Argazkigintzan hobetzeko ikastaroa, Tolosako kultur etxean

Tolosaldeko Ataria 2018ko apirilaren 23a

Maiatzaren 3an ekingo diete saioei, eta Iñigo Royo argazkilariak eskainiko ditu; 16 urtetik gorako herritarrek eman ahal izango dute izena.

Tolosako kultur etxean argazkigintza ikastaro berria antolatu dute, hobetu nahi duten herritarrentzat. Tolosako Udalak nabarmendu du ez dela hastapen ikastaro bat izango eta, ondorioz, ezinbestekoa izango dela norbere kamerarekin gutxieneko ibilbide bat izatea. Datorren maiatzaren 3an hasiko da tailerra, eta Iñigo Royo argazkilaria izango da irakaslea.

Sormena dantza jarri nahi dutenei begirako tailerra izango da, eta astearte eta ostegunetan elkartuko dira, 19:00etatik 21:30era. Ikastaroa martxan jarri ahal izateko, gutxienez, 8 pertsonako taldea osatu beharko dute eta, gehienez, 15 aritzeko aukera izango da. gainera, 16 urtetik gorako herritarrek bakarrik parte hartu ahal izango dute.

Izen-ematea zabalik da jada, Tolosako kultur etxean bertan, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00era eta 16:30etik 19:00etara. Tolosaldeko herritarrek 85,85 euro ordaindu beharko dute ikastaroa eta, eskualdez kanpokoek, berriz, 129,35 euro. Informazio gehiago eskuratzeko edo zalantzaren bat argitzeko, kultur etxeko kanalak eskuragarri jarri ditu udalak: 943 67 03 83 eta kultura@tolosa.eus.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!