Argazki kultura sustatzeko

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko api. 20a, 11:50
Miren Atxaga eta Javier Ortiz, Targazki taldeko kideak. REBEKA CALVO

Targazki Tolosaldeko argazkilari taldeak V. Tolosa Herria argazki lehiaketa antolatu du. Bigarren urtez, gazteen parte hartzea bultzatu nahi dute bereziki, eta sari bereziak banatuko dituzte. Maiatzaren 27ra arte bidal daitezke lanak.

Bi helburu lortu nahi dituzte Tolosa Herria argazki lehiaketarekin: “Tolosan argazki kultura areagotzea eta gure herriaren izenak argazkien munduan oihartzuna izatea”. Hala adierazi du Miren Atxagak, lehiaketa antolatzen duen Targazki taldeko lehendakariak. “Gaur egun Tolosan ez dago argazkilaritza kultura handirik”, gaineratu du Javier Ortizek, taldeko kideak. “Beharbada, horretarako azpiegitura gutxi daudelako; erakusketak jarri ahal izateko aretoak, esaterako. Gure nahia hori ere bada, tolosarrak argazkilaritzara gerturatzea, alegia”.

Nazioarte mailako lehiaketa da Tolosa Herria, eta, beraz, mundu guztiko lanak jasotzen dituzte; iaz, esaterako, hamabi herrialdetako argazkiak ikusi ahal izan zituzten. Tolosa eta Tolosaldeko argazkilariei plataforma bat eskaintzea ere badenez helburuetako bat, sari orokorrez gain, bertakoek bidalitako argazkiek ere izaten dute saria. Argizaiola argazki lehiaketara pasabidea lortzeko aukera ere ematen du, gainera, Tolosa Herria lehiaketak. “Argizaiolan parte hartzeko aukera izango dute lehiaketan puntu gehien lortzen duten Euskal Herriko hiru argazkiek”, azaldu du Atxagak.

Orain arteko lehiaketetan bezala, gai librean ariko dira aurten ere, eta edozeinek aurkez dezake bere lana. Urtero desberdinak izaten dira epaimahaiko kideak —hirukoa da taldea—, eta iazko Argizaiola sariko irabazlea ere tartean izango da aurten, Asier Garagarza. Targazki taldeko kidea da hura ere.

Iaz, lehen aldiz, gazteei begira jarri zuten lehiaketa, eta, emaitza onez jabetuta, esperientzia errepikatzea erabaki dute aurten. Hori dela eta, 12 eta 16 urte arteko gazteek ere sail berezia izango dute lehiaketan. Lehenik eta behin, ikastaro bat jasoko dute, eta bertan ateratako argazkiekin parte hartu ahal izango dute. Iaz bi egunetan egin zuten ikastaroa, baina egun bakarrean egingo dute aurten: bihar bertan. Sei orduko ikastaroa jasoko dute goizean, eta argazkiak atera, sailkatu, eta, parte hartu nahi badute, argazki horiek aukeratu eta bidali ahal izango dituzte arratsaldean. targazki@gmail.com helbidera idatzi behar da ikastaroan parte hartzeko. Gazteak “indarrean” datoz, gainera. “Iaz harrituta geratu ginen gazteek egindako lanekin”, adierazi du Atxagak.

Argizaiolan parte hartzeko aukera izateaz gain, lanak erakusteko aukera ere eman dezake saria jasotzeak. Diru saria ere izaten da, gainera, eta, alde horretatik, aurten kopurua “pixka bat handitzea” lortu dutela azaldu du Ortizek. “Dirua ez dugu sobera izaten, baina aurten diru iturri gehiago izan dugu, eta sarietan antzemango da hori”. Tolosako Udalaren, Tolargi enpresaren eta Kutxa fundazioaren laguntza izan dute lehiaketa gauzatu ahal izateko. Kutxa fundazioari dagokionez, lehen aldiz eman du babesa aurten.

Bi erakusketa ikusgai

Ekainaren 4an emango dute epaia, eta ekainaren 16an egingo dute sari banaketa, Tolosako Casino elkartean. Izan ere, Casino elkarteak beti lagundu izan dio taldeari, bere aretoak utzita. Sari banaketarekin batera, bi erakusketa ere inauguratuko dituzte ekainaren 16an. Batetik, lehiaketa nagusian puntu gehien lortu duten 40 argazkiak erakutsiko dituzte, eta, bestetik, Tolosako argazkilarien artean puntu gehien biltzen duten hogei argazkiak; gazteen sailekoak izango dira horietatik sei.

Sari banaketaren eta bi erakusketen inaugurazio ekitaldia bereziagoa izan dadin nahi dute aurten. “Izan ere, ekitaldiko aretoa itxia izanik, iruditzen zaigu jende asko ez dela ohartu ere egiten hemen zer dagoen, eta buelta eman nahi diogu horri”, azaldu du Atxagak.

Urteroko maila kontuan hartuta, aurten ere erakusketan “kalitate handiko lanak” ikusi ahal izango direla ziur dago Atxaga. Begiradaren araberakoa izaten da askotan, eta, argazki on bat zer den galdetuta, “gustura egiten den hori” erantzun du Targazkiko lehendakariak. “Egia da konposizio arau batzuk badaudela, eta teknika pixka bat behar dela. Baina gustura eginez gero, lan asko aurreratzen da. Lan hori gustura eginez gero, transmititu egingo duzu, eta niretzat emozio hori transmititzea da argazkilaritza”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!