Tolosako Musika Eskolako logoa aukeratzeko lehiaketa abiatu dute

Mikel Iraola 2018ko apirilaren 23a

Maiatzaren 18ra bitarte aurkeztu ahal izango dira lanak, eta irabazleak 400 euroko saria jasoko du, diplomarekin batera. Lan guztiekin erakusketa osatuko dute Musika Eskolan bertan.

Eduardo Mokoroa musikari tolosarra jaio zela 150 urte bete dira. Bere izena darama herriko Musika Eskolak, eta ikasle eta irakasleak urteurren hori ari dira ospatzen ikasturte osoan zehar.

Baina ospakizunez harago, eskola bera biziberritzeko abiapuntu gisa ere hartu dute efemeride hau. «Pixkanaka garai berrietara egokituko dugu eskola. Legeak aldatu dira, funtzionamendua ere bai... ideia batzuk bururatu zaizkigu, eta denon artean pentsatzen ari gara nola hobetu, nola aldatu...», adierazi du Amaia Lizaso, eskolako zuzendariak.

Epe luzerako proiektua den arren, baditu epe motzeko zenbait aldaketa. Horietako bat, esaterako, eskolako logotipoarena izango da. Irudi berria eman nahi diote eskolari, eta horretarako logo lehiaketa antolatu dute, antolatzen dituzten ekintzen berri ematerako orduan erabil dezaten.

16 urtetik gorako edonork parte hartu ahal izango du lehiaketan, bakarka nahiz taldeka, eta nahi adina lan aurkeztu ahal izango dira. Logoak musikarekin zerikusia izan beharko du, eta lanak originala izan beharko du, hau da, inon argitaratu gabea.

Tolosako Udaleko harreran (Udaten) edo Musika Eskolan bertan aurkeztu beharko dira –baita postaz ere–, maiatzaren 18a baino lehen. Irabazlea maiatzaren 22an emango dute ezagutzera, aste musikariaren barruan, eta hurrengo eguneko kontzertua hasi aurretik egingo da sari banaketa. Aukeratutako logoaren egileak 400 euroko saria eta diploma jasoko ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!