«Esperientzia ona eta txarra da, aldi berean; hau ez da ahazten»

Iñigo Terradillos 2018ko api. 19a, 12:26

600 errefuxiaturentzat otorduak prestatzen aritu dira, egunotan, Marta Garcia eta Aitzol Aiestaran tolosarrak; Zaporeak proiektuan beren alea jarri nahian bertaratu dira Atenasera (Grezia).

Zaporeak proiektua 2011n sortu zen. Hasieratik, beren elkartasun proiektua sukaldearen bitartez garatu nahi izan zuten eta, horrela, 2014an, sukalde eskola proiektua martxan jarri zuten, Etiopian. Gerora, Greziako Txios irlako errefuxiatuei otorduak emateari ekin zioten, gastronomia eta elkartasuna batuz, eta horretan dihardute. Marta Garcia (1990) eta Aitzol Aiestaran (1987) tolosarrak Atenasen aritu dira, Zaporeak proiektuaren sukaldean lanean.

Nolatan eman duzu Greziara joateko pauso hori?

Marta Garcia. Lagun batzuk iaz pentsatu genuen, Zaporeak-ekin udan Greziara etortzea. Ordea, datak zirela-eta, ezin izan genuen, eta orain denbora tarte bat baliatu dut horretarako.

Aitzol Aiestaran. Lagun baten bitartez ezagutu nuen Zaporeak proiektua, eta interesgarria iruditu zitzaidan. Urtarrilean joateko deitu zidaten, baina ezin izan nuen astebete hartu, eta Aste Santuko oporraldia baliatu dut.

Laguntza behar da, benetan, ezta?

M. G. Bai. Laguntzaileok etorri eta joan egiten gara, baina hemen beti behar da jendea.

A. A. Zaporeak-ek oso ondo antolatuta dauka dena, baina beti dago egiteko zerbait. Hiru asterako etorrita ere, ez dakizu ondo zenbaterainoko lana dagoen, baina sekula ez da gaizki etortzen jende gehiagoren laguntza.

Zehazki, zein da Zaporeak-en egitekoa Atenasen?

M. G. Zaporeak Victoria izeneko gizarte zentro batean dago, gobernuz kanpoko beste erakunde batzuekin batera. Zaporeak-ek, egunero, bazkaria prestatzen du, sukalde inprobisatu batean, eta hona bertaratzen diren errefuxiatuei banatzen die.

A.A. Egunero 10:00etatik 15:00ak aldera aritzen gara lanean. Bazkaria prestatzen sei pertsona inguru aritzen gara eta, banaketa garaian, SOS Refugiados-eko boluntarioak etortzen dira laguntzera. Egunero 600-700.

Bi tolosar aritu zarete egunotan, baina, gainerakoak, nongotarrak dira?

M. G. Denetik dago, errefuxiatuetako zenbait ere lanean aritzen baitira. Baina, gurekin batera, donostiarrak, bizkaitarrak, sevillarrak, siriarrak eta kurduak ari dira.

Hango egoeraz jabetzeko nahikoa tarte izan al duzue?

M. G. Atenas gogor jo zuen krisiak, eta utzitako etxe asko daude. Errefuxiatu askok etxe horiek okupatu egin dituzte, beren auzoak sortuz. Polizia, bere aldetik, errefuxiatuak eremu horietan mantentzen saiatzen da, nahiz eta entzun dugun, lekuz aldatu nahi dituztela. Horretarako, ordea, tokia behar da kanpalekuetan. Aurrekoan kanpamendu bat ikustera joan ginen eta, egia esan, beste gune batzuen aldean, nahiko ondo dago: familia bakoitzak bere barrakoia dauka, eta ur beroa eta berogailua dituzte.

Atenasen, gutxi gorabehera, zenbat errefuxiatu bizi dira?

M. G. Erregistratutako 40.000 errefuxiatu bizi dira, gaur egun, Atenasen. Baina, noski, erregistratu gabeko asko daude. Askok ez dute beren bizitzaz ezer kontatu nahi izaten, konfiantza pixka bat izan arte, baina, jakin ahal izan dugun apur horren arabera, siriarrak eta kurduak dira gehienak. Beren sorterrietatik alde egiten dute, eta helburu bakarra dute: pasaportea lortu eta Europan sartzen saiatzea, lan bila. Lehengoan batek esan zigun, hori lortutakoan, bere paper guztiak puskatuko zituela, inork bere jatorria ez ezagutzeko, eta zerotik hasteko.

Zuen kasuan, profil zehatz bat behar da bertan laguntzeko?

M. G. Ez. Webgunearen bitartez harremanetan jarri behar da eurekin, eta ez da besterik behar, datuak eta lanerako gogoa baino ez. Sukaldean oso giro polita sortzen da, eta gozatu egiten da, baina lanera etortzen gara, ez oporretara.

Aurretik elkartasun proiekturen batean parte hartu izan duzue?

A.A. Nire bidaiaren batean, nire kabuz, aritu izan naiz elkartasun lanetan; Kenyan,ospitale batean aritu nintzen, eta Tailandian irakasle lanetan. Baina, modu ofizialean, lehen aldia izan da Greziakoa.

Eta, zer moduzko esperientzia izaten ari da?

A.A. Erritmoa oso bizia da, eta egunero ezagutzen duzu pertsona edo testigantza berriren bat. Askotan, ohera sartu eta pentsatzen dut, guk alde egingo dugula, baina beraiek hemen geratuko direla. Beraz, esperientziak alde onak ditu, baina baita txarrak ere, samina sentitzen duzulako; gu 20 urteko gazteekin gabiltza, eta ez dakite zein etorkizun datorkien.

Nola animatuko zenuke lagundu nahi duen pertsona bat?

A.A. Ni ez naiz nor, inori zer egin behar duen esateko, baina esperientzia bat gehiago da, eta benetan ikustekoa da hemengo bizimodua. Errefuxiatuen auziarekin barruan zerbait sentitzen duen edonor animatuko nuke. Hau ez da ahazten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!