«Erdi tolosarrak garela esaten digute; guk oso-osorik garela»

Irati Saizar Artola 2018ko mai. 2a, 07:58
Nene Diop, bere emaztea Mareme Ly eta semearekin. IRATI SAIZAR

Duela hamabi urte iritsi zen Euskal Herrira Nene Diop senegaldarra. Kale-salmenta izan zuen bizibide bi urtez, eta Asuncion Klinikako sukaldean egiten du lan orain.

Senegaldik Tolosara. Txalupa batean sartu eta astebete pasa zuen lurrik ikusi gabe Nene Diopek. Kanariar Uharteak, Madril, Caceres, Bilbo eta Markina zapaldu ondoren, Tolosan geratzea erabaki zuen. Egun, Mareme Ly emaztearekin eta bi urteko haurrarekin bizi da.

Azken urte hauetan ohikoa da Tolosako kaleetan barrena zurekin topo egitea.

Bai, hamabi urte daramatzat Euskal Herrian bizitzen; 2006an etorri nintzen Senegaldik. Lehenik, Bilbora iritsi nintzen, ondorengo urtea Markinan pasa nuen, eta azkenik, Tolosan amaitu dut.

Zer dela eta Tolosan?

Euskal Herrira iristean kale saltzaile gisa hasi nintzen, diskoak eta filmak saltzen. Markinan bizi nintzen lehen hilabetean, Ermua eta Zumarraga arteko herrietara joaten nintzen saltzera. Pixkanaka, ordea, ondoko herriak ezagutzen hasi nintzen: Ordizia, Beasain, eta azkenik Tolosa. Tolosan zortea izan nuen. Nik ez nuen ezer ulertzen, ezta gaztelera ere. Tolosara etorri nintzen egun batean frantsesez hitz egiten zuen emakume batekin topatu nintzen. Izugarrizko poza hartu nuen, eta beregana gerturatu nintzen. Kasualitatez, hizkuntzak irakasten zituen, eta gaztelera erakutsiko zidala zin egin zidan. Eta Tolosan geratu nintzen; Karmentxu ostatuan gela bat alokatu nuen.

Lanez aldatzeko aukera ere Tolosan aurkitu zenuen.

Bai, horretan ere zortea izan nuen. Tolosako Fronton kafetegian Asuncion Klinikako nagusia ezagutu nuen. Lagundu egin nahi ninduela esan zidan, kale-salmenta utz nezala nahi zuen, eta lan kontratu bat egin zidan. Lehen bi urteak paperik gabe egin nituen, eta jende zoragarria ezagutzeko aukera izan nuen. Pozez gainezka Senegalera itzuli nintzen, bisa eskuratu, eta itzultzean lanean hasi nintzen. Hamar urte daramatzat klinikako sukaldean lanean.

Nolakoak izan ziren Senegaldik irten zineneko egunak?

Oso-oso gogorrak. Duela gutxi hasi naiz hau guztia kontatzen, orain arte ezin nuen kontatu ere egin. Txalupa batean etorri nintzen. Astebete egin nuen txalupa hartan Kanariar Uharteetara iritsi aurretik, bakar-bakarrik, oso egoera latzetan. Janari eta edateko oso gutxi genuen, eta 93 lagunek egin genuen itsasoa zeharkatzeko bide hura. Zortez, guztiak iritsi ginen. Kanaria uharteetan tramite batzuk egin, eta Madrilera eraman ninduten. Handik, Caceresera. Han, zentro batean itxaron behar izan nuen Bilboko lagun bat nire bila etorri arte. Lagun hari deitu zioten ea nire kargu egiterik ba ote zuen galdetzeko; hark baietz esan zuelako, bestela, berriro bidaliko ninduten nire herrialdera.

Pixkanaka, ordea, hasierako egoera aldatzen joan zen.

Hasieran gogorra izan zen, bai bidaiagatik eta baita guztia ezberdina zelako ere: jendea, kultura, hizkuntza… dena zen ezberdina niretzat. Baina ondoren izan nuen zortearekin, ez dut hainbeste sufritu beste etorkin askorekin alderatuta.

2008an Senegalera egin zenuen bisitan norbait berezia ezagutu zenuen.

Familia bisitatzeko ideiarekin joan nintzen Senegalera, eta han, orain nire emaztea dena ezagutu nuen, Mareme. 2011an ezkondu ginen Senegalen bertan; Tolosara etor zedin egin beharreko tramiteak egin genituen, eta duela bost urte iritsi zen Tolosara. Honek, nik ez bezala, hegazkinez etortzeko zortea izan zuen [Barreak].

Senegaldik irten aurretik, nolakoa irudikatzen zenuen Euskal Herria?

Ez nuen horretan pentsatu ere egiten. Etorkin gehienak bezala bizitza kalitate hobearen bila atera nintzen. Gaztea nintzen, gurasoen albotik joateko gogoa nuen, bidaiatzeko, aldatzeko gogoa. Lehen ideia argia zen: handik irten eta bizitza hobetzea.

Eta lortu duzu?

Bai, orain oso gustura gaude, ezin gara kexatu. Lagun oso onak dauzkagu Tolosan, pentsa, kuadrilla ere badugu. Nire emaztea ere kontentu dago; gaztelania ikasi du, modelo izateko kurtso bat ere egin du, eta noizean behin, lanen bat ateratzen zaio modelo gisa.

Ez da erraza izango beste herrialde batetik iritsi eta integratuta egotearen sentsazioa lortzea. 

Erdi tolosarrak garela esaten digu jendeak; nik ezetz erantzuten diet, oso-osorik garela [Barreak]. Integratuta sentitzen gara, kalera irten eta jendeak agurtu egiten gaitu; horrek asko esan nahi du.

Zer du berezitik Tolosak?

Antzekotasun handiak aurkitzen ditut ni bizi nintzen lekuarekin. Baserri batean bizi nintzen Senegalen, eta inguruko guztiak ezagutzen genituen, harreman ona genuen. Hasiera batean Tolosa oso handia zela iruditzen zitzaidan, baina errealitatean txikia da, hura bezala. Nire lagunek adarra jotzen didate, esanez Tolosa izugarri gustatzen zaidala eta ez naizela sekula hemendik irtengo. Seinale ona izango da.

Hala ere, tarteka egiten duzue bisitarik Senegalera.

Urtero joaten gara, bai, familia bisitatzera. Normalean, hemengo jendea etortzen da gurekin. Aprobetxatu egiten dugu bidaia, hemengoek hangoa ezagutu dezaten, eta guretzat plazera da erakustea nondik gatozen.

Hango ohiturak mantentzen dituzue hemen?

Bai, gustatzen zaigu. Gu musulmanak gara eta egunean bost aldiz egiten dugu otoitz. Urtean behin, ramadana egiten dugu hilabete batez. Egia esan gure kulturako kontuak errespetatzea gustatzen zaigu, gure sustraiak mantentzeko, bereziki. Etxean, Senegaleko hizkuntzan hitz egiten dugu, wolofez.

Gaur egun, elkarte bateko lehendakari ere bazara. 

Bai, duela hiru urte sortu genuen elkarte bat senegaldar batzuek: Boolo elkartea. 'Boolo' hitzak talde bat sortzea esan nahi du wolof hizkuntzan. Senegaldarron gizarteratzea hobetzeko sortu genuen, bereziki, gure artean ghettorik ez sortzearren. Biltzen garenetan, gaur egungo gaiei buruz hitz egiten dugu, albisteak irakurtzen ditugu, jendearekin nola jokatu behar dugun ikasten dugu, hala bertako jendearekin konpartitzeko aukera izaten dugu kalera irtetean. Esfortzu bat eskatzen digu horrek, guk geurea dena erakutsi nahi izaten dugu, baina besteena dena jasotzea ere garrantzitsua izaten da; eman eta hartu egiten dugu.

Apirilean bertan festa bat antolatu duzue elkartekoek.

Azken urteetan pintxo pote bat antolatu dugu, eta iaz lehen aldiz gure herrialdearen independentzia ospatzeko festa bat egin genuen pintxo potearen ondoren. Aurten ere independentzia eguna ospatu genuen, 57. urteurrena aitzakia hartuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!