Hiribusarentzat irtenbidea eskatu dute Tolosako kaleetan

Tolosaldeko Ataria 2018ko api. 28a, 13:39

Otsabi Elkarteak, Berazubi Auzo Elkarteak, Larramendi Auzo Elkarteak, San Esteban Ttonttor Auzo Elkarteak eta Amarotz Auzo Elkarteak deitu dute manifestazioa eta herritar asko batu dira protestara. 

Enpresa eta langileen arteko negoziazioa abiatu dadin eskatu dute eta Olatz Peoni soluzioa galdegin diote, Hiribusaren edo urbanoaren eskumena Tolosako Udalarena baita. Hiru hilabete greba mugagabean daramatzate Tolosaldea Buseko langileek, ez baitute zerbitzu publikoa eskaintzen duen enpresa pribatuarekin negoziazio mahaian esertzea lortu. Gaur, langileak manifestazioan izan dira eta herritarren babesa jaso dute. 

Hain zuzen, Tolosako auzo elkarteek batzorde iraunkor bat sortu dute auziari jarraipena egin eta erabiltzaile bezala faltan somatzen dituzten hutsuneak salatzeko. Manifestazioaren amaieran, auzo elkarteen izenean hitz egin du Irantzu Mantxok eta aipatu duenez egunean eskaintzen ziren 25 autobus zerbitzutatik 8 zerbitzura jaitsi da kopurua zerbitzu minimoak medio. 

Dultzaineroak zabaldu dute gaur manifestazioa eta Intujai antzerki taldeko kideek ere parte hartu dute, autobus zerbitzu urbanoaren erabiltzaileek dituzten gabeziak salatuz. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!