Hiribusaren auzia konpontzeko batzorde iraunkorra sortu dute Tolosan

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko api. 23a, 19:50

Tolosako hainbat auzo elkarte bildu dira asmo beraren alde, eta manifestaziora deitu dituzte herritarrak, datorren apirilaren 28an. 

Tolosaldea Bus enpresako langileek hiru hilabete daramatzate greba mugagabean eta, ia hasieratik bidelagun izan dituzten Amarotz Auzo Elkarteko kideei, Tolosako beste hainbat auzotako bizilagunak batu zaizkie. Horrela, Tolosako Hiribusaren edo urbanoaren auzia konpontzeko batzorde iraunkorra sortu dute. 

Agerraldia eskaini dute taldearen sorrera iragartzeko eta, azaldu dute, Otsabi Elkartea, Berazubi Auzo Elkartea, Larramendi Auzo Elkartea eta San Esteban Ttonttor Auzo Elkartea batuko direla Amarotz Auzo Elkartearen eta langileen borrokara. 

"Hasieran jakin mina eta komunikaziorik eza zena, haserre bilakatu" zaiela azpimarratu dute eta, besteak beste, ordezkari politikoei "pasibotasuna eta immobilismoa" egotzi diete auzo elkarteetako ordezkariek: "Kezkagarria da diru publikotik talde pribatuak kontratatzen direnean, negoziatzeko sortzen den ezintasuna. Gainera, tolosarrok ez dugu, Hiribusaren aferaren inguruan, inongo azalpenik jaso; guk geuk joan behar izan dugu informazio bila", gaitzetsi dute. 

Sortu berri den batzorde iraunkorrak gogora ekarri nahi izan du, hiru hilabeteko grebak hiru hilabeteko zerbitzu minimoak ekarri dituela eta, esaterako, 25 autobus zerbitzutik 8 zerbitzura jaitsi dela kopurua, egunero. Antza, ikastetxeetara doazen zerbitzuak mantentzea ezinbestekoa da, legeak hala eskatzen duelako: "Baina, nork erreparatzen die adinekoen, mugikortasun arazoak dituztenen nahiz langileen beharrei? Egunerokotasunean izugarrizko traba izaten ari da auzi hau, jende askorentzat". 

Modu horretan, bi helburu argirekin elkartu dira auzo elkarteok guztiok: berehalako konponbide bat eskatzeko eta, era berean, herritarrei egoera zein den gogorarazteko. "Zergadun garen aldetik, arazo honen irtenbidea exijitzea ere badagokigu, eta horretan saiatuko gara", azaldu dute Martin Arakama eta Irantzun Mantxo bozeramaleek. 

Horrenbestez, batzorde sortu berriak datorren larunbata aukeratu du, aldarri horiek guztiak plazaratzeko. 12:00etan, manifestazioa irtengo da, Trianguloa plazatik, Urbanoa orain, konponbidea orain leloa aldarri dutela: "Askorentzat erakargarria izango da turismoa Tolosara erakartzea, baina, gure ustez, udal baten betebeharra da herritarren ongizatea bermatzea". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!