Gaizka, Istanbul esaten dugunean, zer bururatzen zaizu?
Ba gauza asko. Historia, jende ezberdina, itsasoa, Bosforoa, Ekialde eta Mendebaldearen elkargunea, Konstantinopla... Gauza asko datozkit burura. Hiria asko aldatu bada ere antzinako historia sumatzen da giroan. Europatik gertu baino hala ere hain urrun. Zibilizazio ezberdinak elkartzen diren hiri handi eta xarmagarria.
Istanbulen bi zona daude ezta? Kontatu pixka bat nola den hori…
Hala da bai, Bosforo itsasarteak bitan banatzen du hiria. Alde batetik Europa, beste batetik Asia. Bi kontinente baina hiri bakar bat. Ni Asiako aldean bizi naiz, Europa aldera pasatzeko barkua hartzen dut, garraiobide erosoena da eta bistak zoragarriak dira.
Txoko bat, lasai sentitzeko hainbesteko zalapartatik kanpo?
Gaur egungo Istanbulek zerikusi gutxi du Konstantinopla izandakoarekin. Hiria asko hazi da, eta trafikoa itzela da. Hala ere badaude jendetzatik alde egin, eta lasai egoteko leku batzuk. Adibidez barku bat hartu eta hiritik ordubetera edo Printze Uharteetara joan zintezke. Asteburuetan ez joatea gomendagarria da, jende gehiago egoten baita. Bosforoko itsasartearen bazterrak edo Gülhane parkea ere jendetzatik kanpo lasai egoteko leku interesgarriak dira.
Janaria, zein duzu gogokoen? Leku sinple eta gustuko bat zerbait jateko?
Istanbul zibilizazio askoren elkargune bat izan denez, janari desberdin eta jatorri askotakoak daude. Jateko leku asko gomendatu ditzaket, zerrenda oso luzea da. Bat esatekotan Asiako aldean dagoen Çiya izenekoa esango nuke. Denetik dago probatzeko bertan, sukalde turkiar tradizionala probatzeko aukera ona. Gauza ezberdinak probatzeko ideiarekin joan!
Hondartzara joateko aukerarik bai? Egun-pasa bat egiteko nora joan gintezke?
Istanbulen bertan bainatzeko arazorik ez dago, dena den hondartza politik ez dago eta urak ez dira oso garbiak. Turkian hondartza izugarri politak daude, baina Istanbuletik kanpo, egun berdinean joan eta etortzeko urruti xamar daude. Egeo Itsasoko kosta gomendatuko nuke, Turkiako hego-mendebaldean itsasoak kolore ikusgarria du, kolore turkesaren jatorria ikusteko aukera aparta.
Ezagunak dira hango meskitak, meskita urdina, Santa Sofia eta beste batzuk, baino zuk nora bidaliko zeniguke horiez gain?
Hala da bai. Egia esan Santa Sofia izatez eliza bat da, gaur egun museoan bihurtu dutena. Meskita urdina ikusgarria da, baino Süleymaniye Meskita adibidez ez da hain ezaguna baina ikusgarria da, gomendagarria. Gainera Meskita Berria, alderdi historikoan, ez da hain ezaguna eta bai meskita bera bai inguruko arkitektura liluragarriak dira.
Zerbait berezia bilatzen dabilen batentzat, zer egin genezake? Nora joan gintezke?
Bosforotik Iparraldera Itsaso Beltzerantz doan barku bat hartu eta ikuspegiaz gozatu dezakezue. Europako itsasartean dagoen Sariyer auzora jaitsi eta bertako jatetxe batean arrain fresko errea jatea gomendatzen dizuet. Ibilbide turistikoetatik kanpo geratzen da, baina bertako jendearekin nahastu eta esperientzia desberdina bizitzeko aukera oso ona da. Rakia, alkohol dezente duen anisa edaten dute bertakoek arrainarekin. Animatu baino kontuz ibili, gehiegi ez edan!
Zer ikusi edo egin gabe ezin gara bueltatu Istanbuletik?
Meskita Urdina (Sultanahmet) eta Santa Sofya ikustea ezinbestekoa da. Topkapi eta Dolmabahçe jauregiak ere derrigor ikusi beharrekoak. Batez ere Topkapi ikusteko ordu batzuk erreserbatu behar dira, lasai-lasai bere igarobide dotoreetatik ibiltzeko. Erosketak egiteko intentziorik ez baduzue ere Bazar Handira sartu eta bertako kolore eta usainekin gozatu. Handik ez oso urruti Espezieen Bazarra aurkitzen da, hau ere ikusi eta dastatzeko modukoa da.
Sinonimo bat Istanbulentzat...
Konstantinopla.