Doako autobusak, Tolosatik, Kursaal Eszenako ikuskizun batzuetarako

Mikel Iraola 2018ko api. 25a, 14:19
Argazkia: Tolosako Udala

Kursaal Eskura egitasmoarekin bat egin du Tolosako Udalak. Modu horretara, doako autobusak eskainiko dituzte Donostiara, Kursaal Eszenako kontzertu eta ikuskizunak «tolosarrei eta eskualdeko herritarrei gerturatzeko» asmoz.

Kursaal Elkarguneak kultur arloko 30 ekitaldi inguru sustatzen ditu urtean: musika klasikoko kontzertuak, jardunaldi didaktikoak, rocka, dantza... Aukera hori eskualdeari are gehiago gerturatzeko asmoz, Kursaal Eskura programarekin bat egin du Tolosako Udalak.

Bi bidetan gauzatu nahi dute gerturatze hori: batetik, Tolosako Udalak Kursaaleko programazioaren berri emango du bere kanaletan; eta bestalde, doako autobusak antolatuko ditu ikuskizun horiek ikusi eta entzutera joateko. Iker Goikoetxea, Kursaal Elkarguneko zuzendariaren arabera, «distantzia izaten da trabarik handiena» eta erraztasunak ematea da egitasmo honen helburu nagusia. «Oso garbi dugu azpiegitura eder hau gipuzkoar guztiona dela eta gipuzkoar guztiok erabilgarri izan beharko luketela», aitortu du Goikoetxeak.

Udalak eta Kursaal Elkarguneak adostutako ikuskizunetarako soilik antolatuko dute autobusa, ez guztietarako, beraz. «Herri bakoitzaren programazioaren eta osagarritasunaren arabera aukeratzen ditugu zein ikuskizunetarako antolatu autobusak».

Maiatzaren 22an, lehen aukera

Lehen autobusa maiatzaren 22rako antolatuko dute. Egun horretan, Silvia Perez Cruz abeslari kataluniarrak kontzertua eskainiko du, harizko boskote batek lagunduta, Vestida de nit izeneko bere azken lana aurkeztuz.

Ikuskizunerako sarrerak Kursaaleko webgunearen bidez eskuratu beharko dira. Prezio orokorra 33 eurokoa da. 30 urtez azpikoek eta langabetuek, berriz, 3 euroko prezioan erosi ahal izango dituzte sarrera horiek, egunean bertan, Kursaaleko leihatilan, adina eta lan egoera egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztuta.

Autobusez joan nahi izanez gero, berriz, nahitaezkoa izango da lekua erreserbatzea guztientzat. Horretarako kultur etxera deitu (943670388) edo kultura@tolosa.eus helbidera e-maila idatzi beharko da. Aurrerantzean antolatzen dituzten kontzertuetarako prozedura ere berdina izango da.

Maiatzaren 22an Santa Klarako geltokitik aterako da autobusa, 19:00etan, eta ikuskizunaren ondoren, leku berean egingo du geldialdia. Izena emateko azken eguna maiatzaren 15a izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!