Lehiatu bai, baina ezin garaipenik lortu

Ataria 2018ko apirilaren 24a

TAKek hirugarren porrota jaso du jarraian. 83-79 galdu du Arri BKLren aurka, luzapenean, eta sailkapeneko seigarren postura jaitsi da.

Emaitzek ez diote askorik lagundu TAKEri azkenaldian. Baina hori baino gehiago, taldean izan dituzten bajek. Ez Iñaki, ez Karim, ez Lander, ez Kaiet, ezta Ibai ere. Bost jokalari garrantzitsurik gabe jokatu du asteburuan Tolosako taldeak, eta noski, hori nabaritu egiten da.

Hala ere, garesti saldu zuen bere porrota Yon Gonzalezen taldeak. Neurketa ez zen ondo hasi, eta atsedenaldira 13 puntuz galtzen iritsi ziren. Tolosarrek erakutsi ohi duten kemena bigarren zatian ikusi zen, eta neurketa berdintzera iritsi ziren, luzapena jokatzeraino.

«Ordura arte sekulako esfortzua egin zuten taldeak, asko borrokatu zuen, baina luzapenean indarrez justu ibili ginen. Eta pena da egindako lanak saririk ez baitu izan», aitortu du prestatzaile tolosarrak. 83-79 galdu zuten amaieran.

TAKE seigarren postuan da orain sailkapenean, baina igoera fasea jokatzeko aukera ugari ditu oraindik, talde ugari baitaude fase horretarako txartela lortzeko lehian. «Zaila izango da, baina polita litzateke faserako sailkatzea. Horretarako borrokatuko dugu azken hiru jardunaldi hauetan», dio Gonzalezek. Larunbatean, liderra izango da Usabalen, 18:30etik aurrera.

Ikusi beharko, min hartutako jokalariak berriro ere jokatzeko moduan dauden. Bien bitartean, harrobiko gaztetxoen presentzia nabaria da taldean: Ekain Conde, Julen Zabala, Unai Altuna... Akaso bajak nabarituko dira epe motzean, baina epe luzera begira, TAKeren etorkizun oparoa bermatzen duten minutuak jokatzen ari dira gazte horiek.

Neskek ere galdu egin zuten Lasarte-Oriako Ostadarren kantxan, 54-42, liga erregularreko azken jardunaldian. Alain Rekondoren taldeko jokalari ugarik ere ezin izan zuten neurketa jokatu. Bosgarren postuan amaitu dute, eta orain play-offean sartzeko kanporaketa jokatuko dute, Atletico San Sebastianen aurka.

Kadeteak lauko finalera

Gizpukoako txapelketako lauko finala jokatzeko txartela lortu du kadeteen taldeak. BKL izango dute aurkari finalaurrekoan. Lehen neurketa larunbatean jokatuko dute, 12:00tan Usabal Kiroldegian. Bigarrena, berriz, maiatzaren 6an izango da, 11:00etan Beasaingo Antzizar kiroldegian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!