Erretratugile nomadak

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko api. 20a, 10:00

Eli Garmendia tolosarrak 'Nomad Studio' proiektua sortu du, Carlos Pericas argazkilariarekin batera

Bartzelonan bizitzen 15 urte pasatu eta gero, hiriko bizi erritmoaz ihes egiteko nahiak sortu du Nomad Studio proiektua. Garai bateko erretratugileen lanera bueltatzeko nahia da, batetik, baina garai berrien zaporea ere badu, bestetik. Autokarabana bat gerizpe dutela, urte eta erdian Europa zeharkatuko dute Eli Garmendia argazkilari tolosarrak eta Carlos Pericas argazkilariak.

Bartzelonako etxetik enarak ikusten zituztela-eta, bizimodu aldaketa hegaztien bidetik egitea erabaki zuten, eta beren ibilbidea baldintza meteorologikoetara moldatuko dute argazkilariek: «Udan Europa iparraldean ibiliko gara eta, udazkena iristen den heinean, hegoalderantz bidaiatuko dugu, Marokora, Andaluziara edo Portugalera», azaldu du Garmendiak.

Bidaian barrena, argazkiak aterako dituzte, estudio nomada batekin: autokarabanarekin. «Karabanaren egitura baliatuz, bi oihal beltz, oihal gris bat eta toldoa erabiliko ditugu jendeari argazkiak ateratzeko», dio Pericasek.

Horretan aritu ziren joan den igandean, Box.a-n, eta beharbada bigarren hitzordu bat egingo dute, maiatza amaieran. Jendeak 5 euro ordaintzen ditu, eta argazki fisiko txiki bat nahiz argazki digitala jasotzen ditu trukean. Beren helburua, besteak beste, garai bateko argazkilari ibiltariaren kutsua berreskuratzea da, eta baita smartphonen joera txarrenei buelta ematea ere: «Selfie eta bestelakoen garaian, izugarri demokratizatu da argazkilaritza, eta badirudi galdu egin dela kalitatezko argazkilaritzaren balioa», dio Eli Garmendiak.

Estudio ibiltariarena, gainera, jendea ezagutzeko aitzakiarik onena izango dute beren ibilbidean, horixe baitute jomuga: pertsonak eta natura uztartzea. Horretarako, Who lives there izeneko proiektua abiarazi dute, eta bidaian zehar hainbat pertsona erretratatu eta elkarrizketatuko dituzte. Ondoren, inguru natural horretako argazkiak egingo dituzte, eta diptiko batzuk sortu, pertsona, bizitza eta inguru naturala bateratzeko.

Bidaiari ikuspegi «akaso erromantikoegi» batetik begiratu nahi diote: «Baina ikusiko dugu, gero, errealitateak zer dioskun». Lasaitasuna eta presarik gabe ibiltzea izango dute lehentasun, argazkiak egitearekin batera, eta planik gabe aritzea da beren plana.

Bi proiektu nagusi horiekin batera, ohiko estudio bateko lanak enkargu bidezko argazkiak, webguneak, diseinuak,.. ere egingo dituzte karabanatik eta, horrez gain, zinema edo publizitate ekoizpenetarako karabana alokatzea ere buruan darabilte.

Nomad Studio proiektuak eta haren bideak ematen duena jarrai daiteke Facebooken (Nomad Studio), Instagramen (@nomad_studio_art) eta www.nomadstudio.art atarian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!