Osasun publikoaren afera

Blokeo egoera gainditu ezinda jarraitzen dute Asuncion klinikan

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko api. 25a, 17:18

Negoziatzeko lehen pausoa eman duten arren, enpresak uko egin dio soldatetan KPIaren igoera aplikatzeari; greba eguna dute gaurkoa

Bost hilabeteko grebak ez du Tolosako Asuncion klinikako gatazka bideratu, eta langileak eta enpresako zuzendaritza urrun daude, oraindik, akordioren bat adostetik. Apirilerako iragarritako mobilizazioen zerrendan, klinikako langileek egun osoko greba zuten gaurkoa, eta agerraldia egiteko baliatu dute, beren egoeraren azken ordukoa emanez. Horrela, iragarri dute «mobilizazioei esker» lortu dutela Jesus Gomez Montoya Invizako –klinika kudeatzen duen enpresako– zuzendariarekin eseri eta «soldataz eta lan jardunaz» hitz egitea. Ordea, elkarrizketan beste oztopo bat sortu zaie bi aldeei: azaldu dutenez, zuzendaritzak uko egin dio soldata igoeretan KPIa aplikatzeari.
Horren aurrean, beren haserre eta egonezina berretsi dute Asuncion klinikako grebalariek, zehaztuz, beren erosteko ahalmena «%8 jaitsi» dela azken urteotan: «Ez dugu onartuko orain arteko bidetik jarraitzea».

Jarrera aldaketa eske

Klinika atarian –halabeharrez– eskainitako agerraldian, Asuncioneko langileek 2013ra egin dute atzera. Urte hartan, epaileak arrazoia eman zien klinikako langileei, enpresak soldatak jaisteko hartutako erabakiaren aurrean: «Orduz geroztik akordio batera iristeko borondatez lanean aritu izan gara, baina enpresa balizko akordioak oztopatzen saiatu da: akordiorik ezean, ez dute soldatak igotzeko obligaziorik», salatu dute.
Bukatzeko, langileek blokeo egoeraren erantzuletzat jo dituzte Inviza, Osasun Saila eta Tolosaldeko zenbait udal, eta gaitzetsi dute «negozioa oinarrizko beharren aurretik jartzen» dutela. Horrela, zuzenean jarri diete fokua Tolosako eta Villabonako udalei: «EAJk eta PSE-EEk argi utzi dute ez dute esku-hartu nahi; jarrera aldatzeko eskatzen diegu».

Nor bere horretan

Tolosako osoko bilkura bi ikuspegiren arteko talka bilakatu zen, beste behin, Asuncioneko auziaren harira; langileak sekula baino gordinago aritu ziren galde-erreguen txandan

Azken hilabeteotan, Tolosako Udaleko osoko bilkura bakoitza aurrekoaren analogia bat da. Errutinazko gai eta erabakien atzetik lan gatazkei loturiko mozio edo adierazpenen batek hartzen du plenoko erdigunea eta, bestela, galde-erreguen txandak ahalbidetzen du, gai horietakoren bat hizpide izatea. Horrela, erraztasunez baiezta liteke, Asuncion klinikako aferak hartzen dituela, oraindik ere, osoko bilkuretako minutu gehien.

Astearte iluntzean, bilkuraren atarikoa izan zen langileen udaletxe atariko elkarretaratzea. Bost hilabeteko mobilizazio errenkadarekin batera, mozio bat aurkeztu zuten bilkurarako, EH Bilduren bitartez. Bere aldetik, EAJren eta PSE-EEren udal gobernuak beste mozio bat txertatu zuen gai zerrendan.

Langileek beren aldarriak –lan baldintzak parekatzea, hitzarmen duina sinatzea eta kalitatezko eta doako zerbitzu unibertsala eskaintzea– berretsi zituzten, gogoraraziz, Asuncionek 20 milioi euroko diru laguntza jasotzen duela, urtero, Tolosaldeko ESIan ospitale zerbitzua eskaintzearen truke.

Bide horretan, udal gobernuaren mozioak Gizarte Babeserako Euskal Sistema izan zuen abiapuntu, berau eredugarritzat joz: «Tolosaldean, Asuncionen eta jaurlaritzaren arteko kontzertazioak ahalbidetzen du hori, eta eskualdeak aho batez aldarrikatu zuen kontzertazioa, 1994an». Horrela, «normaltasun laborala eta asistentzialaren alde», Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari bitartekari lanak egitea eskatu zioten EAJk eta PSE-EEk, beren mozioaren bitartez.

Olatz Peon alkateak hitza hartu zuenean, lan gatazkaren izaera onartu zuen, baina legebiltzarrera begira jarri zen: «Guk ezin dugu jarraipen teknikorik egin, eta horretarako batzorde bat dago Gasteizen. Guk kalitatea eskatzen dugu». Gainera, «iparra ez galtzera» deitu zituen langileak: «Asuncion ez da sekula publikoa izan, eta ez du zentzurik lan baldintzak parekatu nahi izateak, bi erregimen desberdin baitira Osakidetza eta klinika».

Langileek positibotzat jo zuten gobernuak gaiari heltzea, «sinplista» iruditu zitzaien arren. Horri, gehitu zioten ez dutela eskatzen funtzionario izatea, baina "badirela pribatutik publikora pasatutako ospitaleen adibideak". Azkenik, gobernuak "ezer" aldatu ez zuela nabarmendu zuten: " Eta honek ondorioak izango ditu gero, zuen alderdietan".

Azkenik, iritzi truke askoren artean, Ibai Iriarte EH Bilduko kideak enegarrenez aldarrikatu zuen osasun mahaiaren beharra, argudiatuz, «ageriko arazo bati ezin zaiola bizkarra eman», eta «konponbideak ezin duela plenoan eztabaidan aritzea izan».

Bi testuak bozketara pasatu eta gero, udal gobernuak aurkeztutako mozioak egin zuen aurrera eta, analogia biribiltzeko, galde-erreguen txandan luze jo zuen aferak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!