«Arrotza dirudien arren, oporrak etxean igarotzen ditut»

Josu Artutxa 2018ko mai. 6a, 10:55
Ura Iturralde tolosar argazkilaria.

Madrilen argazkilaritza ikasketak burutu zituen Ura Iturralde Larrañagak (Tolosa, 1979); gerora, argazkilaritza dokumentalean espezializatu zen. Azken urteetan, aldizkari eta egunkari ospetsuetarako argazkiak atera izan ditu, kolaborazio modura. Horrez gain, Aranburu jauregian Che Guevarari buruzko erakusketa bat ere antolatu zuen 2015ean.

«Hura izan zen nire lehen lan potoloa», dio. Gaur egun, berriz, autonomo gisara dihardu lanean, batetik bestera bidaiatuz, betiere kamera eskutik askatu gabe, eta duela gutxi, bi argazki lehiaketa ospetsutako finaleraino heldu dira bere lanak: SIPA (Siena International Photo Awards) eta Baffest 2018.

Noiz ikusi zenuen zure burua argazkilari modura, eta zergatik espezializatu behar hori?

Zortzi urtez jarraian denda batean lanean aritu ostean, nire ilusioa edo ametsa egia bihurtzeko ordua heldu zela ohartu nintzen. Lehendik aurreztuta nuen diruarekin, kamera hartu eta Asiara joatea erabaki nuen. Bakarrik joan nintzenez, bertan, hiru hilabetetan, nire kabuz argazkiak ateratzen ikasi nuen, asko gainera. Azkenik, handik bueltan, Madrilen espezializatzea aurrerapauso handia izango zela pentsatu nuen, eta horregatik erabaki hori. Txikitatik izan dudan ilusio handienetako bat bidaiatzea izan da. Bestetik, buruan gordeta ditut oso gustuko ditudan historiako pasarteak: Che Guevararen ingurukoa, Palestinako egoera, Romanov sendiaren hilketa… Horiez gain, badira hemen inguruan bestelako historiak ere, Tolosako mojena esaterako. Hala ere, kanpokoek atentzio gehiago ematen didate, gustukoagoak ditut.

Zein dira argazkilaritza dokumentaleko eginbeharrak edo jarraitu beharreko urratsak?

Argazkien bitartez historiako pasarte bat kontatzea da helburua. Ez da horren samurra, hartu beharreko irudiek ez dutelako turismoa egitera joaten garenean atera ohi ditugun argazkien antza. Esaterako, Errusiara egindako azken bidaian, aurrez hemen prestatutako gidoi batekin joan nintzen. Zortzi egun igaro nituen bertan, eta horietako bakoitzean zer egin behar nuen jakinda joan nintzen. Edozein akats gertatuz gero, hasperen egin eta gidoia moldatu beharra izango nuen. Azken batean pixka bat ikasita joaten naiz, baina gero joaten naizen tokian gehiago ikasten dut.

Zertan bereizten dira zure argazkiak, eta zein dira dituzten alde negatiboak?

Estetikoki, agian, ez dira horren politak. Egia esateko, ez daukate batere zerikusirik. Gero gainera, zailtasun handia izan dezaket, atera nahiko nituzkeen argazkiak ateratzeko aukerarik izango ez banu, pertsonaren batek horietan agertu nahi ez balu edo. Hobeto esanda, jendea ezagutzea ezinbestekoa da, beharrezko konfiantza hori lortu ahal izateko.

Izan duzu edo oraindik baduzu argazkilari erreferenterik?

Asko ditut, eta emakumezko argazkilarien lanak hartzen ditut erreferentzia moduan. Hala ere, bakarrik bidaiatzen duten gizonezkoak askoz gehiago dira.

Webgune bat ere baduzu, baina ingelesez dago. Arrazoi batengatik?

Bai. Argi nuen gazteleraz bakarrik ez nuela egin nahi. Beste aukera bat euskaraz, gazteleraz eta ingelesez osatzea izango zen, baina hori lan gehiegi izango litzateke niretzat. Orduan, testu gehiegi ere ez daukanez, ingelesez egitea erabaki nuen, mundu guztiarentzat ulergarria delako, eta gainera, guztiz bisuala.

Gaur egun, argazkilari independente edo autonomo bezala aritzen zara. Gustura zaude?

Bai. Ni nire saltsan nago, eta benetan gustuko dudana egiten dut. Hala ere, hau oso zaila da, ez daukadalako soldata finkorik, eta horrek izugarrizko buruhausteak ematen dizkit. Beti pentsatzen jartzen naiz ea bidaiak burutu ondoren, ateratako argazkiekin osatutako proiektuak saltzerik izango ditudan ala ez. Orain, ordea, denetik egin ohi dut: ezkontzetako argazkiak, argazki saio ezberdinak, irakasle bezala aritzen naiz gazteekin kultur etxean… Ahalik eta irtenbide gehien bilatzen saiatzen naiz, bizia aurrera eramateko. Bere lanaz soilik bizi den argazkilaritza dokumentaleko inor ez dut ezagutzen. Ezinezkoa da. Gainera, munduan zehar ni bezala aritzen diren pila bat argazkilari daude, eta aurten ere, historikoki esanguratsuak dira zenbait data badaude. Beraz, hara edo hona joatekotan egonez gero, argazkilari horiek nora joango diren pentsatu beharko dut lehenago.

Zenbait aldizkari esanguratsuetarako kolaborazioak egin dituzu: Interviu, 7K, Al Jazeera… Nolatan?

Aurrena, aldizkari bakoitzari zer interesatzen zaion jakin behar duzu. Gutxi gorabehera badakit bakoitza zein esparrutan mugitzen den. Hala ere, Al Jazeerakoei Kuban azaldutako musulmanen inguruko erreportajea proposatu nienean, banekien egunero milaka eta milaka mezu jasotzen dituztela, eta ez nuen uste erantzungo zidatenik, eta are gutxiago baiezkoa emango zidatenik. Baina zorionez, muturra sartu eta gaiarekin asmatu nuen, oso zaila baita.

Iazko urte amaiera aldera Palestinan egon zinen, alerta egoeran dagoen herrialde batean. Zer dela eta joan zinen hara eta zeren bila?

Betidanik ikusi nahi izan dut bertan nola bizi diren, baina nire begietatik. Mila aldiz irakurri dut bertako egoeraren inguruan, baina ez da berdina. Hara iritsi eta parke tematiko bat iruditu zitzaidan, ez nuen batere argi non nengoen. Hala ere, pixka bat ikasten joaten zara, eta aukera izango banu, berriro itzuliko nintzateke, asko dagoelako ikasteko. Baina, nire kasuan, gatazka ikusi nuen arren, hortik aparte ibili nintzen, bestelako istorio batekin. Samariarrekin batera hogei egun igaro nituen. Gainera, palestinarrak zoragarriak dira. Sekula ez zitzaidan burutik pasa ongietorria izango nintzenik, eta nahi nituen argazki guztiak ateratzen utziko zizkidatenik.

Duela gutxi, San Petersburgon izan zara. Arauen bat edo beste ere hautsi duzu, ezta?

Romanov sendiaren hilketaren harira egin dut bidaia. Haiek hil zituzten lekuan, eliza bat altxa zuten duela urte batzuk. Pareta batean fusilatu zituzten, eta nik banituen argazki zahar batzuk, errusiarrei erakutsi eta horma hura non zegoen galdetzeko erabiltzen nituenak. Halako batean, pareta horren aurrean nengoela esan zidaten, baina ezin zela argazkirik atera. «Bai zera!», pentsatu nuen. Askok mugikorrarekin ateratzen zizkioten argazkiak, eta nire kamerak flash-a ez zuela justifikatzen saiatu nintzen. Azkenean, ordea, ezkutuan pare bat argazki egitea lortu nuen.

Berriro bueltatzea zaila izango den leku batera joatean, irudiak gordetzea ezinbestekoa baita.

Bai, eta asko ikasten dudalako gainera. Ni ez naiz oporretara joaten; ni lanera joaten naiz. Arrotza dirudien arren, oporrak etxean igarotzen ditut.

Azkenengo samariarra, azkenengo Tsar-a… desagertzen ari diren historiak interesatzen zaizkizu?

Asko gustatzen zaizkit. Samariarrena betidanik entzun dudan historia da, Bibliari lotua, eta hara iritsi eta bertan topatzea sekulakoa izan zen niretzat. «Zenbat zarete?» galdetu, eta «700!» erantzun zidaten. «Kontxo! Nola mantentzen dira? Azkenak dira. Ez daude gehiago», pentsatu nuen. Momentu horretan beraiekin nengoela aprobetxatu behar nuen, asko kezkatzen ninduelako. Gutxiengoak direnen inguruko erreportajeekin saga moduko bat egiteko proiektua buruan darabilkit: Samariarrak batetik, Irango ijitoak bestetik, Palestinako beduinoak…

2018a gorriz markatuta duzula diozu, eta dagoeneko beste bidaia bat duzula buruan. Urte garrantzitsua, beraz?

Ez dakit oso ondo oraindik. Gauza bat nahi dudana da, eta beste bat oso ezberdina, ahal dudana edo egingo dudana. Hala ere, Iranera joan nahiko nuke, baina Iranera joaten banaiz, Palestinara ezingo dut sartu. Orduan, asko pentsatu beharra daukat. Esaterako, aurten Pablo Escobarren hilketaren mendeurrena dela uste dut; hala ere, bertako historia gehiago ezagutzera ez naiz joango, ia argazkilari guztiak bertara joango direlako.

Horrenbeste bidaia eta zenbat kultura ezberdin. Hizkuntzekin zer moduz moldatzen zara? Ez duzu beldur edo urduritasun puntu bat aurreikusten irten baino lehen?

Jada ohitu egin naizela esango nuke. Palestinan, adibidez, inork ez zuen ingelesez egiten, eta mimika erabiliz komunikatu behar izan nuen. Baina ni oso lasai nengoen, nahiz eta ez zidaten ezer ulertzen, sekulako laguntza ematen zidatelako. Bestalde, orain arte gutxien gozatu dudan bidaia Mozambikera egin nuena izan zen. Bakarrik joan nintzen, eta emakumezko argazkilari zuri bakarra nintzen. Noski, kamera handi bat neraman eskuan eta beraz guztiek begiratzen ninduten. Kontu handiz ibili behar izan nuen. Iranera joaten banaiz ere, badakit ez nautela ulertuko, persieraz hitz egingo dutelako.

Azken iritzi-testuan diozu kuriositateak mugitzen zaituela. Zein kuriositate motak?

Historiak bilatzen ditut, ez dago besterik. Palestinara, gainera, ez nintzen samariarren bila joan, hori neure buruan gordeta nuen beste plan bat zen. Baina bertan nengoela kuriosoa egin zitzaidan beraien historia, eta horrek bultzatu ninduen beste argazki batzuk ateratzera. Orduan, kuriositateak behin han nagoela mugitzen nau. Iranen nengoenean nire buruari galderak egiten hasi nintzen bertan ijitoak zeudela ohartzean: «Hemen?», «Nolatan» eta «Zergatik?» Neure burua erotzen dut, neronek, kuriositate horien erruz.

Zeintzuk izan dira, orain arte, gehien hunkitu zaituzten bidaiak edo historiak?

«Hemen hil zuten Romanov sendia» edo «horma horren kontra egon zen Che Guevara» bezalako esaldiak entzuten nituen bitartean, leku berean egote horrek zerbait berezia sentitzera eramaten ninduen. Edozein leku historikotan nagoela, gertaera garrantzitsuak entzuten ditudan bitartean asko hunkitzen naiz.

Aurrera begira, lehenago Che Guevarari buruz egin zenuen bezalako erakusketarik egiteko asmorik baduzu, edo horiek pisu astuneko lanak dira?

Che Guevararen historiari buruz, ia batxilergoan baino gehiago ikasi nuen. Guztia ezin hobeto antolatu nuen, hara nola iritsi, bertan norekin hitz egin… guztia nekien. Eta behin herrira iritsi nintzenean, zuzenean beraiengatik galdetu nuen. Gaur egun egiten ditudan lanak, lasaitasun handiagoarekin hartzen ditut, eta ez naiz orduan bezain urduri jartzen. Erakusketa bat egiteak lan handia eskatzen du, eta ez dakit orain merezi didan horrelako zerbait egiteak. Lehen esandako gutxiengo horien inguruko lanak bukatuz gero, posible da egunen baten erakusketa potolo bat osatu ahal izatea. Orain, emakumezko argazkilarientzat antolatutako Baffest 2018 argazki lehiaketako finalista izatea lortu dut. Hara bidali ditudan argazkiak Samariarrei buruzkoak dira, eta horiekin panel bat osatu dute, gainerako bost finalisten lanekin batera erakusketa batean jartzeko. Hala ere, erakusketa oso bat nik egin behar izatea pisu handiegia dela iruditzen zait.

Hain zuzen, irabazleak 400 euroko ordainsariaz gain, 2019ko erakusketan argazkilari gonbidatu bezala aritzeko aukera izango du. Lehenik eta behin, zorionak! Baina, errealistak izanik, aukerak dituzula uste duzu?

Mila esker! Finalera iristea zerbait handia da, baina, nire burua ez dut irabazle bezala irudikatzen. Izan ere, argazkilaritza dokumentaleko edota argazkilaritza garaikideko lanak aurkeztu daitezke, eta beraien artean, ez dute batere zerikusirik. Nire ustez ezin dugu elkarrekin lehiatu. Nire lana erabat ezberdina da, istorio bat kontatzen du. Beraiena artistikoagoa da, eta normalean horiek irabazi ohi dute. Gainera, hemen ateratakoak dira, eta hori lortzea oso zaila izaten da. Orduan, Tibetera joan eta bertako argazki batekin etortzea, ona ala txarra izan daiteke.

Ia 20 urte aurrera eta atzera kamerarekin bidaiatzen ari zarela. Ez daukazu inoiz deskantsu bat hartzeko asmorik, edo behintzat, beste modu batera aritzeko nahirik?

Nire buruak, nahigabe ere, ez dauka deskantsurik. Ohera sartzen naizen bakoitzean pentsatzen hasten naiz. Izan ere, beti ikusten ditut argazkiak leku guztietan. Nirekin kanpora eguna igarotzera joatea amets gaizto bihurtu daiteke, baita lagunentzako ere. Nire urteko deskonexio une bakarrak inauteriak eta San Joanak izan ohi dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!