CanSat lehiaketa, edo bizitzarako ikasgai sorta

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko api. 27a, 10:22

Zientzia eta teknologia uztartzen dituzte CanSat lehiaketek eta, freskagarri poto baten tamaina eta pisuaren mugetan, bi egiteko bete behar izaten dituzte parte hartzaileek: gailu elektromekaniko bat diseinatzea eta berau eraikitzea. Tolosako Laskorain ikastolako taldetxo bat estreinakoz ari da CanSat lehiaketak prestatzen, eta joan den apirilaren 21ean I. CanSat Euskadi lehiaketan parte hartu zuten.

Beste bi ikastetxerekin batera, Berrozin (Araba) elkartu ziren norbere proiektuak martxan jartzeko, eta lehia kutsurik gabe aritu ziren. Datorren maiatzaren 4tik 6ra, ordea, Zaragozan (Espainia) izango da Laskoraingo taldea, Espainiako txapelketan, eta proiektu bera aurkeztuko dute: «Dispositibo elektroniko bat eraikitzea da gakoa eta, irrati uhin bidez, lurrarekin harremanetan izango dugu. Tenperatura eta presioa atmosferatik neurtzen ditugu eta, gero, lan talde bakoitzak aparteko egiteko bat izango du», azaldu du Ander Lorente Laskoraingo irakasleak.

Beren kasuan, oinarrizko proiektuari suziri bat gehitzea izango da aparteko lana, eta baldintza klimatologikoen menpe izango direla zehaztu du Lorentek: «Antolakuntzak gure satelitea atmosferara bidaltzen du eta, kilometro bateko altuerara iritsitakoan, gure asmoa da suziri bat jaurtitzea, seinale moduan. Joan den asteburuan ezin izan genuen egin, haize handia zebilelako; ea Zaragozan egiterik dugun».

Eskolaz kanpo, eta gustura

Laskoraingo gaztetxoek ikasturte osoa daramate CanSat lehiaketa prestatzen. DBHko 3. mailako bi ikasle eta Batxilergoko 1. mailako ikasle bat ari dira, eta hiru irakasleren laguntza izaten dute: «Kurtso hasieran galdeketa txiki bat egin genuen, eta hiru ikasle horiek animatu ziren», azaldu du Lorentek.

Horrela, CanSat lehiaketa prestatzea eskola orduez aparteko lana izan da, erabat, bai ikasle, bai irakasleentzat, eta badirudi horrek lanerako grina areagotu baino ez diela egin, guztiei: «Ordu libreak aprobetxatuz, arratsalde askotan osatutako proiektua izan da. Ikasleak erabat engantxatuta ikusi ditut eta, egia esan, gozamena izan da».

Etorkizunera begira lagun diezaieken proiektua izan liteke, CanSat-ekoa, ikasle horientzat, baina, Ander Lorentek, balizko ogibideez harago ikusten du proiektuaren indarra: «Adar asko ukitzen ditu proiektuak: elektronika, mekanika, telekomunikazioa, joskintza,... Lan asko eta oso desberdinak egin behar izan dituzte, eta jende askori laguntza eskatu behar izan diote. Ikasketetarako, lanerako eta bizitzarako oso baliagarria izango zaiela uste dut».

Datorren maiatzaren 4tik 6ra, Tolosako Laskorain ikastolako taldetxoak beste 13 lehiakide izango ditu, Espainiako CanSat Txapelketan: «Gainerako taldeak esperientziadunak izango dira, aurrez hainbat txapelketatan parte hartutakoak. Guk gure aukera baliatuko dugu, baina gure lehen aldia izango denaren jakitun, eta arerio serioak izango direla pentsatuz».

Lehiaketa guztietan bezala, CanSat lehiaketetan ere epaimahai baten esku egon ohi da azken erabakia, eta bi egiteko baloratu behar izaten dituzte: talde guztiek egin beharreko oinarrizko lana, batetik, eta gainerako ezaugarriak, bestetik. Horrela, proiektuaren originaltasuna, funtzionamendua eta, batez ere, aurretik egindako lan guztia epaitzen dute. Paperean nahiz ahoz, garatutako proiektuaren berri eman behar izaten zaie epaimahaikideei eta, Ander Lorentek azaldu duenez, «indar handia ematen diete ukitutako puntu guztiei».

Helburu nagusitzat garaipenik ez duten arren, Zaragozako hitzorduan irabazle suertatuko balira, Laskorain ikastolako taldeak sarbidea eskuratuko luke, Europako CanSat Txapelketan parte hartzeko.

Taldeak, ordea, argi du saririk onena ikasturte osoko bidea izan dela, eta egitasmoa errepikatzeko gogoz dira irakasleak: «Esperientzia oso-oso positiboa izan da, eta irakasleok indartsu gaude berriro ere antzeko zerbait antolatzeko. Ikasleen erantzuna beharko genuke, eta eurek aginduko dute».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!