«Belatz handiak hegan nola egiten duen ikustea sekulakoa da»

Imanol Garcia Landa 2018ko api. 22a, 12:23

Koldo Erasok (Tolosa, 1977) irabazi du aurtengo Troreal (Trofeo Reyes de la Altaneria) torneoa, otsailean egin zena Cantalejon (Espainia). Belatz handiekin (falco peregrinus) egiten den torneo garrantzitsuenetarikoa da. Pique izeneko hegaztiarekin irabazi zuen.

Noiz hasi zinen belatzak izateko afizioarekin?

Hamazazpi urterekin. Familia guztia ehiztariak izan gara, eta nire anaia zaharrenak betidanik hazi ditu txori txikiak. Etxean ehun txori baino gehiago izan genituen: karnabak, mistoak, kanarioak… Ni txorien artean hezi nintzen. Gero, txori horiek oparitu edota txori dendetara saldu egiten genituen. Eta hamazazpi urte nituela belatzak izateko gogo handia sartu zitzaidan. Nik ez nuen orduan kotxerik, baina jakin nuen Palentzian hegazti bat saltzen zutela. Eta anaiari esan nion Palentziara eramateko, txori baten bila joan behar nintzela. Eta horrela hasi nintzen, hamazazpi urterekin. Izan nuen lehenengo hegaztia aztore bat izan zen.

Eta nola ikasi zenuen nola hazi behar diren belatzak?

Orduan ez zegoen ia inor Gipuzkoan. Orain gehiago daude, eta Hondarribian, esaterako, elkarte bat dago. Ni txapelketetara bideratu naiz. Lehenengo izan nuen aztore hori segituan aldatu nuen belatz batengatik. Gauzak asko aldatu dira hegaztien munduan. Lehen transmisore batzuekin-eta ibiltzen ginen jakiteko non zegoen hegaztia, orain gps batekin ibiltzen gara. Zazpi gramo pisatzen dituen aparatu bat jartzen zaio hegaztiari, eta non dagoen esaten dizu.

Beraz, zure kasa ikasten joan zinen.

Telefonoz aritzen nintzen galdetzen, eta hanka asko sartuz ikasi dut. Ikastaroak-eta orain egiten dira. Esan daiteke nahiko autodidakta izan naizela. Pixkana mundu honetan dabilen jendea ezagutzen joan naiz, baina nire kasa aritzea gustatzen zait. Hemen ez dago falkoneriako legerik. Ehiza zinegetikorako bai, baina ez falkoneriari dagokionez.

Eta entrenatzeko nola moldatzen zara?

Usoak ditut eta horiekin entrenatzen ditut hegaztiak. Ez dute ehiza bere horretan egiten. Trorealen txapeldun gelditu den hegaztiarekin, esaterako, ezin duzu eperrak ehizatzera joan. Hegazti hori txapelketetarako bakarrik bideratuta dago. Txapelketetan elementu jakin batzuk ematen dituzte puntuak, eta ehizatzera eramaten duzun hegazti batek ez ditu horiek beteko. Ez da sartuko denbora jakin batean, ez du egingo nik esaten diodana. Txapelketetara bideratutako hegaztiak atleta modukoak dira. Gero, baditut hegazti batzuk ehizarako direnak, eta horiekin Burgosera-eta joaten naiz. Gipuzkoan ezin dute ehizatu, ez dagoelako horretarako ehiza-barrutirik, hemen erreserbak bakarrik daude.

Non entrenatzen duzu, orduan?

Basozainek ezagutzen naute eta orduan hegaztiek hegan egin dezaketen leku jakin batzuetara joaten naiz. Esaterako, Berastegira joaten naiz, eta entrenamenduetarako garaia denean, egunero 50 kilometro inguru egin behar ditut. Leku zabala eta zelaia behar izaten da entrenatzeko.

Txapelketetan noiz hasi zinen?

Orain bost urte hasi nintzen. Sky Trial izena duen modalitate bat egiten dut nik. Usoa askatu egiten da modalitate horretan. Eta puntuak hainbat ariketek ematen dituzte, adibidez, hegaztiak ahal den altuera handiena lortzea, zure gainean zentratuta hegan egitea, eta gero nola jaisten den, hau da, gero eta perpendikularrago jaitsi orduan eta abiadura handiagoa hartzen du eta horrek ere puntuak ematen ditu. Beraz, belatza askatzen duzu eta hegan hasten da zure gainean. Kontuan izan behar da guztira zortzi minutu dituzula ariketarako. Gero epaileari esaten diozu usoa askatzeko, eta gero hegaztiari agintzen diozu jaisteko eta usoa harrapatzeko. 20 parte hartzaileetatik uso bat-edo harrapatzen da. Beraz, imajinatu zeinen zaila den harrapatzea. Usoak ez dira tontoak.

Otsailean irabazi zenuen Troreal torneoa. Nolakoa da?

Bi urtez behin egiten den nazioarteko txapelketa da. Espainian garrantzitsuena da. Hegazti onenak joaten dira, eta nik gehienak ezagutzen ditut. Espainiako 20 onenak, eta horietatik 10 modu librean joan ginen, ni azken hauetako bat. Segovian egon ginen bi egun torneo horretan parte hartzen. Ez zuten espero nik irabaztea. Txapeldunek eremu zabaleko lurretan entrenatzen dute, Gaztela-Mantxan, Gaztela eta Leonen, Valentzian... Dena lautadak eta lautadak dira. Eta hemen ez daukagu horrelako lurrik. Nik hegazti asko izan ditut torneotarako, baina eramaten nituenean «lur marroietara», Gaztelako-eta lautadetara, hegaztiek beste gauza batzuk ikusten zituzten eta desorientatu egiten ziren. Berastegin mendiak eta berdeak dira, baina gero han behera joaten dira eta ez dute egiten behar bezala. Torneoa irabazi dudan hegazti honek bai, honek egiten du. Gainera, torneoetan, jende asko dagoenean, harrotu egiten da.

Nire lehenengo aldia zen torneo horretara joaten nintzela parte hartzera, eta ilusio handia egin zidan irabazteak. Beste zenbait torneotan parte hartu izan dut, maila autonomikoetakoak. Askotan denboraz kanpo ibili izan da hegaztia, altura asko hartzen duelako. Beste txapelketa batzuk ere irabazi ditut, adibidez Aragoikoa. Hemen, Gipuzkoan-eta ez dira txapelketak egiten. Besteak beste, ez zen inor etorriko hona parte hartzera, mendi artean-eta ez zutelako hegaztirik askatuko.

Nola entrenatzen dituzu hegaztiak ariketa horiek zuk nahi bezala egiteko?

Errekonpentsarekin. Adibidez, ikusten duzunean hegaztia metro gehiago igotzen dela, usoak askatzen dituzu. Halere, entrenamendua ez da ahal duen uso gehienak harrapatzea. Nire usoak mezulariak dira. Nik nahi izaten dut uso horiek hegan ateratzen direnean, gero etxera itzultzea. Hegaztiak usoa ikusi nahi izaten du, eta bere atzetik joan. Saiakera bat izaten du. Gero, badaki, ez badu usoa harrapatzen ere, nik jaten emango diodala. Bestalde, ikusten badut hegaztiak gogo pixka bat galdu duela, usoa harrapatzen uzten diot.

Eguraldi jakin bat beharko da entrenamenduak egiteko, ezta?

Hori da nire desesperazioa. Lainoa baldin badago, hegaztiek ez dute joan nahi izaten gora. Torneoaren egunean, 180 metro ingurura lainoa zegoen. Lainoan sartzen den hegaztia desorientatu egiten da, eta hemen askatuta azaldu daiteke Gasteizen edo Burgosen. Hegaztia galdu dezakezu. Ba, torneoaren egunean, nire hegaztia ia 400 metrotara iritsi zen eta gero gainera usoa harrapatu zuen. Sekulakoa izan zen hori. Gainera, aurten bereziki maila handia izan da. Hegazti batzuek lortu zuten lainoa zeharkatzea, baina gehienek ez.

Falkoneria asko aldatu dela aipatu duzu lehen. Zertan, bereziki?

GPSarekin asko aldatu da. Ikusi dezaket ze altura hartu duen hegaztiak, bere abiadura, ni eta hegaztiaren arteko distantzia, igotzen denean duen abiadura, hor goian egiten duen tenperatura... Horren aurretik, hegaztiak alde egiten bazuen, agian bi egun egon behar izaten nuen bere atzetik.

Lan handia suposatzen du afizio honek?

Bai, azkenean egunero zaude kontu bati edo besteari adi, eta ordu asko sartuz. Gainera, entrenamenduak bukatzen direnean, hazkuntza hasten da. Eta jaio ondoren, bi hilabetera hegan ondo egin behar dute. Txapelketetan parte hartzeko derrigorrez gatibutasunean hazi behar dituzu.



Eta nolakoa izaten da hazkuntza?

Hegaztiaren lehenengo hilabeteak bere bizitza osoa markatuko du. Nola hazi den, non, zer ikusi duen... Lehenengo hilabetean bizitzen duena bizitza guztirako grabatuta geratzen zaio. Xehetasun asko dira. Bestalde, libre jaio den hegazti bat ezin duzu txapelketetarako erabili. Ehizatzeko bai, baina txapelketetan ez da, adibidez, nik nahi dudan altuera handi horietara igoko. Landan hazi direnak ez dira altuera handietara igotzen, berez ez duelako zentzurik 500 metrotara igotzeak gero ehizatzeko.

Bestalde, gu izan gara aurrenak intseminazio artifizialez hazten ditugunak hemen, eta bakarrak Gipuzkoan egiten dugunak. Txapelketarako prestatzeko egiten dugu hori, eta bestela saldu edo oparitu egiten ditugu. Maddi emaztea eta biok aritzen gara horretan, eta berari eskerrak egin ahal dut, bestela bakarrik ezingo nuke.

Eta asko balioesten dira hegaztiak?

Ez da txakurren munduan bezala, txapeldun geratu den txakur bat asko balioesten dela. Orain txapeldun geratu den hegaztiak beste batek bezala balio du. Oraindik hegan hasi ez diren txitak gehiago ordaintzen dira, imprinting deritzona egin dezakezulako.

Zer da imprinting-a?

Hori hegaztiarekin hasieratik egiten den gauza bat da. Lotura bat egiten duzu txita denetik, eta uste du bere aita edota ama zarela. Memoria izaten hasten dira hamabi-hamahiru egunekin. Hegaztiei arrautza kentzen diogu eta inkubagailu batean sartzen dugu. Gero, jaio ondoren, erabakitzen dugu hamabi egunekin beraien gurasoena eraman edo guk jarraitu jaten ematen. Nik, adibidez, ehizarako erabili behar badut hegaztia, nahiago dut bere gurasoekin heztea.

Nola komunikatzen zara hegaztiekin?

Ezagutu egiten zaituzte. Adibidez, zure ahotsaren bitartez. Badaukat eme bat araldian dagoena, eta Maddi du bere bikote moduan. Zergatik? Lehenengo 25 egunetan berak eman ziolako jaten. Orain nik beste hiru urte daramatzat jana ematen berari, baina Maddi ikusten duenean aztoratu egiten da. Hori da imprinting-aren adibide bat.

Hegazti hauek, nolabait esateko, ez dute pentsatzen. Bere ahalmena dute, gauzak ikasten dituztelako, baina, adibidez beleak kapazak dira bolatxoa eta hiru basoen jokoan aritzeko, eta bolatxoa non dagoen asmatzeko. Belatzak, ez. Beraiekin keinuen bitartez komunikatzen gara.

Zenbat urte bizi dira hegazti horiek?

Hogei urte inguru. Basatia bada ez da iritsiko hamar urtetara, bere bizitza eromena delako. Hogeita lau ordu alertan, sustoak dituzte, arriskuak toki guztietatik... Adibidez, hontz handia belatz handi guztiak akabatzen ari da. Gauetan habiak garbitzen dituzte, gurasoak, txitak... dena. Gaztela eta Leonen, Gaztela-Mantxan... habia denak txikituta daude. Hemengoa izango da habia gehien dauden ingurua. Gipuzkoan 50 habia inguru izango dira. Eta ez dadila hontz handia etorri, bestela... Hontz handia eta arrano beltza dira belatz handiaren arerio nagusienak.

Zein hegazti mota dituzu?

Bakarrik belatz handiak. Bestelakoak izan ditut, baina belatz handia da gustatzen zaidana.

Txapelketa gehiagotan parte hartzeko asmorik baduzu?

Ez hainbeste. Hemendik pare bat urtera berriro Trorealen parte hartu ahalko dut, aurtengoa irabazi ondoren.

Hegazti berdinarekin?

Ez dakit. Orain bere kume bat jaio da, eta agian horrekin.

Belatz handiak dira hegazti azkarrenak, ezta?

Baina ez hegan egiten, baizik goitik behera datorrenean. Horretan bigarren azkarrena arrano beltza da.

Zer zainketa mota behar izaten ditu belatz handiak?

Hegaztiak egunero pisatzen dira, eta egunero eman behar zaio janari kopuru berdina. Behar baino lodiago badago, gramo gutxigatik bada ere, ezin zara joan ehizatzera hegazti horrekin. Goserik ez badu, alde egin dezake.

Bestalde, urtero aldatzen dute bere lumadia hazkuntzan dagoenean. Eta ez gara hazten hegan egiten luma guztiak aldatu arte, eta denak ezin hobeto egon behar dute. Luma bat puskatzen bada, ez dut lo egiten bi egunetan. Gordeta dauzkat 300 luma baino gehiago, leku guztietakoak. Luma bat apurtzen denean, beste bat jartzen diot jostorratzarekin, hagaxka bat erabiliz. Luma bakoitza nongoa den dakit. Estetika zaindu behar da, baina eragin dezake ere hegan egiterakoan, eta horretan garrantzia du luma motak. Ikasten duzu jendeari ikusten, internet bitartez eta probatuz. Niretzat zailena izan da intseminazioarena, hiru urte behar izan nuen ikasteko. Txapelketarako prestatzea baino zailagoa da.

Eta txapelketari begira noiz hasten zarete?

Iraila-urrian hasten gara. Lehenengo txapelketa urriaren 12an izan ohi da, eta gero otsaila bitarte luzatzen da. Martxoan hazkuntzarekin hasten gara.

Hemen ez zarete asko falkonerian aritzen zaretenak.

Espainian asko daude, baina hemen gutxi. Ez dago falkoneriaren tradizio eta kulturarik. Orografia eta landaredia ere ezberdina da.

Falkoneriarena mundu oso espezializatua dela esan daiteke, ezta?

Bai, xehetasun asko kontuan izan behar dira. Gero, beti izan da zerbait gordeka ibiltzekoa. Baina, gaur egun, ez naiz hainbeste gordeka ibiltzen. Ibai baten ondoan banago, pentsatzen dute belatzak ahateak harrapatuko dituela. Eta jendeak Ertzaintzara deitu izan du. Batzuetan, gazteago nintzenean, jarraika etortzen zitzaidan jendea, ea zertan ariko nintzen ikustera. Ez dut ezer txarrik egiten. Ematen du beti bekatuan ari garela-edo. Belatza jaisten den bakoitzean jendeak pentsatzen du usoa harrapatuko duela. Horixe gustatuko litzaidake niri. 100 usotik agian bost hartzen ditu. Orain pixka bat aldatzen ari da. Berastegin, adibidez, gustura aritzen naiz, lasai nabil, eta jendeak ere ezagutzen nau dagoeneko.

Zer ematen dizu zuri falkoneriak?

Egia esan, ez dakit oso ondo. Askotan pentsatu izan dut zergatik gustatu zaidan hau, eta ez futbola edo xakean jokatzea. Azkenean 24 ordu dira. Entrenatzea, hazkuntza garaia, azken hau gainera odolean daramadana da... Hori bai, belatz handiak hegan nola egiten duen ikustea, 300 metro goitik behera nola egiten duen, ze soinu ateratzen duen, hori sekulakoa da. Hurrengo egunaren zain zaude berriro berdina ikusteko. Eta horrek lehenengo egunetik oilo ipurdia jartzen dizu ala ez. Hori bai, asko eskatzen dizun afizioa da, dedikazio handia da. Eta nik gaur egun ezingo nituzke hazkuntzako lanak egin, ez bada Maddi emaztearengatik. Ez nituzke hegaztiak haziko, eta ez nuke txapelketarik irabaziko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!