Igoera fasea, gertu

Ataria 2018ko apirilaren 23a

Argazkia: 28 Kanala

Denboraldia amaitzeko bi jardunaldiren faltan, Tolosa Eskubaloiak Anaitasuna berdindu du sailkapeneko bigarren postuan. Hain zuzen, asteburuan 28-27 irabazi zuten tolosarrek iruindarren aurka.

Urrun zegoena, gertu du orain Tolosa Eskubaloiak. Ez, ordea, bere esku. Sailkapeneko bigarren sailkatuaren bisita izan du asteburuan, eta bi helburu zituzten urdinek: neurketa irabaztea, eta kontran zuten averagea berreskuratzea. Bada, lehenarekin konformatu behar izan dute.

Neurketa gogorra jokatu eta gero, 28-27 gailendu ziren tolosarrak Anaitasunaren aurka. Ia neurketa osoan zehar atzetik izan zen etxeko taldea, baina ez zuten etsi eta bukaeran aurrea hartzea lortu zuten. Iruindarrak hiru goleko errenta izatera ere iritsi ziren, eta atsedenaldian bi goleko tartea zuten beren alde.

Bigarren zatia ez zen ondo hasi. Lau minutu pasa zirenerako 15-19koa zen emaitza. 13. minuturako, berriz, lehen berdinketa lortu zuen. 21-21. Partida amaitzeko 6 minuturen faltan jarri zen aurretik lehen aldiz, 26-25, eta hortik aurrerakoa tentsio bizikoa izan zen.

Daniel Mendinuetak azken minutuan aurretik jarri zuen talde tolosarra. Azken segundoan, aldeko falta bat izan zuten nafarrek, baina jaurtiketa kanpora joan zen, eta horrela geratu zen markagailua.

Azken bi jardunaldi hauetan, Barakaldo eta Elgoibarren aurka neurtuko ditu indarrak Tolosa Eskubaloiak. A priori ez lukete arazorik behar garaipenak eskuratzeko. Aurkari gogorragoak izango ditu Anaitasunak: Eibar eta Maristas Zaragoza, gainera, azken bi neurketak galtzetik datoz.

Averagea aurka duenez, iruindarrek bi neurketetako batean berdinketa edo porrota izatea behar du Tolosak bigarren postua eskuratzeko. Horri heldu beharko orain.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!