Maiatza Gorria abiatuko du, gaur, Otsabi auzo elkarteak

Ataria 2018ko maiatzaren 2a

Hitzaldi, solasaldi eta dokumetal proiekzioak izango dira hilabete honetan, Izaskungo Otsabi auzo elkartean, Maiatza Gorria ekimenaren barruan.

Gaur bertan izango da lehen hitzordua. Tolosako Gazte Asanbladak EZtaBAIda Gunea aurkeztuko du, eztabaida eta solasaldiarentzat espazio tarte bat zabaltzeko egitasmoa.

Ondoren, hilaren 9an, Pasaiako Badiaren dokumentala eskainiko dute, estreinakoz, Tolosan. 1984eko martxoaren 19an Pasaiako badian gertatutakoa kontatzen du lanak: Espainiako poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituzten segada batean. Xabier Otamendik, Yuri Agirrek eta Erik Aznalek egindako dokumentalak ordubeteko iraupena du eta emanaldiaren egunean hiruretako bat bertan egongo da dokumentala aurkezten eta ondorengo galderei erantzuten.

Hurrengo hitzordua maiatzaren 16an, asteazkena, izango da. Egun horretan, jada hiru hilabete greban daramaten Tolosaldea-Buseko langileen hitzaldia izango da. Bertan, autobuseko gidaria eta ELAko ordezkaria den Ana Alkortak langileek dituzten lan baldintzak eta grebaren arrazoiak azalduko ditu. Hilaren 20an, berriz, sorpresa bat prestatu dute, aurrerago zehaztuko dituzten hainbat musikariren laguntzarekin.

Eta azkenik, maiatzaren 23an, Italiako Mugimendu Autonomoetan parte hartu zuen militante baten esperientzia ezagutuko dute lehen pertsonan. Mugimendua Italia iparraldeko gune industrializatuetan eman zen 70eko eta 80ko hamarkadetan, eta bere garai hoberenean eskola, ospitale eta lantokiak kontrolatzera ailegatu zen. Bartan egon zen militante honek mugimenduaren gorakada eta ondorengo deuseztea azalduko du.

Hitzaldi eta emanaldi guztiak arratsaldeko 18:30ean hasiko dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!