kasu honetan, hezur-haragizko aktoreek pisu handiagoa dute obran, txotxongiloek baino; ez da txotxongilo ikuskizun bat. Baina protagonistak badu panpina bat, txotxongilo dena, eta pertsonaia horri pisua eman diogu istorioan.

X. O. : Gainera, antzezlanaren hasieran aurkezten dugun Lur txotxongiloa bera da. Kepak esan bezala, hori abiapuntua izan zen eta, 2016an bertan, gidoia Eusko Jaurlaritzako idazketa diru-laguntzen deialdira aurkeztu genuen eta, horri esker, obra idatzi ahal izan genuen. Gero, 2017an, ekoizpenerako diru-laguntza ere jaso genuen, eta horrekin esan genuen: «Aurrera». Diru laguntza hori jasotzeak baldintza bat du: antzezlan hori 2018an barrena estreinatzea. Horrela, data bat zehaztu genuen, eta hementxe gaude.

Gogotsu zaudete?

K.E.: Bai, bai. Azkenerako nekagarria izaten da estreinaldi aurreko epea. Zuk zure iritzia daukazu, baina jendearen aurrean proba egitea polita izaten da. Guk, batez ere, jakin-min handia daukagu, haur-ikuskizun eta helduen ikuskizunaren arteko oreka horren inguruan. Igandeko pasean, hain justu, horixe azpimarratu zuten ikusi zutenek.

X. O.: Ordu asko pasatzen ditugu barruan, ez bakarrik entseguetan, baita lehena ere, testua idazten-eta. Gauzei buelta asko ematea dakar horrek, eta zail suertatzen da zurrunbilo horretatik pixka bat atera, eta obra hori behin ikusiko bazenu, zer irudituko litzaizukeen pentsatzea.

Galdu egiten da objektibotasun hori.

K.E.: Bai. Eta, horrez gain, beldur pixka bat ere badugu. Mami Lebrunek hain ondo funtzionatu duenez, jendeak erreferentzia hori dauka, eta obra hau erabat desberdina da. Oso bestelako publiko mota bati begirakoa da eta, akaso, ikusleak antzokietara beste zerbaiten esperoan bertaratuko direnaren beldur gara. Baina ea jendeak zein iritzi duen.

X. O.: Nik uste dut Mami Lebrunek barrenak mugitzen zizkiola jendeari, bai barre egiteko, bai negar egiteko. Bazegoen, jende multzo handi bat, antzerkia modu horretan sekula bizitu ez zuena; edo barre egiten zuten, edo ez zitzaien halako sentimendurik sortzen. Esango nuke jendea horregatik engantxatu dela Xake produkzioak-ekin, baina ea orain honek zein sentsazio sortzen dien ikusleei. Hala ere, gu pozik gaude emaitzarekin. Eszenografiarekin ere apustu bat egin dugu, aurrekoa askoz ere txikiagoa eta minimalistagoa baitzen, eta argiztapenak ere magia berezia emango dio.

Txotxongiloarekin batera, zenbat aktore ariko zarete oholtzan?

K. E.: Erika Olaizola, Mikel Laskurain, Nerea Gorriti eta ni neu. Zuzendaritzan, berriz, Getari Etxegarai ariko da, eta zuzendari laguntzaile Xabier Ormazabal eta Xanti Agirrezabala aritu dira. Azkenik, David Alkorta teknikari lanetan ari da. Talde polita dugu, aurrekoan baino handiagoa, baina oso gustura gaude.

Tolosako saioaz gain, emanaldirik baduzue aurreikusita?

K.E.: Bai. Maiatzaren 14an Urnietan izango gara, eta udazkenera begira hitzartu ditugu gainontzekoak: Durango, Zumaia, Aretxabaleta, Zarautz eta beste batzuk ere izango dira.

Antzezlaneko gaia erdigunea hartzen ari da, azken urteotan, gizartean.

K.E.: Bai, gainera, bitxia da obra honekin gertatu dena. Testua idaztez bukatzen ari nintzela, autobus laranjaren kontua gertatu zen, eta sekulako zirrara eragin zidan. Eta, estreinatzeko entseguekin hasi ginenean, Ekairena gertatu zen. Sormen prozesuko une desberdinetan izan bada ere, gai horren inguruko bi albiste oso garrantzitsu sortu dira bi une horietan, eta horrek iradokitzen digu akaso garaia dela horrelako istorio bat kontatzeko. Dena den, errespetu handia ematen du.

X.O.: Bai. Hala ere, uste dut asmatu dugula, gaiaren sakon-sakoneraino ez garelako sartu. Pertsonaiak 7 urte ditu, eta oraindik oso mundu sinplea dauka haurrak; maitatua sentitu nahi du, besterik gabe, eta oraindik ez zaizkio nerabezaroko aldaketak iritsi. Bere kezka hori nabarmena izango da, eta askotan esango du bera mutila dela, baina ez dugu izugarri sakonduko.

K.E.: Gaia korapilatsua da, eta erpin eta iritzi asko daude inguruan. Guk, ordea, horri baino, desberdina izatearen emozioei heldu nahi izan diegu. Pertsonaiarekiko enpatia bilatu nahi izan dugu guztiaren gainetik, izan ere, uste dugu ez garela egokienak transexualitateari buruz hitz egiteko.

X.O.: Hainbat korronte daude transexualitatearen inguruan, eta eztabaida handiak ere bai.

Ardura handia da horrelako gai bat antzezlan bakarrera mugatzea, ezta?

K.E.: Bai, sekulakoa. Egia esan, idazten hasi nintzenean jendearekin gaiaz hizketan hasi nintzen, eta pentsatu nuen: «Nor sartzen ari gara?». Sekula neure buruari egin gabeko galderak sortu zitzaizkidan eta, gainera, erantzuten ez nekien galderak.

X.O.: Horregatik, bakoitza izan dadila nahi duen bezalakoa. Kasu honetan, Anek argi uzten du mutila dela baina, aldi berean, erakusten du gustura dagoela bere gorputzarekin.

K.E.: Ez dakigu zer gertatuko litzaiokeen nerabezarora iritsitakoan, baina interesgarria iruditzen zitzaigun haur bat bere gorputzarekin gustura sentitzea eta, mutila izan arren, Aneri bere pottotta gustatzea. Batez ere, pertsonaia positibo bat sortzearren, helburuetako bat ere hori izan baita. Gatazka handi bat du, bere aitak ez duelako den bezala onartzen, baina aitona eta bera bi protagonistak oso baikorrak dira, eta hori zen garrantzitsua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!