Etxebizitza gehigarria

Leihoak, etxebizitzen argi eta arnas

Babestutako edukia 2018ko mai. 12a, 10:10

Gorriti Martinezen erakuslehioa. ITZEA URKIZU

1974. urteaz geroztik, etxebizitzetako leihoak sortzen eta muntatzen dihardu Gorriti Martinez enpresak. Gertutasuna dute lanerako zutabe, eta baita kalitatea ere, bezeroen behar eta irizpideen neurrira lan egiteko. Bide horretan, aukera termiko nahiz estetikoei begirako eskaintza dute, eskuragarri, Tolosako San Frantzisko pasealekuko dendan.

Gauza jakin da etxeak ez direla teilatutik hasten, baina, zimendu eta habeez harago, badira ezinbestean zaindu beharreko elementu zenbait ere: leihoak. Aitor Gorriti Gorriti Martinez enpresako arduradunaren arabera, leihoak dira etxebizitzetako puntu termiko ahulena eta, horrenbestez, egin beharreko aukeraketarik garrantzitsuena: «Etxean galtzen den beroaren %70 leihoetatik galtzen da, eta sarri fatxadak edo etxeen aurrealdeak eraberritzen dira, %30 hori aurrezteko, baina ez du erabateko zentzurik: etxe batean isolamendua hobetu nahi izanez gero, leihoek izan behar dute abiapuntua, nahitaez».

Eta abiapuntu hori osatzen dihardu, Gorriti Martinezek, 1974az geroztik. Urtetako ibilbidean, Gipuzkoa osora zabaldu dute beren jarduna eta, horrela, Tolosako San Frantzisko pasealekuko dendarekin batera, Donostian, Irunen, Errenterian, Zarautzen eta Beasainen salmenta puntuak ditu Gorriti Martinezek. Horrela, Tolosaldeko eraikin eta etxebizitzetako neurketak Tolosako dendan zentralizatzen dituzte, eta gauza bera egiten dute gainerako eskualdeetan ere.

Izan ere, Gorriti Martinezen, lehentasuntzat dute leiho teknikariak bezeroengandik gertu egotea: «Leihoak zaharkitu edo hondatu egiten dira eta, noski, konponketak egiteko, behar-beharrezkoa da gertu egotea. Tarteka, muntaketak egiten ditugu Madrilen, Malagan, Bordelen nahiz beste zenbait tokitan, baina bezero ezagunak izaten dira; kasu oso zehatzak».

Hurbileko zerbitzu hori, normalean, dendan edo telefonoz hasten da, bezeroa eurekin harremanetan jartzen denean. Jarraian, teknikari bat bertaratzen da bezeroaren etxera, eta lehen neurketa egiten du: «Nahiz eta jendeak beren leihoen neurri eta argazkiak ekarri, ezinbestekoa da leihoak etxean bertan ikustea; etxebizitza bera eta haren orientazioa ikusi arte, ezin diezaiokegu bezeroari esan, zein leiho jartzea komeni zaion», dio Gorritik.

Orduantxe osatzen du, Gorriti Martinezek, lehen aurrekontua: «Normalean, bi aurrekontu egiten ditugu guk: bezeroak eskatu dizkigun baldintzen araberakoa, bata, eta gure iritziaren araberakoa bestea». Horrela, doakoa izaten da lehen aurrekontua eta, bezeroak proposamena onartzen duenean, aurrera jarraitzen du prozesuak: bigarren neurketa egiten dute, leihoen zehaztasunak erabakitzen dituzte, eta leihoen ekoizpena hasten da. Batazbeste, sei asteren bueltan muntaketari ekiteko prest izaten dira leihoak.

Zalantza eternala: PVC ala aluminioa

Gaur egun, PVCzko edo aluminiozko leihoak jartzea da ohikoena. Ordea, bi material horien artean, zein da egokiena? Leihogintzan ari direnentzat, galdera eternala da hori: «Astero hogei bider galdetzen didate hori eta, jendeak pentsatzen duenaren aurka, ez dago esaterik zein den hobea», dio Aitor Gorritik.

Material oso desberdinak direla dio eta, ondorioz, leiho batzuen eta besteen artean desberdintasunak badaudela. Hala ere, gakoa da leihoak non, nola eta zein helbururekin ezarri behar diren jakitea, aluminioaren edo PVCaren artean erabakitzeko. Bide horretan, Gorriti Martinez enpresaren bolumenak ekoizle askorekin lan egitea ahalbidetzen die, eta aurrekontu eta konbinaketarako aukerak asko zabaltzen zaizkie. Horrenbestez, bezeroen lehentasunen arabera aukeratzen dute materiala bera.

Alde batetik, badira leihoak irizpide energetikoengatik aldatu nahi izaten dituzten bezeroak: «Gero eta kontzientzia handiagoa du gizarteak eta, era berean, askok energia ziurtagiriak eskuratzeko egiten dute leiho aldaketa». Horrela, baieztapen objektiboetara jotzen du Gorriti Martinezek: «Enpirikoki frogatuta dago, PVCzko leiho bat beti izango dela aluminioz eginiko leiho bat baino isolatzaileagoa. Beraz, leihoak isolamenduari begira aldatu nahi dituztenei, PVCa gomendatzen diegu normalean».

Kontrara, leihoak estetikaren joerei jarraituz aldatu nahi dituzten bezeroek, aukera zabalagoa izan ohi dute aluminiozko leihoetan: «Lehen, joera zen ertz lodidun leihoak ezartzea, sendotasuna erakusten zutelako. Orain, ordea, aurkakoa dio estetikak: ertz finak jartzen ditugu, kristalari azalera handiagoa eskainiz», azaldu du Gorritik. Kasu horietan, aluminioa gomendatzen diete bezeroei, ahalbidetzen baitu, leiho berean askoz ere azalera handiagoko kristalak ezartzea.

Kristalen garrantzia

Materialak aukeratze horretan sarri garrantzia galtzen duen arren, kristalak leihoetako zati garrantzitsuenetakoak dira, arrazoi sinple batengatik: azalera handiena hartzen duten zatia dira. Horrez gain, material merkea dela dio Aitor Gorritik eta, beraz, kalitate goreneko kristalak jartzea ahalbidetzen duela: «Kristala hobetzeak oso gutxi eragiten dio aurrekontuari, prezio osoaren %15 inguru hartzen baitu; kristal oso-oso on bat jartzeak ez du eragin ekonomiko handiegirik». Horrela, kristalgintzan ere gero eta teknika eta aukera hobeak eskaintzen ditu industriak eta, orain arteko kristal bikoitzez eta hirukoitzez gain, azken berrikuntza dira hiru kamerako kristalak.

Ondo hausnartu beharrekoa da, beraz, leihoen aukeraketa eta, isolamendu, argi, kolore nahiz kalitateen dantza horretan,adituen iritziak iparrorratz izatea.


FITXA

Helbidea. SAN FRANTZISKO, 14. TOLOSA.

Telefono zenbakia. 943 65 01 92.

E-maila. info@gorritimartinez.com

Webgunea. www.gorritimartinez.eus.

Twitter. @GorritiMartinez

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!