Informazio pantaila berria, Tolosako erdigunean

Tolosaldeko Ataria 2018ko apirilaren 23a

Argiztatutako informazio panela 24 orduz piztuta izango da, Trianguloa plazaren eta San Frantzisko pasealekuaren artean; udalak halako gehiago ezarriko dituela iragarri du.

Tolosako erdigunean informazio pantaila berria ezarri du Tolosako Udalak, Partaidetza eta Informazioaren batzordearen bitartez. Pertsona zirkulazio handiena duen herriko gunea aukeratu dute horretarako eta, beraz, Trianguloa plazaren eta San Frantzisko pasealekuaren arteko gunean ezarri dute egitura.
Udalak azaldu duenez, agintaldi osoko garapenaren parte da pantaila eta, horrela, informazio kanalak baliatu dituzte adibidetzat: «Boletina, sare sozialak, Aleka aldizkaria, webgune berritua eta, orain, lehen informazio panela».
Pantaila argiztatua da, LED bonbilekin, eta 24 orduz izango da martxan; gauez intentsitatea jaitsiko diote. Bertan, informazio administratiboa nahiz agendari lotutakoa eskainiko dute, eta astero berrituko dute.
Pantaila hori lehena izan da, baina, udalak iragarri du, aurtengo aurrekontuan diru poltsa bat horretara bideratua dela, eta gehiago jartzea aurreikusia dutela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!