Bikote perfektu baten historia

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko api. 30a, 09:37

Artelan bihurtutako elkarlana da, irailaren 9ra bitarte Topic zentroan ikusgai izango den erakusketa. Sevillako (Espainia) bi konpainia dira protagonista eta, bakarka emandako pausoek balio izan zieten, eskutik ere sorkuntzaren bideak urratzen jarraitzeko. Horrela, Búho eta Maravillas konpainien 30 urteko ibilbidea txotxongilo eta agertokitan errepasatzeko aukera izango dute, bisitariek.

Antzerkia eta txotxongiloak, berez, gertuko munduak izaki, are gertukoago bilakatzen dira hiri berean bizi direnean. Búho eta Maravillas konpainiek, horrela, gero eta gehiago jotzen zuten atea aldamenekoenean eta, elkarlan errenkada hori instituzionalizatzea erabaki zuten, azkenean; 2007. urteaz geroztik, konpainia bakarrean dihardute.

Ezkontza artistikoa ospatu zutenez geroztik, ekoitzi eta gorpuztu dituzte, jada, 28 emanaldi. Eta ale horietako bakoitza bereziki diseinatu, pentsatu eta gauzatu izan dute, kontatu nahi izan duten horretarako.

Topic zentroak joan den martxoaren 17an inauguratu zuen Búho & Maravillas. 30 urteko ibilbidea erakusketa, baina, egiazki, aspaldikoa da sevillarren eta Tolosaren arteko zubia: bi konpainiek bat egin zutenez geroztik, ia sorkuntza lan guztiak eskaini dituzte Tolosako oholtzan. Areago, 2008. urtean, Titirijai jaialdiko haur epaimahaiaren saria jaso zuten, Los músicos de Brenes (Brenes-ko musikariak) obrari esker; ikuskizunean, txotxongiloak eta zuzeneko musika uztartu zituzten. Titirijaikoa, noski, ez da sevillarrek jaso izan duten errekonozimendu bakarra izan eta, besteak beste, Búho konpainiak bi aipamen garrantzitsu jaso zituen 1999an, El principito o El rey de lo invisible (Printze txikia edo ikusezinaren erregea) lanarekin: ikuskizun eta antzezpen propio onenaren sariak, Lleidan (Herrialde Katalanak), eta eszenografia onenaren aipamena Malagako (Espainia) Canovas antzokian.

Juan Luis Clavijo Búho & Maravillas konpainiako zuzendaria da eta, Topic-en egindako inaugurazioan azpimarratu zuen, elkarlanak beren emaitza aberastu duela. Izan ere, antzerkitik datoz batzuk, sentimendu eta giza esperientzietara joz eta, besteek, aldiz, txotxongiloen unibertsotik edan izan dute beti.

Zalantzarik ez da, beraz, bikote perfektua osatzeko osagai gutxi falta zaizkiela. Indar-batze horren lagin bat besterik ez da izango, datorren irailaren 9ra bitarte Topic zentroan ikusi ahal izango den erakusketa. Guztira, 100 txotxongilo baino gehiago izango dira ikusgai eta, halaber, bi konpainiek azken hiru hamarkadetan baliatutako material eta teknika zenbait ere gertutik ezagutzeko aukera izango da.

Tolosako Topic zentroa zabaldu zutenez geroztik, Búho & Maravillas. 30 urteko ibilbidea 21. aldi baterako erakusketa da jada. Maliko txotxongiloekin ireki zuten nazioartera begiratzeko leihoa eta, orduz geroztik, honakoak izan dira Euskal Herria plazako museoak hartu dituen aldi baterako erakusketak: Txina, tradizio zaharreko pertsonaiak; Indonesia, Wajang Golek; Panpina bizidunak; Colorín; Titiriteros de Binéfar; Arketal Konpainia; Gelede eta Efe maskarak; Ni Pinotxo naiz; Mariona Masgrauren artea. Bidaia pedagogikoa txotxongiloen mundura; Txotxongilo Taldea; Polichinellaren ibilbideak; Vietnameko ur-gaineko txotxongiloak; Akhyan: indiar ahozko tradizioko maskara, horma irudi eta txotxongilloak; Hari guztiak eskuan. Damiet van Dalsum; Jolasa eta txotxongiloak; Eroen ontzia. Joan Baixas; Yase Tamam, Zahra Sabri-ren iraniar txotxongiloak; Barriga Verde. Feriaz feria; eta Art Toys-en unibertsora bidaia bat.

Maravillas: bizitzaren hariak

Maravillas konpainiak aldamenean izenik badu, hori Jesus Diaz Caladorena da. 1986an ekin zion txotxongilo munduko ibilbideari, Juan Antonio de la Plazarekin La Zancadilla konpainia sortuz. 1991n Títeres de Luma taldea osatu zuen Paola Romanekin eta, azkenik, Teatro de las Maravillas mamitzeko elkartu zen Alcides Morenorekin, 1996an, Sevillako Arte Dramatikoko Goi Eskolan.

Búhoko kideen antzera, Maravillas ere adituetan adituenekin aritu izan da txotxongilolaritzan, eta Carleville Mézières-eko (Frantzia) nazioarteko institutura jo zuten horretarako. Bertan, besteak beste, Margareta Niculescu, Irina Niculescu, Arketal konpainia, Romas Pasca, Maya Petrova, Toru Saitu, Koryu Nishikawa IV eta Alvaro Apocalypse ezagutzeko aukera izan zuten.

Hamarkadako ibilbidea osatu eta gero, Búho Teatro taldearekin eskutik osatu dute, gaur egunera bitarteko abentura artistikoa.


Búho: ikerkuntzatik ametsetara

1986. urtea zen, Búho antzerki konpainia sortuko zutenek bat egin zutenean. Kasualitatea edo patua tarteko, Sevillako Antzerki Institutuak antolatutako nazioarteko txotxongilo ikastaroek elkartu zituzten, Jean Pierre Lescoten saioan. Mercedes Izquierdoren ekimenez, Juan Luis Clavijorekin sortu zuen Búho Teatro taldea, eta punta-puntako adituekin trebatu ziren: Margareta Niculescu, Henri Joukovsky, Philype Genti, Alcides Moreno eta Manuel Roman, besteak beste.

Hasiera-hasieratik, konpainiak hiru helburu nagusi zehaztu zizkion bere jardunari: ikerkuntza, txotxongilo bidezko kultur sorkuntza eta, azkenik, itzalen irudimenezko mundu iradokitzailearen esplorazioa.

Teknika arteko uztartze horretan, Búho konpainiak giza-sentimentu sakonenetan bidaiatzeko hautua egin izan du beti, eta bizipen pertsonalak izan dituzte, ikuskizunak sortzeko abiapuntu. Horrela, samurtasuna, hausnarketa eta ondo pasatzea eragin nahi izan diote publikoari.

1999ko sari horiez gain, azpimarratzekoa da Búho Teatro konpainiak 1993. urtean sortutako Yerma ikuskizuna. Federico Garcia Lorcaren lanak oinarri hartuta, Andaluziako Juntarekin elkarlanean ekoitzi zuten ikuskizun arrakastatsua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!