Haragi, txingarraren eta haragiaren nazioarteko topaketa, martxan

Tolosaldeko Ataria 2018ko api. 27a, 17:48
Argazkiak: Tolosako Udala / Basque Culinary Center

Tokiko eta nazioarteko parrilariek hartuko dute parte hiru egunez luzatuko den topaketan. Gaur gauean inaugurazio-afaria egingo dute, Zerkausian.

Hasi da Haragi, txingarraren eta haragiaren nazioarteko topaketa. Gaur goizean Basque Culinary Centerren sinposioa egin dute, eta bertan, haragiaren ekoizpenaz, jasangarritasunaz, heltzeaz, erretzeko teknikez eta azken emaitzan horrek guztiak duen eraginaz jardun dute sektoreko zenbait pertsona entzutetsuk: Tolosako parrileroek (Burruntzi, Casa Julián, Casa Nicolás eta Botarri jatetxea), Mikel Zeberiok, Jefferson Ruedak, Dante Ferrerok, Jayne Hardcastle-ek, Renzo Garibaldik, Pablo Riverok, Jose Gordonek, Juan Antonio Zalduak eta Jose Pablo Larreak.

Tolosako Udalaren, Basque Culinary Center-en eta HAZIren (Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetza) ekimenaz antolatu dute nazioarteko topaketa hau lehen aldiz, Tolosako Txuletaren Festaren bideari jarraituz.

Hiru erakunde horietako ordezkariek hartu dute hitza ekitaldiaren hasieran: Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkateak, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Center-eko zuzendariak, eta Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak. Haragi bezalako ekimenak atzean duen 'aberastasun sozial eta ekonomikoa' jarri dute balioan eta inplikatutako eragile zein banako guztien lana 'eskertu eta goraipatu' dute.

Hiru eguneko egitaraua izango du Haragik, eta profesionalei zuzendutako goizeko sinposioari jarraituz, gauean inaugurazio-afaria egingo dute Zerkausian, Tolosako erretegien eskutik. Afarian, Tolosako erretegien menu tradizionala dastatuko da, eta txuleta izango da plater nagusia.

Bihar eta etzi ere bai

Larunbatean, parrilak egongo dira Tolosako Euskal Herria plazan, eta askotariko errekiak ikusi eta dastatu ahal izango dira. Mexikon bizi den Dante Ferrero argentinarrak «behiaren showa» egingo du; Jefferson Rueda brasildarra eta Renzo Garibaldi perutarra larunbateko afarian dastatu ahalko diren txerriak erretzeaz arduratuko dira; eta Pablo Rivero argentinarrak larunbat eguerdian dastatu ahalko diren arkumeak erreko ditu. Horrez gain, Zerkausian bertan, hitzaldi eta dastaketak izango dira, 11:00etatik aurrera, goiz osoan zehar. Zenbait gonbidatu berezi ere izango dira: José Gordón, Juan Antonio Zaldua eta Jayne Hardcastle.

Larunbat eguerdian, bazkari herrikoia emango dute tokiko eta kanpoko erretegiek, Tolosako merkatuko jantokian. Larunbateko egitarauari amaiera emateko, 19:30ean, Tolosako erretegien ibilbidea eta lana omentzeko ekitaldi bat egingo da, Tolosako Topic zentroan. Haragiren lehen edizioa Dante Ferrerok 24 orduz erreko duen behia dastatu ondoren amaituko da, igandean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!